«Ehiztariaren aldean ez, bestaldean kokatu nahi izan dugu lan honetan»
Estricalla taldearean erraietatik sortutako taldea da Bazka. Duela hamahiru urte hasi zuen bidea Torrelavegan baina aldaketa ugari izan ditu bere bidean. 2016an atera zuten azken diskoa eta, orain, Bazka bezala agertu dira. ‘Basoaren ilunean dantza’ da haien lan berria.
Jai giroan eta oporren bueltan zabiltzala, telefonoa ia-ia kolapsatu egin zaizu, ezta?
Bai, egia esanda, erantzun pila bat jasotzen ari gara eta hori oso pozgarria da.
Bazkan kola lanak Fer Apoak egingo zituen noski, aurretik Estricalla taldean ibilitakoak zarete besteak eta orain Galder Izagirre batu zaizue.
Bazka azkenean Estricallaren jarraipen bat dela esan dezakegu. Erik, Fer, Txomin eta lauok han genbiltzalako jotzen eta bateria-jotzaileak uztea erabaki zuen. Guk jarraitzeko asmoa genuen eta disko berri bat osatzeko nahia bagenuen. Behin kantuak prest genituela Galderrekin hitz egin genuen, elkarlan bat izan da disko honetarako eta horrela atera da.
Diskoa aparra bezala zabaltzen ari den lana da, lehen astean bertan asko zabaldu zen.
Egia da gu ez gaudela horretara ohituta. Gure beste proiektuekin mundu mailan ezagunak diren taldeen marketing estrategiak erabiltzen saiatzen gara eta abar, baina gure mailan ez du horrenbeste inporta egiazki. Hala, disko honekin argi geneukan single gabe eta komunikazio lanketa handirik gabe dena eskura jarriko genuela. Ez genuen neurtu eta ez genuen espero halako erantzunik, baina oso eskertuta gaude.
«Oreina» kantuak zentzu berezia hartzen du, diskoko azalean orein bat ikusi daitekeelako, Paul de Vos artistaren koadroko irudia. Galgo batzuk orein bati horzkadaka ikusten dira bertan. Ehizari kritika bat ikusi dut letra horretan, baina akaso zeozer gehiago ere esan nahi izan duzue.
Disko honetako kantu guztietan sartu ditugu animaliak eta diskoan hari bezala ibili dugun kontzeptua izan dira, nahiz eta gai askoren inguruan hitz egin dugun. Kantu honetan guk buruan geneukana amildegi batera iritsi eta handik ihes egin ezinda bertatik erortzen denaren irudia zen. Ehiztariaren aldean ez, bestaldean kokatu nahi izan dugu lan honetan. Kantu honek adierazten du ondoen, gainera, ‘Basoaren ilunean dantza’ diskoaren izenburua ere.
Soinuarekin jolas dezente egin dituzue, akopleak, zaratak… hain zuena den mundu horretan jardun duzue.
Hain eroso gauden mundu horretan! Oso disonantzi eta zarata zaleak gara eta disko honetan 90. hamarkadako musikara gerturatu gara. Rock, grunge eta halakoak izan ditzake, baina noise puntu bat ere eman nahi izan diogu, beti izan garelako intentsitate eta indarraren zaleak. Lehen abiadurarekin eta indarrarekin lortzen genuena, orain beste tresna batzuk erabiliz lortzen dugu.
Galderren presentzia, batez ere erritmoetan nabaritzen da, ezta?
Bai noski. Galderren erritmoetan etortzen zaigula Kuraia baina zati disonanteenetan DUT etortzen dela burura. Erik, Txomin eta hirurok musikari hauek entzuten hezi gara eta eragin horiek guztiak barruan ditugu. Kuraiaren lehen diskoa atera zenean nik 18 urte berri nituen eta 15 urte izango nituen El Corazón del Sapo lehendabizikoz zuzenean ikusi nituenean Zarauzko Manuela gaztetxean. Hortaz, eragin horiek oso barruan dauzkagu, eta, gainera, ilusio handia egiten digu haiekin jotzeak.
Koruak egiten, ordea, oso aske entzun zaituztegu, TheBeach Boys taldearen korua bazinate bezala.
Egia da gauzak oso modu askean egin ditugula eta Estricallaren azken bi diskoetan ere hala ibili ginela, lotsak eta konplexuak gainetik kenduz. Ez genuen sekulan ere zerbait deskartatu gure estilokoa ez zela esanda. Orain motxila hori kendu dugu eta askeago sentitu gara, Bazkaren giroa sortzeke dagoenez, nahi duguna egiteko askatasuna gure baitan handiagoa izan delako. Konplexuek ez dute batere laguntzen eta gainetik kendu behar dira.
Kantuak egitura aldetik nahikoa poperoak direla esan dezakegu. Estrofa, zubi, estribillo eta buelta eta halakoak, nahiz eta abestiren bat hortik asko aldendu.
Egia esan ez gara bereziki egitura arraroak egiten jarri edota ez dugu horren alde egin. Batzuetan horrela atera da eta besteetan ez. Gainera kantuetan badira ezkutuan dauden eragin batzuk, The Strokes esaterako.
Dantzagarria da baina bat-batean ia-ia death metaleraino egiten dugu salto ‘BhIena’ kantuarekin.
