MARKEL URRATE - SALTO TRAINING

Sedentarismoa eta postura desegokiak

Sedentarismoaz hitz egitean irudi ezberdinak etortzen zaizkigu gogora: etxetik lanera kotxean joatearena, lantokian eserita edo zutik eta denbora luzez postura berean egoten denarena, etxera itzultzean sofan telebista aurrean orduak pasatzen dituena... edo denak batera! Garbi dagoena da gizartea etengabe eraldatzen ari dela eta egungo baliabideek erraztasun ugari eskaintzen dizkigutela mugimenduari ihes egiteko (laneko joan-etorriak egiteko garraioak, metroetako eskailera automatikoak, etxeko garbiketarako erabiltzen diren robotak…). Hortaz, esan dezakegu pertsonok ez garela lehen bezainbeste mugitzen.

Inaktibitate izeneko pandemia honen aurrean, gorputzari mugimendu dosi bat eskaintzea ezer ez egitea baino hobea da. Horrek ez du esan nahi egunean 3 orduko entrenamenduak egin behar ditugunik, ezta gutxiagorik ere, baina buruko mina dugunean horren aurkako pilula hartzen dugun bezala, sedentarismoarekin antzerako zerbait egin beharko genuke. Denboraren eta erosotasunaren poderioz, gorputzeko artikulazio zein estrukturak ere ‘alferrak’ bihurtzen dira, eta horrek gure artrozinematikan eragina du, gorputza postura desegokietara eramanez eta horrek dakartzan ondorioak jasanez (bizkarreko zein artikulazioetako minak, analitika desegokiak, egunaren bukaeran sentitutako nekea, arazo psikologikoak…).

Gorputzeko artikulazioak elkarren artean kate baten antzera loturik dauden heinean, gaurko bizkarreko minak biharko sorbaldako min bihurtu daitezke. Gorputza mugitzeko egina dagoenez, erosotasunetik atera eta maiztasun handiagoko mugimenduaren dosia hartzeak hainbat esparrutan lagundu zaitzake. Beraz, udako oporraldia gainean dugunez, atera garajeko bizikleta, utzi etxeko igogailua alde batera eta gozatu gure inguruneaz paseo ederrak emanez. Animo!