Joseba Salbador Goikoetxea

«Sagar Krash», Petritegiren sagardo modernoa

Astigarragako Petritegi sagardotegiak “Sagar Krash” izeneko sagardo modernoa merkaturatu du. Bertako sagarrekin (%95) eta fruta zukuarekin egina dago, alkohol graduazio txikia dauka (4,5°) eta, txinparta nabarmena duenez, oso edari freskagarria da, eguneko edozein momentutan hartzeko.

Bi zaporetan eskaintzen dute –sagarra eta limoia– eta eguneko edozein momentutan hartzeko pentsatuta dago.
Bi zaporetan eskaintzen dute –sagarra eta limoia– eta eguneko edozein momentutan hartzeko pentsatuta dago. (NAIZ)

Petritegiko Ainara Otañoren hitzetan, Euskal Herrian sagardoaren kontsumoa oso lotuta egon da beti otorduekin. Baina zalantzarik ez dago beste momentu batzuetan ere kontsumitu daitekeela. «Horregatik, sagar ekoizleak izanda, pentsatzen dugu sagardo horiek ere ekoiztu ahal eta behar ditugula. Garai berriek zapore berriak behar dituzte», nabarmendu du.

Dibertsifikazioaren aldeko apustu horretan, beraz, “Sagar Krash” izeneko produktu berria aurkeztu dute, sagardo moderno edo «cider» gisa sailkatu daitekeena. Astigarragako dolarean egina dago eta edari honetarako ere Euskal Herrian landatutako sagarrak erabili dituzte, mikatz, gozo eta garratzen arteko hautaketa eginez.

Bi zaporetan eskaintzen dute –sagarra eta limoia– eta eguneko edozein momentutan hartzeko pentsatuta dago: aperitiboaren orduan, otorduetan, lana amaitutakoan edo afari-merienda garaian…

Publiko gazteago bati zuzenduta dago, alkohol gutxi duelako eta freskagarria delako. Gainera, glutenik ez dauka eta dieta beganorako egokia da. Formatu indibiduala du (33 zl.) eta momentuz Petritegi sagardotegiko dendan saltzen dute, baita online ere, eta supermerkatu batzuetan ere hasi dira saltzen.

Sagar mota bakarrekoak

Bertako sagarraren aldeko apustu horretan, Petritegik sagar mota bakarreko hiru sagardo berri ekoiztu ditu aurtengo uztan: Goikoetxe sagarrekin eginikoa, Txalaka sagarrarekin eta Urtebi Haundi sagarrekin.

Ainara Otañok azaldu duenez, «oso sagardo bereziak dira eta sagar mota bakoitzaren nortasuna agerian geratzen da botilan». Laster izango dira salgai Petritegiko online dendan eta delicatessen edo gourmet dendetan. Ekoizpen honekin, 2015ean hasitako proiektuaren lehenengo emaitzak dastatzeko aukera izango da.

Nabarmentzekoa da ere aurten, 700 sagarrondo landatuz, Petritegi sagardotegiak Otaño-Goikoetxea familiaren Santiagomendiko sagasti zaharra berritu duela, etorkizunera begira apustu sendoa eginez. Ekoizpen ekologikoan eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan dagoen sagasti honetan sagardogintzarako oso egokiak eta borobilak diren bi sagar mota landatu dituzte: Goikoetxe (gazi-garratz) eta Patzolua (geza-gozoa).

Dibertsifikazioaren aldeko apustu honek ez du alde batera uzten Petritegik betiko sagardoaren alde urteetan egindako lana. Izan ere, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarekin hiru sagardo ezberdin ekoizten jarraitzen du: betiko sagardoa, ekologikoa eta Premium-a.

Gipuzkoako eta Bizkaiko sagarrak erabiltzen dira Petritegi Euskal Sagardoa ekoizteko eta Eko-ren kasuan, soilik etxeko ekoizpen ekologikoko sagarrak erabiltzen dituzte. Premium sagardo berezia, berriz, hautatutako sagarrekin egiten duten ekoizpen mugatuko sagardoa da, urtean 15.000 botila soilik egiten baitira.