Maraca Diablo Mendaroko proiektua aurkeztuz hasi du, ordea, ‘Badok’ tartea Eskisabelek. Ina Iriondo dago proiektu honen atzetik, aurretik Uler 600 eta Munlet taldeetan aritutako musikaria. «Aurretik bakarka atera zituen beste lanak, baina oraingo honetan taldearekin lagunduta dator Iriondo. Sorpresa atsegina izan da ezbairik gabe», kontatu digu Eskisabelek. Disko homonimoa kaleratu berri dute orain eta hango abesti bat luzatu digu Badok atariko arduradunak, «benetan gertatutako istorio bati jarritako bertsoak» dituen abestia.
Zazkel taldea izan dugu hizketagai jarraian. Talde bizkaitarra pandemiaren biktima izan da hein batean, izan ere itxialdia bazetorrenean geratu zitzaien lehen kontzertua bertan behera, Assata taldearekin ematekoa zirena. Bi urtez jo gabe egon ostean, gogoeta egin eta komunikatu baten bitartez agur esan du taldeak. Etxahun Arregik ere aipatu zigun hori MusikHaria saioan, baina, orain, Turboretrobator proiektua jarri dute martxan hainbat taldekidek eta laster izango dugu haien berri gehiago. «Musika berezia egiten zuten, orduko eszenari buelta bat eman nahi zien gazte taldea elkartu eta pop erradikala etiketaren aitzindari izendatu zuten beren burua. Lehen unetik gozo sartu zait haien musika eta kuttuna izan dut, pena da agurtu beharra, baina hamar urteko bidea eginda doaz. Pentsa zenbat talde izan diren bide laburragoa egin dutenak!», nabarmendu du Eskisabelek.
Azken kantu bat ere ekarri digu Badok tartera kazetari lasartearrak, Matxarda taldearen ‘Sua uneari’. «Batzuk badoaz eta besteak badatoz. Aspaldi ez genuen hauen berri, baina Haizea, bateria-jotzailea, besteak beste, Jauko Barik taldean aritutakoa da. Baxua jotzen, berriz, Rober dago, Andoaingo R taldean ibilitakoa. Zarata dantza deitzen diote egiten duten estiloari eta sei kantuko EP bat grabatu dute Berako Atala estudioan, laster argia ikusiko duena», bukatu du Eskisabelek.
Hauek dira, beraz, aste honetarako hautatu dizkigun hiru abestiak:
– Maraca Diablo - Millia Lasturko
– Zazkel - Estatu kolpea
– Matxarda - Sua uneari