Jurgi Fernandez Ostoaga - Salto Training

Entrenamendu intentsitatea eta bolumena

Gaurkoan fisiologiari buruz hitz egingo dugu, bereziki jarduera ziklikoetara bideratuta. Kirol zikliko bat entrenatzerako garaian mugatzaile fisiologiko ezberdinak aurki ditzakegu: teknika, esperientzia maila kirolean, gaitasun aerobiko zein anaerobikoa, indar maila… Baina bi irizpidetan oinarritzen dira guztiak ere, esfortzu maila (jardueraren intentsitatea) eta jarduera egiten ematen dugun denbora kantitatea (jardueraren bolumena). Bi irizpide horiek dira kirolariak jarduera bat entrenatzeko erabili behar dituen aldagaiak.

Intentsitateari dagokionez, ulertzekoa da esfortzu maila altua exijitzen duen entrenamendua denbora gutxiz mantendu daitekeela, kirolariari energia eskakizun altua eskatzen diolako. Horri ‘entrenamendu anaerobikoa’ deitzen zaio, energia lortzeko gorputzak bide anaerobikoa behar duelako. Bestetik, esfortzu maila baxua exijitzen duen entrenamendua denbora luzez mantendu daiteke energia eskakizuna baxua delako eta entrenamendu ‘aerobikoa’ deritzogu. Bi hitzok kakotx tartean jartzen ditugu ez dagoelako entrenamendurik soilik bide bat edo bestea lantzen duena, beti baitago bien energia erabilera une oro, baten nagusitasuna handiagoa edo txikiagoa izanik. Azken hori ondo ulertu behar da entrenamenduen funtsa eta helburua ulertu ahal izateko.

Entrenamendu bolumenari dagokionez, jarduera bat mantendu daitekeen denbora kantitatea intentsitatearen menpe dago. Bolumen altua duten entrenamenduak orokorrean denbora luzez mantendu ahal izateko exijentzia maila baxua dute, energia kontsumo baxu batekin. Beraz, bi aldagai horien arteko harremanean dago entrenamenduaren funtsa, eta helburuaren arabera egokitu behar dira. Lehen tartean lan anaerobikoak garrantzi gehiago du, jarduera motzagoa denean intentsitatea altuagoa izan baitaiteke; amaieran, berriz, garrantzi hori aldatzen joaten da lan aerobikoarekin.