NAIZ irratia

Beietz!, Julen, Xutik eta Amolategik agurtuko dute 'Beste Bat' saioaren denboraldia

Uda usaina dario ekainari eta horregatik denboraldiari agur esango dio´Beste Bat´ saioak. Beietz!, Julen Leturiondo, Xutik eta Maria Amolategi arituko dira saioak egiten, astelehenetik ostegunera, arratsaldeko 15:00etatik 16:00etara. Ohi bezala musikari bakoitzaren azukre koxkorrak ezagutuko ditugu.

Audio_placeholder

Beietz!, Julen, Xutik eta Amolategik agurtuko dute 'Beste Bat' saioaren denboraldia

Loading player...
Ekaineko Beste Bat saioko bandak
Ekaineko Beste Bat saioko bandak (Naiz irratia)

Ekaineko laukote honekin agurtuko dugu 'Beste Bat' saioen denboraldia. 40 musikari baino gehiago pasa dira hirugarren denboraldi honetan NAIZ irratiko mikrofonoetatik eta makina bat musika-erreferentzia eta pasadizo konpartitu dituzte 'Beste Bat' saioetako bazkalosteetan. Agurtzeko garaia heldu da baina, eta azken laukoteak hartuko du ardura hori: Julen Leturiondo eta Maria Amolategi musikariek eta Xutik eta Beietz! taldeek.

Beietz! taldeak osatuko ditu astelehenetako saioak. Beietz! 2018an Arbizun. Zazpikoteak ilusio handiz jaso du egokitu zaion erronka, Euskal Herriko toki guztiak zeltik-parrandaz betetzea. Bibolin, txirula eta trikitixak sortutako melodia zelta itsaskor eta biziek osatzen dute Beietz!-en bizkar hezurra. Baina arazorik ez dute rock, punk, ska edo folka gehitzeko. NAIZ irratitik ere bota diegu erronka, ekaineko astelehenetan 'Beste Bat' saioa egitea. 

Julen Leturiondok egingo ditu astearteetako ´Beste Bat´saioak. 20 urteko gazte eibartarra Kutxa Kultur Musika 2022rako hautatu dute, musikaren arloko egoitza artistikoen programarako. Pasa den apirilean kaleratu zuen bere lehen kantua: Ixilduak.

Xutik taldearenak izango dira asteazkenak. Miarritzeko taldeak ska, reggae eta rock doinuak jorratzen ditu, beste estilo batzuekin nahasirik. Zpeiz Mukaki elektrotxarangan aritutako musikariek sortu zuten Xutik taldea, estilo eta kultura aniztasuna ikur harturik. Musika estilo ezberdinak uztartzeaz gain hainbat hizkuntzetan aritzen dira, euskara nagusiki, baina baita frantsesez eta katalanez ere. Beraiena da Herrira mugimendurako sortutako kantu hau. 

Maria Amolategi bakarlariak emango dio asteari amaiera. Ostegunetan ezagutuko ditugu Amolategiren kantu kuttunak. Abeslaria eta telebista aurkezlea da beasaindarra. Sugan taldean eman zituen lehen urratsak, Espainiako telebista kate pribatu bateko talent show batean ere aritu zen lehian, eta EITBn ere ikusi dugu hainbat programetan. Ikus-entzunezkoan burubelarri ari bada ere, musika ez du alde batera utzi. Egun, Matilda izeneko musika proiektua konpartitzen du Victor Sanchezekin, Suganeko kide ohia hau ere. Berriki ikusi du argia San Pedro 44 kantuak.