Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Mikel Urdangarin eta BOS, urteurreneko ezusteko opari biribila

Mikel Urdangarinek musikan bere 25. urteurrenaren baitan garatzen ari den proiekturik garrantzitsuena aurkeztu du Bilbao Orkestra Sinfoniakoarekin batera: bi ospakizun –BOSek aurten ehun urte betetzen ditu– batzen dituen diskoa eta kontzertuak. Bide batez, ‘zirkulu’ bat itxiko duen egitasmoa da.

Ezker eskuin, Lorea Bilbao diputatua; Iker Sánchez Silva zuzendaria; Mikel Urdangarain, Bingen Mendizabal konpositorea eta Ibon Aranbarri, BOSeko zuzendari nagusia.
Ezker eskuin, Lorea Bilbao diputatua; Iker Sánchez Silva zuzendaria; Mikel Urdangarain, Bingen Mendizabal konpositorea eta Ibon Aranbarri, BOSeko zuzendari nagusia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Mikel Urdangarinek ez zuen asmorik aurten betetzen duen urteurren biribil hau ospatzeko. Horrela aitortu izan du behin baino gehiagotan. Musikagintzan 25 urte betetzea, batez ere garai nahasi hauetan, ospatzeko modukoa da. Bizitzak ezusteak ematen dizkigu, eta batzuetan –behar baino gutxiagotan, tamalez– atseginak suertatzen dira. 25. urteurren honek opari berezi bat ekarri diolako Zornotzako kantariari eta, bide batez, hainbeste urteetan mantendu eta zabaldu dituen jarraitzaileei.

Euskalduna Jauregian aurkeztu da asteartean ‘100/25 BOS- Mikel Urdangarin’ egitasmoa. Bizkaiko diputazioaren babesa duen proiektua izanik –«Bizkaiak munduan dituen bi enbaxadore bikain» direla gogorarazi du Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak–, Bilboko Aste Nagusian ohorezko lekua gorde diote: abuztuaren 20an, Aste Nagusiko lehenengo larunbatean, Abandoibarran egingo baita estreinaldia, kontzertu batean.

Ondoren beste zuzeneko batzuk egingo dira. Baieztaturik daudenen artean, Getxoko Muxikebarrin.

Gasteizko gau haiek

Kontzertuetan aurkeztuko dena azken hamar hilabeteotan lantzen ari diren diskoa da, berezia hainbat gauzengatik. BOSentzat, Ibon Aranbarrik, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusiak aipatu duen legez, «mugarri garrantzitsuenetariko bat delako mendeurrenaren ospakizunetan». Gainera, orkestraren helburuarekin bat egiten du; hots, «musika klasikoko orkestra modernoa izatea, publiko desberdinetara iristeko gai dena».

Zornotzako kantariarentzat, zurrunbilo antzeko bat izaten ari da. «Ez nuen asmorik urteurrena ospatzeko, baina orkestrarekin lan egiteko gonbita jaso nuenean dena aldatu zen, agenda aldatu genuen eta hamar bat hilabete daramat lanean, disfrutatzen».

Ezohiko aukera honi zukua ateratzen ari zaio, burubelarri sartuta baita ‘25 Tour’ nazioarteko biran eta, era berean, proiektu ‘klasiko’ honetan: «Kantariok egiten ditugu kantuak ahal bada transmisioaren parte izan daitezen, nahi dugu transmititu lehenengo emozioak eta gero kanta bera. Nire ametsa da kanta batek iraun dezala, eta orkestrak bere gain hartzea kantutegi hau eta transmisio horretan ikaragarrizko bultzada da, horrek lagun dezala kanta zenbaitek haren bizitza luzeago izan dezaten».

Proiektu honekin, gainera, zirkulu bat ixten duela aitortu du Urdangarinek. Orain 25 urte Gasteizko gauetan egindako lagunak berriz bildu ditu: «Josu Zabalak elkartu gintuenetik, bere ‘istorio’ baterako, ordutik begira zenbat kilometro egin ditugun elkarrekin. Proiektu hau modu ederrena da egin dugunari begizta bat jartzeko», aitortu du.

Bat, funtsezkoena, Bingen Mendizabal konpositore arabarra. Zinemarako soinu banden egilea –Montxo Armendariz edo Bajo Ulloaren filmen soinu banden egilea, besteak beste– zornotzarraren kantutegia orkestrarako egokitu du. «Nire kantak beste leku batera eramango du orkestrazio horrek», Urdangarinen hitzetan.

Besteak lagunak ditu ere. Koldo Uriartek ekoizpena hartu du bere gain –kantu bat orkestatu du ere– eta Iker Sanchez Silvak orkestra zuzenduko du. «Orkestra zuzendariontzat, orain 100 ute egindako musika zuzentzea da lanik ohikoena, baina kreazio berri bat beti da erronka handia. Gasteizko giro horretan ezagutu ginenetik Mikelen musika eta ibilbidea nirekin egon da beti, bere musika nire motxilan egon da».

Aukeraketa

Ez dute diskoari xehetasun askorik eman nahi izan, jakin-mina piztu nahi dutelako zuzenekoetan, baina zerbait aurreratu dute: 15 kantez osatuko da, horien artean obertura bat eta kanta berri bat, oraindik letrarik gabekoa. Kirmen Uribe, Gasteizko gauetako beste kide bat, ari da lan horretan.

Beste guztiak kantutegi zaharretik hartutako 13 pieza dira. «Aukeraketa nik egin nuen, asko kostatu zitzaidan egitea, ehundik gora kanta direlako eta erotu egin naiz, egia esan. Batzuk oso argi nuen joan behar zirela, niri gustatu ez ala, eta batzuk sartu ditut apeta hutsagatik, pentsatuz orkestran, ez kanta horretan. Beti kontuan hartuz orkestra bat egongo dela, oso presente izan baitut orkestra kantak aukeratzerakoan. Bingenek barrura begiratzen du bere lana egiterakoan, eta oso fidela da horri. Oso lenguaia propioa du eta sakralizazio batekin, baina ahaztu gabe ospakizun batean gaudela. Nik emozioa ikusten dut oso presente kantu guztietan, eta hori da inportanteena».