J.S.

Lupulua garagardoa egiteko… baita sagardoa egiteko ere

Astigarragako Oialume Zar sagardotegian lupuluaren erabilera berreskuratzen hasi dira sagardo apardun berezia egiteko.

Astigarragako Oialume Zar sagardotegiko Ander Barrenetxea, lupuludun sagardo botilekin.
Astigarragako Oialume Zar sagardotegiko Ander Barrenetxea, lupuludun sagardo botilekin. (NAIZ)

Gauza jakina da garagardoaren osagaien artean lupuluak garrantzi handia duela, edari honen bereizgarri den garraztasun puntu hori emateko. Hain ezaguna ez dena da lupulu hori sagardoa egiteko ere erabiltzen dela. Eta inork gutxik zekiena da 50eko hamarkadan Hernanin lupuludun sagardoa egiten zela.

Azken bi urteotan gero eta gehiago dira lupuluarekin egindako sagardoa merkaturatzen hasi diren upategiak; horien artean dugu Ergobiako Oialume Zar sagardotegia. Ander Barrenetxea da bertako arduraduna eta, berak azaldu digunez, “Argia” aldizkarian jakin zuen 50eko hamarkadan Hernanin lupulua ekoizten zela, Urumea ibaiaren erriberan, eta Ergobia auzoan lehortzen zela.

«Landare hori Donostiako Kutz garagardotegira saltzen zen. Ekoizle eta fabrikaren arteko bitartekaria Hernaniko Orkolaga baserriko Antonino Pagola zen eta, Hernani sagardo lurraldea izanik, sagardoarekin nahastea bururatu zitzaion. Hala eta guztiz ere, kopuru txikietan egiten zuen, sekula ez merkaturatzeko», azaldu du Anderrek.

Historia hori ezagutu eta gutxira, Kursaaleko Sagardo Forum batean deskubritu zuen Anderrek lehen aldiz lupuludun sagardoa. «Galiziako upategi batek ekarri zuen eta atentzioa eman  zidan oso sagardo berezia zelako, oso freskagarria». Hainbeste gustatu zitzaionez, hurrengo urtean egiten hasteko erabakia hartu zuen.

Horretarako, Euskal Herrian lupulua bilatzen hasi zen eta, azkenean, Ipar Euskal Herrian aurkitu zuen. «Lagun baten bitartez, Bidarrain lupulua ekoizten zuen garagardotegi bat aurkitu nuen, Arkatza izenekoa, eta handik ekarri nuen lehenbiziko aldiz», kontatu du. Horregatik edari berri horri “Iparla” izena jarri zion, Bidarrai inguruan dagoen mendiaren izena delako eta, aldi berean, hitz-jokoa egiten duelako lupulu kopuru handia duen IPA (India Pale Ale) garagardo motaren izenarekin.

Lehenbiziko botilak iaz merkaturatu zituen eta bertako sagarrarekin eginak daude; Astigarraga eta Hernani aldeko sagarrekin, hain zuzen. Garagardo itxura badute ere, edalontzian zerbitzatzerakoan berehala ikusten da sagardoa dela, bai kolore bai usainagatik.

Aldaketa nabarmenena ahoan sartzean gertatzen da, sagardo apardunaren tankera berehala igartzen zaiolako; izan ere, botilan bigarren hartzidura izan duen sagardoa da. Eta, azkenik, lupuluak garraztasun puntu hori ematen dio. Azken ezaugarri hau da garagardoarekin antzekotasunik handiena eman diezaiokeena.

Kontuan hartzeko beste ezaugarri bat alkohol graduazioa da. «Botilan bigarren fermentazioa izan duenez, sagardo naturalak baino gradu bat edo gradu eta erdi gehiago du; hau da, 7° edo 7,5°». Beraz, kontuz ibili beharra dago, oso erraz edaten delako baina normala baino gradu gehiago duelako.

Lehendabiziko botila haiek oso harrera ona izan zuten eta gehienak «harrituta» geratu ziren edari freskagarri berriarekin. Hala ere, «klase guztietako iritziak» aurkitu zituen Anderrek. «Batzuen ustetan, lupulu  zapore gehiegi zuen, eta beste batzuentzat, ordea, gutxiegi».

Edari hau hartzeko momentuari buruz, Anderrek bere izaera freskagarria nabarmentzen du eta, horregatik, sagardoa otorduekin lotzen den arren, kasu honetan otorduen artean edateko aproposago ikusten du, «terraza batean lasai eserita, adibidez».

Hernani bertako lupulua

Bidarraiko lupuluarekin sagardoa produzitzen hasita zegoela, Ander Barrenetxeak beste aurkikuntza bat egin zuen. Izan ere, proiektu honekin hasi zenean ez zuen uste Hernanin Antonino Pagolaren garaiko lupulu landareen arrastorik geratuko zenik, baina azkenean aurkitu zituen. «Ni neu pasatzen nintzen bideetan, ordura arte ikusi ez nituen landareak topatu nituen. Nik uste dut Antoninok berak landatutakoen arrastoak izango zirela», azaldu digu.

Aurkikuntza horren ilusioarekin, eskuz bildu eta, lehortzen utzi ondoren, aurten beste botila batzuk ekoitzi ditu, %100 bertako osagaiz eginak: Hernaniko sagarra eta Hernaniko lupulua, botilan bertan argi geratzen denez. Eta nola ez, Antonino izenarekin merkaturatu ditu, sagardo lupuludunaren aitzindari izan zen hernaniarraren omenez. Lupuludun sagardoa dela zalantzarik izan ez dadin, botila hauek normalak baino lupulu gehiago dute.