Jello Biafra edota Guantanamo bezalako taldeak gogora ekartzen dizkigu abesti honek, gitarra batzuk country mundura ere eraman gaitzakete nahiz eta guk jota ez iruditu, eta bat-batean txandal metal riff batzuk ditu nahiz eta haiek laburrak izateak eremu horretara ez duen eramaten abestia. Aipatu beharreko gauzen artean dago hasiera batean musikalak konposatu genituela, ahotsik gabe, eta gero etorri zela ahotsarena eta Ferrek sekulako lana egin du hor. Ze eremutan zeuden eta nora eraman dituen harrigarria da, kantu honetan esaterako oso zaratatsua izanda berak oso melodiko egin du, Bad Brains bezalako taldeak ekarriz gogora.
Fer euskal rockaren erreferente bilakatu da euskaldunberria izanik.
Bai eta lehen kantu batzuk ziren euskaraz sartzen zituenak eta gaur egun denak erabat euskaraz idazten ditu. Horrek sekula meritua da eta harrigarria da kanpotik etorritako batek zer nolako ekarpena egin duen. Askok dio erreztasunez ikasi duela eta, ez, lan handia egin du euskaraz horrela jarduteko.
Aipatu dugu aurretik datak jartzen dizkiola abestiei. Denak pasatako datak dira, baina bada bat, «Saguzahar» kantukoa, etorkizunekoa dena. Zer gertatuko da 2022ko abenduaren 27an?
Bai, normalean testuak bukatutzat ematen dituen datak dira jartzen dituenak eta keinu txikiak dira xehetasunetan fijatzen direnentzako. Baina sorpresaren bat bada tartean data horrekin.
Kantuak berak sekulako indarra du, baina aldi berean oso atsegina da. Gitarrarekin badirudi Txomin eta biok primeran ulertzen zaretela, nahiz eta zarataren eremu zeharo desberdinetan ibiliak zareten.
Txomin niretzako pertsona oso berezia da, Erantzun taldean aritzen nintzen garaitik ezagutzen dut. Bera, orduan, The Rodeo Idiot Engine taldean aritzen zen, oso muturreko taldea riff aldetik, abiadura aldetik eta abar. Musikari oso interesgarria da, baina batez ere pertsona bezala da berezia. Beti oso ondo ulertu du elkar eta askotan esan izan digute ea anaiak ote garen, fisikoki antza pixka bat hartzen digutelako.
Kantu baten izenburua oso deigarria egin zait: ‘Zau-biak’. Irungo Harrera Sareari eskaini diozue.
Ekidin ezin dugun egoera bat da, ohitzen ari gara pertsonak hiltzen ikustera, lehen Mediterraneoan eta, orain, Bidasoan. Edozein tragediari bizkarra eman eta gure bizitzan aurrera egiten dugu. Guk gure pribiliegio hori zalantzan jartzen ez dugun bitartean, gaizki gabiltza. Eta hildakoez gogoratzen gara, baina bertan ditugunez ahaztu egiten gara. Gure ondoan bizi dira, gure bizilagunak dira, hamar edo hamabi pertsona bizi dira elkarrekin eta mila eurotik gorako errentak ordaindu behar izaten dituzte etxe bat izateko. Harrera herria bagara, hori egunero-egunero eta kalean ditugunekin erakutsi behar da.
Bi zigiluren artean editatu duzue diskoa, Filferro Records eta Stop Control Records zigiluen azpian.
Guretzako oso ezagunak, baina ez mundu mailan ospea dutelako. Stop Contro Estricallak sortutako zigilua da eta guk parte hartzen genuen beste taldeen diskoak ere zigiluarekin kaleratu izan ditugu, baita berrargitalpenak ere. Filferro berriz gure Bartzelonako lagun bat da, hamar bat urte doana diskoak ateratzen. Estricallarekin asko lagundu digu eta musika munduan gauza asko egin ditugu elkarrekin.
Esango dugu CDan kalean dagoela dagoeneko, baina biniloa azaroan kaleratuko duzuela, aurre-salmentan dagoen arren.
Proiektu hau zerotik hasi da, ez dugu dirurik eduki honetarako eta guztia gure poltsikotik jarri dugu. Hortaz, aurre-salmentak lagundu digu gastu horien zama pixka bat arintzen. Nahiko genuke dagoeneko diskoak banatzen egotea, baina ekonomikoki ez da posible izan. Hortaz, taldea laguntzeko modu bat ere bada aurretiko salmentarena.
Zuzeneko estreinaldia, berriz, noiz izango da?
Izango da baina oraindik itxaron egin beharko da. Ez da guztiz martxan zegoen talde bat eta gauzak poliki egiten goaz. Bakoitzaren denborak errespetatzen ari gara eta asmoa urria-azaroan asteburu batzuetan jotzekoa da. Galder diskoan aritu da kolaboratzen eta elkarlan hau diskorako bakarrik zen hasiera batean, baina aurkezpen kontzertu hauetan ere gurekin izango da.
Bukaerarako ‘Arima bako’ kantua utzi dut, Antonio Porchiaren hitzak biltzen dituena. Kantua dantzagarria da oso, eta hori nabarmendu behar da.
Gaur egun musika dantzarako egiten da batez ere, lehen akaso ez hainbeste. Gaur egun jendeak interakzio hori behar du, zerbait mugitzea, dantza egitea… Hortaz ea zuzenekoak nola joaten diren eta guk nola defendatzen dugun disko hau.