NAIZ

Europako Batasunak covid ziurtagiria urtebete gehiago luzatzea adostu du

Europar Batasuneko erakundeak akordio politiko batera heldu dira covid ziurtagiri digitalari buruzko araudia beste urtebete luzatzeko. Horrela, blokeko herrialdeek hala erabakitzen badute, 2023ko ekainaren 30era arte erabili ahal izango da.

Smartphone bat covid pasaportearekin.
Smartphone bat covid pasaportearekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Europar Batasuneko erakundeek covid ziurtagiri digitalaren erabilera beste urtebete luzatzeko akordio bat itxi dute astelehen honetan. Horrela, blokeko herrialdeek erabakia berresten badute, 2023ko ekainaren 30era arte eskatuko dute osasun ziurtagiria.

Txertaketa pasaportea 2021eko ekainean jarri zuten martxan, Europako Batasunean bidaiak bultzatzeko eta pandemiak bereziki kaltetutako turismoaren sektorea suspertzeko, baina urtebete indarrean egon ondoren eta europar gehienek indartze dosia jaso eta gero, ia herrialde guztiek indargabetu dituzte osasun murrizketak.

Egun, Estatu frantsesa, Portugal eta Finlandia da Europako Batasunean bidaiariei covid ziurtagiria eskatzen jarraitzen duten Estatu bakarrak. Hori horrela, herrialde hauetara bidaiatzeko txertaketa pauta osoa beteta dutela, gaixotasuna pasatzeagatik antigorputzak dituztela edo, test negatibo baten bidez, koronabirusik ez dutela frogatu behar dute bidaiariek.

Hala ere, astelehen honetan adostutako akordioak ez du esan nahi bidaiatzeko murrizketak berrezarriko dituztenik eta ziurtagiria erakustea nahitaezkoa izango denik, baizik eta, beharrezkoa dela uste badute, osasun agintariek beste urtebetez eskatu ahalko dutela dokumentua.

«Tamalez koronabirusak presente jarraitzen du Europan eta, horregatik, herritarren zirkulazio askea bermatu nahi dugu, ziurtagiriaren aplikazioa luzatuz, EBn bidaiatzeko beharrezkoa bada», nabarmendu du PSOEko eurodiputatua den Juan Fernando Lopez Aguilarrek, zeina Europako Parlamentua ordezkatuz estatukideekin izandako negoziazioen buru izan den.

Ohar baten bidez, Lopez Aguilarrek azaldu du Europako Batzordeak luzapen honen ebaluazio bat egin beharko duela aurtengo abenduan, ziurtagiria erabiltzen jarraitzeko beharrari buruz, batez ere zirkulazio askatasunean eta oinarrizko eskubideetan duen eragina aztertu eta eztabaidatzeko.

Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroaren (ECDC) eta Osasun Segurtasuneko Batzordearen ekarpenak kontuan hartu ostean, ebaluazio txostenak ondorioztatzen badu egoera epidemiologikoak ez duela ziurtagiriaren erabilera exijitzen, Exekutibo komunitarioak lege-zirriborro bat aurkeztu beharko du ziurtagiria bertan behera uzteko.