Ingalaterran eta Galesen urte honetan media baino 3.000 heriotza gehiago izan dira, ekainaren 1etik abuztuaren 31 bitarte. Heriotza hauek tenperatura altuen eraginez izan dira Estatistiken Bulego Nazionalak (ONS) eta Erresuma Batuko Osasun Segurtasun Agentziak (UKHSA) adierazi dutenez.
Bost bero bolada izan dira ekainetik abuztua bitarte Ingalaterran eta Galesen. Guztira 56.303 hildako izan ziren, aurreko urteetan baino %6,2 hildako gehiago. 65 urtetik gorako biztanleena izan da batez bestekotik gorako heriotza horien gehiengoa.
Isabel Oliver, UKHSAko ikerlariak ikerketaren larritasuna adierazi du: «Datu hauek argi eta garbi erakusten dute tenperatura altuek heriotza goiztiarra ekarri ahal diela herritar zaurgarrienei». Aldaketa klimatikoarekin eta lurraren berotzearekin lotu du auzia ikerlariak, eta etorkizunean egon daitezkeen uda beroei aurre egiteko «segurtasun neurriak» beharko direla adierazi.
Estatistiketan ikusi daitekeen beste datu bat emakume eta gizonen arteko heriotza kopuruen aldea da. Emakumezko gehiago (2.159) hil dira beroaren eraginez, gizonezkoak baino (1.115).
Euskal Herriko datuak
Euskal Herrian ere izan du eragina aurtengo udako bero boladak; eta portzentajeei erreparatuz gero, Erresuma Batukoak baino altuagoa da heriotza tasa. Hego Euskal Herrian ekainetik abuztura bitarte 250 hildako izan ziren beroaren eraginez Carlos III.a Institutuak egindako ikerketa baten arabera. Pasa den urteko zifren bikoitza baino gehiago da.
Erakunde horrek MoMo sistema martxan jarri zuenetik (eguneroko hilkortasuna monitorizatzeko sistema) jasotako zifra handiena izan da, 2003ko uda salbu.