Joseba Salbador Goikoetxea

Sagardotegiak argia ikusten hasi dira

Bi urteko pandemiaren ostean, sagardotegiak hasi dira pixkanaka erritmoa hartzen eta, amaitu berri den txotx denboraldiaren balorazio positiboa egin ondoren, botilako salmentan dute jarrita orain itxaropena.

Arnaitz Lasarte, botilak prestatzen Hernaniko Larre-Gain sagardotegian.
Arnaitz Lasarte, botilak prestatzen Hernaniko Larre-Gain sagardotegian. (NAIZ)

Urte hasierarekin batera abian jarri zen txotx denboraldia zalantzaz beteta iritsi zen. Pandemiaren seigarren olatua bete-betean zen eta ezjakintasuna izugarria zen. Lau hilabete geroago, ordea, gauzak asko aldatu dira eta txotx denboraldia animazio handiarekin amaitu da. Azken bi asteotan, esaterako, musukorik ere ez da behar izan.

Sagardotegien egoera une honetan zein den hobeto ezagutzeko, Hernaniko Larre-Gaingo Arnaitz Lasarterengana jo dugu; sagardotegiko hirugarren belaunaldiko kidea da dagoeneko. Beraien kasuan, maiatzaren 1arekin eman diote amaiera txotx denboraldiari, hau da, pasa den igandean. Pozik agertu da denboraldiak izan duen emaitzarekin, nahiz eta pandemia aurreko mailara oraindik ez iritsi.

«Nik esaten dut lehengo urtea trantsizioko lehena izan zela, eta aurtengoa bigarrena. Pauso berri bat eman dugu aurrera, baina momentu honetan gauzak bere onera itzuli direla dirudien arren, ez dugu ahaztu behar urte hasieran nola geunden», gogorarazi du Arnaitz Lasartek.

Izan ere, txotx denboraldiaren hasieran, hau da, orain dela lau hilabete eskas, pandemiaren seigarren olatua bete-betean zen. «Orain ahaztu egiten zaigu, baina urtarrilean, denboraldi hasieran, langileak hartu behar zirenean, oraindik ere Gabon ondorengo olatuan sartuta ginen, eta zalantza asko genituen. Jendeak ere ez zuen ziurtasunik, etxe guztietan zegoelako positiboren bat, eta ezer antolatzeko ziurtasunik ez zegoen».

Denboraldiak aurrera egin ahala, ordea, gauzak bere onera etortzen hasi dira, baina ez pandemia aurreko mailara. «Egia da jendea animatzen joan dela, argi pixka bat ikusten hasi garela, baina nik uste dut oraindik ere falta dela beste puska bat», dio Larre-Gaingo nagusiak. Izan ere, normaltasunera hurbiltzen ari ginenean, Ukrainako gerra eta erregaien garestitzea etorri ziren, «eta ezegonkortasun horrek ez du batere lagundu».

Hori bai, normaltasunaren bidean lagundu duena musukoen amaiera izan da, nahiz eta neurri hori txotx denboraldiaren azken hondarretan ailegatu. «Erabakia apirilaren 19an hartu zen eta guk hurrengo bi asteburuetan nabaritu dugu sagardotegian. Beste mugimendu bat nabaritu da, beste animazio bat, batez ere kupeltegian. Denboraldi osoan, nahiz eta sagardotegia beteta egon, kupeltegia ez zen betetzen, jendea jada ohituta zegoelako sagardoa hartu eta mahaian esertzera. Baina musukoak kendu ondoren nabaritu dugu kupeltegian jendeak denbora gehiago pasatzen duela. Agian ez da arrazoi bakarra izango, baina eragina izan duela esango nuke», azaldu du Arnaitz Lasartek.

Geratzeko etorri diren aldaketak

Modu batera edo bestera, pandemiak hainbat aldaketa ekarri ditu eta, dirudienez, geratzeko etorri dira. Nagusiena, bakoitzak bere plateretik jatearena. Astigarragako Oialume Zar sagardotegiko Ander Barrenetxeak dioenez, «pandemiarekin utzi egin genion bakailaoa eta txuleta bandejan ateratzeari eta plater indibidualak jartzen hasi ginen. Eta orain ere, gehienek platera eskatzen jarraitzen dute, bandejan ekartzen duguna norberak bere platerean jartzeko».

Beste aldaketa bat, afarien gainbehera da. Larre-Gaingo Arnaitz Lasartek dioenez, «hor nabaritu dugu aldaketarik handiena. Lehen larunbat gauero betetzen zen sagardotegia, baina orain asko kostatzen da. Orain mundu guztiak eguerdian etorri nahi du, berdin da familiak diren, jende heldua edo parranda egin nahi duten kuadrillak. Egia da ohitura aldaketa hori pandemia baino lehen hasia zela, baina gertatutakoak indartu egin du».

