Madagaskar, Babelgo uharte
Mendeetan, Arabia, Europa, Asia eta Afrikako marinel eta piraten eragina jaso du Madagaskarrek eta kulturen bidegurutze bihurtu da. Naturari behatuta, ez dago parekorik: bere flora eta faunaren %90 endemikoak dira. Erreserbetan, badietan edo uharteetan ibiltzea aparteko natura-ikuskizuna da.
Hiriburuak, Antananarivok, bertako nahaspila laburbiltzen du. Ilunabarrean bertako azoka koloretsuetan ibiliz, auto-ilaren artetik kale pikoetan gora eginez eta kutsu kolonial frantsesa duten eraikinen itzalean babesten den bitartean, bisitariak hiri bakarrean hamaika hiri dastatuko ditu: arrautza egosidun noddle-ak, olio-kauserak edota arroz pastelak eskaintzen dituzten kaleko postuak hiri-espazioa berenganatzeko lehian aritzen dira oilasko broxeten parrilekin edota ogi egin berria duten boulangeriekin.
Bertakoek hiriari esaten dioten moduan, Tana-n dena da neurrigabeko nahastea. Bereizgarri dituen taxiak, banilla koloreko bi zaldiko Citröenak eta Renault cuatro latasak, sigi-saga dabiltza hiriburuan asiar estiloko tuk-tuken eta ahuntz eta zebu taldeen artean. Vintage ukitua ematen diote erabateko koktel kultural honi.
Ez dago deus arruntik Afrikako uharte handienean eta urrundik dator: nahasketa eta fusio tokia da, bere kostaldeak mendeetan zehar jaso du marinel arabiar, frantses, portuges, indonesiar, txinatar eta afrikarren eragina, kultura talka ederrean, zeinak gaur egun ere itsasoak bustiriko Babelgo dorre bihurtzen duen. Madagaskarrek berezko du ezustea, bereziki, ez den horregatik.
Pirataren anima
Bidaiari zaildu bat ustekabean zerutik Madagaskarren eroriko balitz, egundoko nahastea izango luke eta ez luke asmatuko non legokeen, Perun, Indonesian, Portugaleko hiribildu zahar batean, Brasilgo barnealdeko hiri batean edota akaso Afrikako herrixka baten erdian. Madagaskarren ezer ez da fusiotik libratzen. Kultura, erlijio, tradizio, landatze teknika eta ezaugarri fisikoen nahasketa da –begi arrailduak eta janzkera asiarra duten pertsonekin batera, azal beltz eta afrikar aurpegierakoak–. Hori guztia da uharte bihurtutako bidegurutze honen bereizgarria. Eta halako tokian legenda apur bat falta ez daitekeenez, pirata arima duenuhartea da, noski. Bestelako pirata bat, gainera. XVII. mende amaieran gertatu zen.
Garai hartan, bukanero eta kortsarioak mundu erdiko itsasoetan zebiltzanean, logikan eta matematikan jantzia zen Proventzako pirata batek, Misson frantziarrak, gerraontzi baten gidaritza hartu zuen, bere agindupean 200 gizon zituela, eta Afrikako kostaldeetan nabigatu zuen bandera zuri baten pean eta “Jainkoa eta Askatasuna” lelopean. Misson kontrako korrontean zebilen pirata izan zen: ontzian alkohola edatea eta birao egitea debekatu zuen, eta beste ontzi bat atzematen zuenean, esklaboak askatzeaz gain, garaitu zituenei ez zien tratu txarrik ematen, ezta ontzia guztiz arpilatzen ere.
