NAIZ

Elebitasunarekin bueltaka: narriadura kognitiboaren aurkako babesa al dakar?

BCBL Donostiako zentroa ikerketa bat gidatzen ari da hainbat hizkuntza jakiteak garunaren funtzio betearazleak hobetzen dituen eta adinak edo neurodegenerazio gaixotasunek eragindako narriaduratik babesteko balio dezakeen frogatzeko. 60 eta 80 urte bitarteko boluntarioak behar ditu.

Garuneko funtzio betearazleak, hala nola erabakiak hartzea, lan memoria edo plangintza, ezinbestekoak dira eguneroko oinarrizko zereginak egiteko; baina, denboraren poderioz okerrera egiten dute nabarmen.
Garuneko funtzio betearazleak, hala nola erabakiak hartzea, lan memoria edo plangintza, ezinbestekoak dira eguneroko oinarrizko zereginak egiteko; baina, denboraren poderioz okerrera egiten dute nabarmen. (GETTY IMAGES)

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) Donostiako ikerketa zentroa azterlan baten buru da, elebitasuna garunarentzako abantaila al den eta zahartzeak edo neurodegenerazio gaixotasunek ekarritako eragin negatiboen aurrean babes gisa balio dezakeen egiaztatzeko.

Garuneko funtzio betearazleak, hala nola erabakiak hartzea, lan memoria edo plangintza, ezinbestekoak dira eguneroko oinarrizko zereginak egiteko; baina, denboraren poderioz okerrera egiten dute nabarmen. Zer esanik ez neurodegenerazio gaixotasunen bat duten pertsonengan. Horregatik, gaitasun kognitiboen narriadura murriztu dezaketen eragileak identifikatzea funtsezkoa da ezagutza zientifikorako eta pertsonen bizi kalitatea hobetzeko.

Ikerketaren berritasun nagusia da, elebitasunari buruzko aurretiko beste ikerketa batzuekin alderatuta, aldagai anitzen azterketan oinarritzen den ikuspegitik abiatzen dela. Hau da, parte-hartzaileek zailtasun maila anitzeko ariketei egin beharko diete aurre eta soinu zein ikusmen iturrietatik jasoko dituzte estimuluak.

Partaideek maila akademiko ezberdinak eta askotariko lanbideak izango dituzte. Xedea da funtzio kognitiboak aldatu ditzaketen faktore guztiak aintzat hartzea, emaitza sendoagoak lortzeko.

Orain arteko azterlanen kontraesanak argitu nahian

«Azken urteetan elebitasunari buruzko azterlanek azaldu dute bi joera daudela, itxuraz kontraesankorrak. Batetik, 2005 eta 2015 artean egindako ikerketek ondorioztatu zuten hizkuntza bat baino gehiago jakiteak abantaila kognitiboak zekartzala. Geroagoko ikerketa batzuek, ordea, adierazi dute ez dagoela desberdintasunik garun elebidun eta garun elebakarren artean. Gure hipotesia da kontraesan horiek zenbait aldagai kontuan hartu ez izanaren ondorio direla. Gure asmoa da ikerketak egoera argitzea probetan ariketen zailtasuna, estimulu mota eta partaideen heziketa bezalako aldagaiak sartuz», zehaztu du Jesus Cespon ikerketaren arduradunak.

Adituaren arabera, ikerketa batzuetan elebakarren eta elebidunen artean desberdintasunik ez aurkitu izana hainbat faktoreren ondorio izan daiteke: partaideek egindako ariketa kognitiboak oso errazak izatea edo haien kultura maila oso altua izatea. Hezkuntza baliabide horrek nolabaiteko konpentsazioa sortu dezake kognizio-narriaduraren aurrean.

Adibide batekin azaldu du: «Futbolari batek pertsona sedentario batek baino baldintza fisiko hobeak ditu, baina bere egoera fisikoak ez du saskibaloian jokatzen duen pertsona batena baino hobea izan behar. Proba fisiko bat egingo balute, segur aski arazorik gabe egingo lukete biek. Horrek ez du esan nahi futbolean jokatzeak ez duela onurarik organismoan, futbola ez dela sasoian egoteko era bakarra baizik. Era berean, maila akademiko altuko pertsona elebakarrak alderatzen baditugu ikasketa gutxiagoko pertsona elebidunekin, baliteke ez aurkitzea desberdintasunik; baina horrek ez du esan nahi elebitasunak abantailarik ez dakarrenik, baizik eta egon badaudela beste entrenamendu batzuk garunarentzat onuragarriak direnak. Gure helburua da aldagai guztiak barne hartzea elebitasunak benetan abantaila kognitiborik dakarren determinatzeko».

Bulkada elektrikoen laguntzaz

BCBLko ikerketaren beste bereizgarri bat da garuneko aktibitate elektrikoa erregistratzeko teknika bat erabiliko duela elektroentzefalografiaren (EEG) bitartez. «Sistema horrek informazio askoz ere sentikorragoa ematen digu portaera azterketaren bidez lortzen duguna baino, garuneko aktibitate elektrikoaren zuzeneko neurketak baitira. EEGak aukera emango digu portaera neurrien azterketan hauteman ezin ditugun aldaketak edo desberdintasunak detektatzeko», arrazoitu du ikertzaileak.

Ikerketa gauzatzeko, BCBLko adituek 60 eta 80 urte arteko 160 boluntario bildu behar dituzte, elebakarrak gaztelanian eta elebidunak euskaran eta gaztelanian. Irizpide horiek betetzen dituzten eta parte hartu nahi duten pertsonak Donostiako zentroarekin harremanetan jar daitezke 943 30 93 00 telefonoaren bidez, participa@bcbl.eu emailaren bidez edo 664 424 461 zenbakira Whatsappa bidaliz.