NAIZ

Hiru nerabetik batek teknologiaren erabilera «problematikoa» egiten du, Unicefen esanetan

Unicefek argitaratu duen ‘Teknologiaren eragina nerabezaroan’ txostenaren arabera, hiru nerabetik batek teknologiaren «erabilera problematikoa» egiten du.

Nerabe batzuk mugikorrekin.
Nerabe batzuk mugikorrekin. (monkeybusinessimages | GETTY IMAGES)

Unicef Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) ostegun honetan argitaratu duen ‘Teknologiaren eragina nerabezaroan’ txostenak ohartarazi duenez, hiru nerabetik batek sare sozialen eta pantailen «erabilera problematikoa» egiten du. Era berean, espainiar Estatuko Unicefeko hezkuntza arduraduna den Nacho Guadixek adierazii du nerabeen %20k bideo-jokoekiko menpekotasuna dutela.

Izan ere, batez besteko nerabeak 10,96 urterekin jasotzen du bere lehen mugikorra. Konektibotasunari dagokionez, Guadixek azaldu du sarerako sarbidea «praktikoki unibertsala» dela, hau da, txosteneko parte-hartzaile ia guztiek aitortu dutela internetera konektatzen direla.

Ildo honetatik, Guadixek ohartarazi du hamar nerabetik seik mugikorrarekin egiten duela lo, eta nerabeen %20 gauerdia pasa ondoren konektatzen dela sarera, zeinak, Guadixen aburuz, «oso eragin handia» duen gazteen higiene eta atseden ohituretan.

Era berean, espainiar Estatuko Unicefeko Hezkuntza arduradunak esplikatu du nerabeentzat mugikorra emozioen iturri bat dela: «Nerabeek duten emozioen iturri indartsuenetako bat da. Bertatik eskuratzen dituzte poztasuna, lasaitasuna eta plazerra bezalako emozio positiboak».

Alabaina, Unicefen txostenak ohartarazi du hamar nerabetik lauk baieztatzen dutela «bakarrik ez sentitzeko» konektatzen direla. Gainera, argitalpenaren estimazioen arabera, nerabeen %33 eskola jazarpenaren biktima izan daiteke eta bostetik bat ziber jazarpenaren biktima.

Guadixek azpimarratu du teknologiarekiko esposizio «hain handi eta hain goiztiarrak» hainbat arriskuren aurrean kokatzen dituela gazteak. Esaterako, txostenak kalkulatu du hamar nerabetik batek heldu baten aldetik proposamen sexual bat jaso duela, eta nerabeen %20k baino gehiagok hitzordu bat izan duela online ezagutu duen norbaitekin.

Adikzioak eta osasun mentala

Aisialdiaren esparruan, bideo-jokoak dira nerabeek gehien kontsumitzen duten aisialdi mota, baina Guadixek zehaztu du alde handia dagoela genero ikuspuntutik. Izan ere, mutilen arteko intzidentzia handiagoa da. Galdeketan parte hartu dutenen erdiak bere adinarentzat egokiak ez diren bideo-jokoetara jolasten du, %4,4k 30 ordu baino gehiago jolasten ditu astean eta DBHko 70.000 ikaslek dirua jokatu dute noizbait.

Datu hauekin, Unicefek aurreikusi du nerabeen artean adikzio hasiberri bat edo etorkizunean ludopatia garatzeko aukera existitzen dela: «Ez dugu argi gure osasun publikoko sarea prest ote dagoen osasun mentalaren narriadura mota berri hauetarako».

Gainera, Roger Ballesca Bartzelonako Sagrat Cor de Martorell ospitaleko sikologoak ohartarazi du, besteak beste, teknologiak lotura duela antsietatearekin, depresioarekin eta elikadura jokabideko nahasmenduekin.

Hala ere, Kataluniako ikasleen Familien Elkarte Federatuko zuzendariak, Lidon Gasullek, jakinarazi du beraien seme-alaben teknologiaren erabilera kudeatzeko orduan, familia guztiek ez dutela jakintza maila berdina eta, hortaz, «oso konplexua» dela hori kudeatzea.