Esperantza Oneko lurmuturra igaro eta Indiako Ozeanoko uretan aurrera egitean, Missonek Madagaskar iparraldean hondar zuriko hondartzekin eta izugarrizko naturarekin topo egin zuen, ur gezako iturriekin eta lur emankorrekin. Bertako edertasunak hain liluratuta utzi zuen pirata, ezen ezinezko kolonia bat ezarri baitzuen han. Atzemandako ondasunak tripulazioaren artean zati berdinetan banatu zituen, arrazen artean desberdindu gabe, hizkuntza komun bat ezarri zuen, frantses, ingeles, portuges, holandes eta malgaxe nahasketa bat, eta koloniari Libertalia izena eman zion. Utopiak ez zuen luze iraun: handik gutxira uharteko jatorrizko biztanleak mendietatik jaitsi, etorri berriei eraso egin eta errepublika pirata suntsitu zuten.
Libertaliaren mitoak denboraren joanari eutsi dio, irrealtasun kutsu baten pean. Badago bere existentzian itsuki sinesten duenik, baita gerora “Robinson Crusoe” idatziko zuen Daniel Defoe gazte baten fantasiari egozten dionik ere. Gauza bakarra da eztabaidaezina, antzina-antzinako garaietatik Madagaskar kondairari loturiko uhartea izan dela.
Akamasoa, miraria
Hortaz, ez da harritzekoa Madagaskarreko hiriburuak gaur egun bere Misson kapitaina izatea, XXI. mendeko ameslari eta idealista bat. Argentinatik uhartera duela ia 50 urte iritsia, Pedro Opeka aitak, erdi apaiz katoliko erdi iraultzaileak duela hiru hamarkada Akamasoa mirarizko hiria fundatu zuen, hiriburuaren kanpoaldean zegoen hondakindegi baten gainean.
Hirurogeita hamar urte beteak dituen apaizak berak, urtero Bakearen Nobel saria jasotzeko kinieletan izaten denak, honela azaltzen du: «Haur batzuk arratoiekin eta beste piztia batzuekin batera zabor artean janari bila ikusi nituen eta zerbait egitea erabaki nuen. Sekretua lan kolektiboan eta hezkuntzan sinestea izan zen».
Dohaintzei eta bereziki bizilagunen lan gogorrari esker, gaur egun Akamasoa, galtzada-harrizko kaleak dituzten auzo multzo bat da, garbi-garbiak eta autogestio eredugarria dituztenak: milaka pertsona har-tzen ditu, etxe duin eta ondo pintatuak dituzte, estolderia eta segurtasun sistema propioa ditu, ospitalea du eta 14.000 haur eskolaratuta daude.
Bisitariak ongi etorriak dira: apaiza bera edota bere laguntzaileetakoren bat prest izaten da turistei auzoak erakusteko eta utopia garaitu duen hiri honen historia azaltzeko.
Hiri eremuetatik urrun ere Madagaskar goi mailakoa da. Izan ere, bere historia eta kultura desberdinak dira, baina ez dago bertako naturaren parekorik. Munduko laugarren uharte handienak hainbeste denbora darama gainerako kontinenteetatik isolatuta –duela 165 milioi urte bereizi zen lehenik Afrikatik eta duela 88 Indiako penintsulatik–, ezen bere ekosistemaren bilakaera bakana izan den.
Bere flora eta faunaren %90 inguru endemikoa da, eta bere natura parke, badia eta uharteetan ibiltzea natura ikuskizun berdingabea da. Barnean espirituak dituzten milaka urteko baobab-ak, pospolo baten neurriko kameleoiak, lemur espektralak, koralez inguratutako uharte bakartiak, oihan zeharkaezinak eta harri zorrotzeko basoak dira Madagaskarreko unibertso bakan honetarako atea. Arriskuan dagoena hau ere: erosioak eta baso mozketa indiskriminatuak mehatxupean dute biosferaren harribitxi hau.
Badia eta oihana
Iparraldeko Antsiranana edo Diego Suárez hiria da uharteko altxor natural nagusietako batzuk ezagutzeko kanpaleku egokia –distantzia luzeetarako barneko hegaldiak hartzea komeni da, errepideak oso egoera txarrean baitaude ohikoak diren zikloiengatik–. Hiria sakon ezagutzea ere merezi du: Rio de Janeiroren atzetik munduko badia handiena du; ur turkesak dituzten hondartza hurbilak, Ramena edo Sakalava esaterako; gau giro bizia eta itsas brisak zaharturiko eraikin kolonialak dituzten etorbideak.
