NAIZ

Gurutzetako ospitalea munduko 150 onenen artean, Pediatriako espezialitatean

125. postua lortu du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak munduko ospitale onenen artean, ‘Newsweek’ sailkapenaren arabera. Osakidetzaren ustez, ikerketan, gaixotasun berezietan zein Pediatria espezialitatean emandako urratsen aitortza izan da.

Gurutzetako ospitalea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Gurutzetako ospitalea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Osakidetzak jakinarazi duenez, Alemaniako Statista sareko estatistika atariarekin batera, hiru datu iturritan oinarritzen da ‘Newsweek’ sailkapena: batetik, 40.000 mediku adituk baino gehiagok parte hartzen dute sareko inkesta orokor batean, eta horri esker hainbat ospitale eta haien espezialitateak gomendatu eta ebaluatu dituzte. Gainera, puntuazio ereduari zenbait ziurtapen gehitu zaizkio, baita PROMS inkestak ere; eta lortutako emaitzak mediku aditu ezagunen batzorde global batek balioztatzen ditu.

Osakidetzaren arabera, zerrenda horretan egoteak Gurutzetako ospitalearen lana aitortzen du erreferentziazko zentro gisa. Era berean, aitortza honek Europako beste zentro handi batzuekin sarean lan egiteak duen garrantzia ikusarazten du Osakidetzaren arabera. Eta horiekin batera azpimarratu nahi izan du gaixotasun arraroei buruzko Europako erreferentziazko sareetan, gaixotasun metaboliko eta endokrinologiko pediatrikoetan eta haurren minbiziarekin lotutako nazioarteko beste ekimen batzuetan parte hartzearen garrantzia.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko arreta pediatrikoa zentroan bertan zein etxean eskaintzen da, Pediatriako etxeko ospitalizazio taldeari esker. Talde horrek pazienteak etxean artatzen ditu eta zainketa aringarriak emateaz arduratzen da. Bestalde, asistentzia lana irakaskuntza eta ikerketa jarduera oparo batekin uztartzen dela azaldu du, besteak beste Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuan garatutako ikerketa proiektu askorekin.

Pazienteei eta familiei osasun laguntzan ahalik eta kalitaterik eta segurtasunik handiena emateko asmoz arreta espezializatuan egindako aurrerapenez gain, Gurutzetako ospitaleko zerbitzuko talde osoak apustu sendoa egin du arreta hori humanizatzearen alde; eta ekimen ugari garatu ditu, bai langile zein gaixoei dagokienez, baita ingurune fisikoari dagokionez ere.