NAIZ

Ausolan enpresa intsektuz egindako elikagai berriak sortzeko proiektu bat garatzen ari da

Euskal enpresa ezberdinek intsektu irinez osatutako elikagaiak frogatzeko Inseknior proiektua jarri dute martxan. Helburua intekstuak erabiliz elikadura proteinaren iturri alternatibo eta iraunkorrak aztertzea da.

Intsektu-irinarekin egindako hainbat platera
Intsektu-irinarekin egindako hainbat platera (Ausolan)

Euskal enpresen partzuergo batek bereziki hirugarren adinekoentzat pentsatutako intsektu irinekin egindako platerak prestatu ditu, erdisolidoak eta proteina asko dituztenak. Inseknior izena du proiektuak eta intsektuak erabiliz elikadura proteinaren iturri alternatibo eta iraunkorrak aztertzea du helburu, zehazki Tenebrio Molitor espeziea erabili dute.

Molitor tenebrioak, kakalardoak edo irinaren harrak, Europar Batasunaren kontsumitzeko baimena du 2021aren hasieratik. Amaia Agirrek, Ausolaneko I+G saileko arduradunak azaldu duenez, espezie horrek aukera ematen du «senior populazioari egokitutako proteina eta mineral ugariko elikagai erdisolidoak egiteko». Gainera, elikagaiak sortzeko bide berriak aztertzeak ingurumenari ere mesede egiten dio Agirreren arabera: «Azken produktuen ingurumen inpaktua murriztea ahalbidetzen du bide berri honek, intsektu irina bezalako lehengai moldakor, lokal eta iraunkor baten erabilerari esker».

Bi urteko lanaren ondoren, dastatze bat egin da, eta hiru prototipo likido eta hiru erdi-likido probatu dira, baita haragiaren antzeko beste bat ere, hanburgesa formatuan. Horiek guztiak Tenebrioaren % 100eko irinarekin eta landare jatorriko hainbat osagaiekin egin dira (erremolatxa, babarrunak, zorroak...).

Dastatu diren plateretako batzuk errezeta tradizionaletan oinarrituak izan dira; babarrunen hummusean, tipula zopan edota kalabaza zukuan, esate baterako.

Elkarlanean sortutako proiektua

Partzuergoaren buru Ausolan da, Mondragon taldeko sukaldaritza kolektiboko enpresa, baina bestelako enpresa eta kolektiboekin osatu dute Inseknior proiektua. Talde horiek dira gastronomian espezializatutako Basque Culinary Centerreko zentro teknologikoa; mundu mailan aitzindaria izandako Insekt Label Biotech erakundea eta intsektuetatik eratorritako elikadura osagai jasangarrien garapenean espezializatutako Leartiker zentro teknologikoa.

Inseknior proiektuak Lakuako Gobernuaren finantziazioa jaso du, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) ere diruz laguntzen du.