Diego Suárezen –Diego Díaz eta Fernán Soares esploratzaileengandik datorkio izena– auto bat har dezakegu Anbarrezko Mendi Parkera hurbiltzeko. 40 bat kilometrora dago eta biodibertsitate izugarria du: oihan tropikala, ur jauzi eta aintzira galduak, kameleoiñimiñoak –bista zorroztuz gero, munduko espezie txikiena ikus daiteke hemen, apenas 3 zentimetroko luzera duena– eta uharteko animalia nagusia, lemurra.
Madagaskartarrek harreman konplexua dute beren ikur nazionalarekin. Etimologiak laguntzen du horren zergatia ulertzen. Animalia honen izena latinezko lemuresetik dator, “mamuak” esan nahi duena eta antzina gauez noraezean ibiltzen ziren kriminalen, lapurren eta piraten arima galduei esaten zieten horrela.
Madagaskarreko herri batzuentzat, lemur batzuk –30 gramotik 9 kilora arteko espezieak daude– zori txarraren sinbolo dira, ekidin beharreko mehatxua, eta beste etnia batzuentzat, aldiz, bedeinkaturiko animaliak dira, sakratuak.
Berez, sakratuarekiko, beste munduarekiko, espirituekiko eta heriotzarekiko lotura funtsezkoa da madagaskartarren kulturan, zeinak fady edo tabu kontaezinak dituen. Arbasoen jokamolde eta ohartarazpenak dira horiek. Arbaso horiek beste munduko bitartekari gisa jarraitzen dute lurrean, eta bizidunen bizitza zuzentzen dute.
Batzuetan are detaile txikiena ere. Horrela, Madagaskarreko hainbat herrirentzat fady-a da gorriz janztea, arrautza bat esku batetik bestera pasatzea, hilobi bat hatzarekin seinalatzea, kameleoi bat ukitzea edota ibai sakratu batean bainatzea.
Naturak ere jartzen du bere aletxoa naturaz gaindikoarekiko konexio horri laguntzeko. Herrialdeko hainbat txokotan tsingyak bisita daitezke, harrizko baso sorginduak, kareharrizko edo hareharrizko milaka tontorrek osatuak, eskultura eta tximinia naturalak zizelkatzen dituztenak.
Madagaskartarrek eren ingurunearekin duten lotura estuaren zergatia nolabait ulertzeko bi aukera eder ditugu: egunsentiko argiarekin etengabe aldatzen diren Irodoko tsingy gorrien paisaia majikoa; tsingy gorriak hareharri gorrixkan eratzen dira; horren beste adibidea Ankaranako Parke Nazionalean dugu, kareharrian zizelkatuta.
Madagaskar atseden eta erretirorako toki bikaina da, mugikorraren estaldura galtzeko eta bainu eder bat hartzeko lekua. Ur-kirolak egiteko edota baleak, izurdeak eta itsas dortokak ikusteko hondartza eta uharte ugari ditu, eta horri azken urteotan zaharberritze eta kontserbazio proiektuak gehitu zaizkio; esaterako, Miavana hotelarena; Madagaskar iparraldean dago, Nosy Ankao artxipelagoan, eta herrialdeko luxuzko turismoaren maila igotzea lortu du.
Gaua bertako txalet pribatu batean eman nahi duenak 2.600 eta 15.000 dolar artean ordaindu beharko du; igerilekua, sukaldea eta zerbitzu pertsonala ditu.
Berez, ostatuak berdin dio. Bai motxila bizkarrean dugula bai ilunabarrean uharte bakarti batean mojito bat dastatuz, begiak itxiz gero, honako galdera hau etorriko zaigu gogora: Madagaskar benetan existitzen da edo kondaira bat baino ez da?