NAIZ

IV. Euskal Gaztaren Azoka ospatuko da asteburuan Idiazabalen

IV. Euskal Gaztaren Azoka egingo da asteburu honetan Idiazabalen, covid-19aren pandemiaren ondorioz bi urtez geldirik egon ondoren. Guztira, Euskal Herriko 24 artzainek hartuko dute parte eta aurtengo gaztagile omendua Goiburu Gaztak markaren sortzailea Juanita Irastorza izango da.

2019an Idiazabalen egindako Euskal Gaztaren Azoka.
2019an Idiazabalen egindako Euskal Gaztaren Azoka. (Gotzon Aranburu | FOKU)

Pandemia dela eta bi urtez egin gabe egon eta gero, Euskal Gaztaren Azoka bueltan izango da asteburu honetan Idiazabalen, txoko ezberdinetako gaztagileen topaleku izateko. Gazta Eguna 1998. urteaz geroztik ospatu izan da Idiazabalen.

Gazta protagonista nagusi duen azoka IV. edizioaren helburu nagusia, Euskal Herriko artzainek egindakoa dastatzeaz gain, lan horren atzean dagoen guztia babestu eta balioan jartzea da. Idiazabalgo Gazta Azoka, denboraldi berriko aurreneko azoka izaten da; denboraldiko gazta berriak kontsumitzaileari aurkeztu eta artzainekin solasteko abagune paregabea.

Euskal Herriko lurralde guztietako artzainak izango dira bertan, guztira 24. Mendi lerro ezberdinetan lanean diharduten artzainak dira, Euskal Herriko paisaiaren zaintzan paper garrantzitsua jokatzen dutenak.

Aurtengo edizioan, gainera, European Cheese Route Association elkarteko bazkide diren herrialdeetako sei gaztagile ordezkari izango dira bertan: Ripoll (Katalunia), Casar de Caceres (Caceres), Maó (Menorca), Serrada (Valladolid), Villaluenga del Rosario (Cadiz) eta Fundao (Portugal).

Aurtengo edizioan, gaztagile omendua Juanita Irastorza Idiazabalgo Etxeberri Goikoa baserrikoa izango da, Goiburu Gaztak markaren sortzaileetako bat, bere senarra zen Domingo Goibururekin batera.

«Artzain izan nahi dut»

Bertaratzen direnek, esperientzia ezberdinez gozatu ahal izango dute: gazta nola egin, artzainen bizia gertutik ezagutu, ardien ile mozketa gertutik ikusi... Tartean 'artzain izan nahi dut' esperientzia berezia eskura izango dute; honi esker, artzainaren bizitza ezagutu ahal izango dute Aritz Ganboaren eskutik.

Azoka berak, gainera, izugarrizko garrantzia du Idiazabalgo garapen ekonomikorako eta turistikorako, sektore hauen bultzatzaile handia izanik. Idiazabal herria, zerbaitegatik ezaguna bada, hein handi batean gaztagatik da.