Eswatiniko Lezken dantza
1968ra arte Swazilandia zuen izena, gaur egun, Eswatini. Afrikako estaturik txikienetakoa da eta mugakide ditu Hegoafrika ipar, hego eta mendebaldean, eta Mozambike ekialdean.
Lonely Planet-ek Eswatiniko postalari itxura polita eman nahi badio ere ("Gauza handiak pakete txikietan datoz.”), Eswatinin "oro" guztia ez da urre. Eswatinik monarkia konstituzional motako erregimena du. Erregea da Estatuko burua, eta lehen ministroaren laguntzarekin agintzen du (lehen ministroa da gobernuburua). Erregeak eskumen handia duen arren (berak izendatzen ditu Legebiltzarreko kide batzuk), hauteskunde itxurak egiten ditu 1993az geroztik. Gainera, %34 swazilandiar langabezian daude, ia %70ek dolar bat baino gutxiago irabazten dute egunean, eta %39 Hiesak infektatuta daude.
Hala ere, arazo horiek ez omen dute kezkatzen afrikar kontinentean monarkia absolutu bakarra duen Mswati III ("Lehoia" ezizenez ere ezaguna) errege poligamoa, ezta Hegoafrikako Durban kaiatik jauregira 15 emazteentzat eta amarentzat heldutako 15 Rolls-Royce eta BMWz betetako 12 kamioi heldu berriak ordaintzeko erabilitako 15 milioi euroek ere. Herritarren haserrea baretze aldera, zorrak kitatzeko diru publikorik erabili ez zutela esan zuen, antza.
Mswati III erregea abuztuko azken astean edo iraileko lehen astean, Mbabane hirian, ordoki zabal batean, milaka emakume gazte erdi biluzik dantzan aritu bitartean, bere gutiziak nork asetuko dituen erabaki behar izateak kezkatzen du, batez ere. Izan ere, tradizioak aukera eman ohi dio ‘Umhlanga’, edota ‘Lezken dantzan’ (ingeleraz, Reed dance) gustuko emaztea aukeratzeko. Parte hartzen duten guztiak birjinak dira, eta asko umemokoak –sei urtekoak ere ba omen daude–, eta guztiek nazio-bandera kolore biziko arropa jantzita, aihotzak, lastargiak, gerlari eskudoak, eta beraiek batutako hiru lau metroko ihiak eskuetan, abestu, eta titiak begi bistan dituztela, ametsetarako beta hartzen dute.
Izan ere, Swazilandia bezalako lurralde batean, askori gerta dakion gauzarik onena erregeak emaztetzat hartzea da, eta bizitzaren gainerako urteak jauregi batean ondo bizi izatea da. Hori bai, protokoloak esan ohi du ezkontza egiteko neskatxoa haurdun egon behar dela. Honela erregea neskatxoaren emankortasunaz baliatuko da gero ezkontza begi onez ikusiko duen ala ez erabakitzeko. Umerik ez badago tartean neskatxoa baztertua da.
Ekitaldian, neskatxa gazteek, Swazi printzesak gidatuta, moztutako lezkadiak aurkezten dizkiote Ama Erreginari bere egoitza babesteko. Ohitura urteroko zeregin gisa hasi zen ihiak erabiltzea errege egoitzaren inguruko haize-oihaletan (lezka-hesietan) konponketak egiteko. Hala ere, Mswati III-k ez du erraz izango aitaren kopurua berdintzea, nahiz eta 202Oan 15 emazte eta 25 seme-alaba izan. Aitak 70 emakume baino gehiago izan zituen eta 200 seme-alaba. Urtero ‘Reed Dance’ ikusten duten turistek seigarren eta zazpigarren egunean (egun nagusian) argazkiak ateratzeko baimena dute, neskak kanabera errege egoitzara helarazten ibili bitartean, eta gero Mbabanen dantzatzen duten bitartean.
Eswatini oso gizarte patriarkala da, tradizioek indar handia dute, eta oraindik jende asko sinetsita dago, Ihien dantzan parte hartutako neskatxoekin maitasuna eginez gero, birusarena sendatuko dutela. 2006ko Konstituzioak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna onartu bazuen ere, genero berdintasunaren aldeko borroka oso luzea da.