Joera horri eutsi ez dioten bakarrak, Larre-Gaingoen iritziz, Ipar Euskal Herriko bezeroak dira. «Lehen ere ohitura handia zuten afaltzera etortzeko, baina aurtengo denboraldian inoiz baino gehiago etorri dira», dio Arnaitzek. Haiekin batera, Goizuetako jende asko izan dute aurten, «agian lehengo urtean ezin izan zutelako etorri, errepide berean kilometro batzuk aurrera eginda bizi arren, ezin zutelako Nafarroako Foru Komunitatetik atera».

Udari begira

Esan bezala, Larre-Gainek ateak itxi ditu maiatzaren 1ean eta orain botilako salmentan dute jarrita itxaropena. Orain arte, behintzat, ongi eutsi diote botilako salmentari. «Gure kasuan, ongi jarraitu dugu botilak saltzen. Konturatu gara gure merkatua nahiko dibertsifikatua dugula. Gure bezeroak ez dira tabernariak bakarrik, eta, ostalaritza itxita egon denean, ongi jarraitu dugu lanean bezero partikularrekin edo dendekin. Are gehiago, botila salmenta pixka bat igo dugula esan genezake».

Emaitza hori lortzeko, hori bai, partikularren salmenta indartzen saiatu dira, banaketa beraien kargu hartuz. «Pandemia hasi zenean saiakera bat egin genuen etxera eramaten, eta geroztik jendeak jarraitu du sagardoa zuzenean guri erosten». Ildo horretan, Arnaitzek oso garrantzitsutzat jotzen du harreman zuzen hori mantentzea, nahiz eta hori ere galtzen ari den. «Lehen jendea sagardoa probatzera etortzen zen eta gero, ekain aldera, urte guztirako kaxak eramaten zituen. Baina orain gehienek botila bakan batzuk hartzen dituzte, edo dendan erosten dituzte».

Eguraldi ona hasten denean, hori bai, nabarituko dute salmenten gorakada. «Gure etxean beti esaten dugu maiatzean eguraldi oneko aste bat behar dela salmentak igotzen hasteko. Barrez esaten dugu, baina gero hala izaten da. Jende askok dio edozein eguraldirekin edaten duela sagardoa, baina errealitateak erakusten du beroarekin gehiago edaten dela».

 

UNAI AGIRRE: AURREKO URTEETAK MAILARA EZ GARA IRITSI, BAINA POZIK EGOTEKO MODUAN GAUDE»

Sagardogileen elkarteek ere hainbat ohitura aldaketa nabaritu dituzte azken bi urteotan. Alde batetik, afaltzera gero eta jende gutxiago joaten dela, baina baita astean zehar sagardotegira joateko ohitura galtzen ari dela ere. «Jende gehiena, zalantzarik gabe, asteburuetan joaten da. Astean zehar ibiltzen da, baina asko ari da murrizten», dio Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaile den Unai Agirrek.

Horrekin batera, mahaian jan eta edateko ohitura zabaltzen ari dela nabarmentzen du. «Pitxerra jarri zenean, jendeak mahaian edateko ohitura hartu zuen eta orain, sagardotegi askotan, botila zerbitzatzen da mahaian. Horrek nolabaiteko aldaketa ekarri du sagardotegiko zerbitzuaren kontzeptuan». Izan ere, orain jangelak ez dira leporaino betetzen eta beste modu bateko zerbitzua eskaintzen da, pertsonalizatuagoa, sagardoari garrantzi handiagoa emanez. Horrela, Unai Agirrek dioenez, «txotxaz gain, aurten sarritan ikusi dugu sagardoa mahaira ateratzen. Horrek sagardoari buruzko azalpenak ematea ahalbidetzen du, eta jendeak hori eskertu egiten du». Pandemiak ekarri duen beste aldaketa, sagardotegiko denboraldia luzatzearena da. «Sagardotegi askok luzatu egin dute denboraldia eta terrazak jarri dituzte udan ere lanean jarraitzeko. Kontuan izan behar dugu uda sagardoa edateko oso garai ona dela, baina horrek kontzeptu aldaketa dakar, sagardotegiak beste modu batera lan egitera behartzen dituelako; menua ere ez da neguko berdina, eta abar».

Modu batera edo bestera, Unai Agirreren iritziz, sektorea ez da iritsi pandemia aurreko kopuruetara. «Sagardotegietan berriro jendea hasi da, baina beste modu batera egiten da lan, jende pilaketarik gabe. Horri gehitzen badiogu astean zehar jende gutxiago ibiltzen dela, dudarik gabe ez gara iritsi pandemia aurreko kopuruetara».

Hala ere, sagardogileak pozik daudela nabarmentzen du. «Pandemia aurreko urteetara iritsi gabe, baina jendea ibili da, eta azken bi urteetakoa ikusi eta gero, sagardogileak pozik daude, nahiz eta fakturazioa txikiagoa izan».