Estitxu Zabala

«Erroskoak aurrea hartu die turroiei»

Hernaniko Oa gozotegian lan eta lan ari dira egunotan, Gabonetako gozoak prestatzen. Erregetako opilekin izaten dute lanik handiena, baina horretan buru-belarri sartu aurretik, beste gozo batzuekin dute behar handiagoa.

Eskaera bidez urte osoan egiten dituzte erregetako opilak, baina Gabonen bueltan izaten da, noski, eskaera handiena.
Eskaera bidez urte osoan egiten dituzte erregetako opilak, baina Gabonen bueltan izaten da, noski, eskaera handiena. (Jon URBE | FOKU)

Hernaniko Oa gozotegian izaten da egunero Miren Lukas Asteasuinzarra. Herriko kaskoan du lokala Oako arduradunak, bere birramonak hasitako negozioaren bideari jarraituz. Oaren alarguna zen hura, eta halaxe jarri zion izena dendari. Lehengaiak saltzen zituzten han: kandelak, azukrea, txokolatea, irina... baina Miren bera izan zen gozotegi formatua eman ziona, 2009ko abenduan, hain zuzen ere. Hala ere, kandelak saltzeko ohiturarekin jarraitzen dute egungo dendan ere, 100 urte baino gehiagoko bideari jarraituz.   

Goiztiarrak izan beharra dute, lanbideak hala eskatuta, eta 4:50 aldean hasten dira lanean gozotegian. Lehendabizi opilak egiten dituzte, eta 6:00 aldera etortzen zaizkie jada croissant bila herriko taberna batekoak. Gero, 6:50ean irekitzen dute kafetegi-denda. Barruan, pastak egiten aritzen dira jo eta ke astelehen eta astearte goizetan, horixe baitute gozotegiaren bereizgarririk handiena.

Horretaz gain, astean zehar, falta zaizkien pastelak edo dena delakoak egiten dituzte, sortutako hutsuneen arabera. Denera, hiru lagun aritzen dira gozogintzan lanean, eta, horretaz gain, beste bi lagun dituzte jendaurrerako.

Azaro erdialdean hasten dira Gabonetako lanak Oan, eta urtarrilaren 6a arte irauten dute, Errege eguna pasa arte, alegia. Eta arduradunak ez du zalantzarik urteko egunik indartsuenak direla adieraztean: «Lana biderkatzen zaigu denei, ordu gehiago sartu behar ditugu. Duela gutxi polboroiak jarri ditugu salgai, eta txokolatezko turroiak egiten hasi gara aste honetan».
Enpresa batzuen gabonsarietarako ere lanean hasi dira, «eta horretan gabiltza; kaxetan sartu eta polit jarri behar dira. Urtezaharra pasa eta gero, erroskoekin jartzen gara guztiz».

Eskaera bidez urte osoan egiten dituzte erregetako opilak, baina Gabonen bueltan, noski, eskaera handia izaten dute: «Turroia eta mazapana bereziki baztertzen ari da jendea, eta abenduaren 24rako asko dira erroskoa eskatzen dutenak, eta Urtezahar-gauerako, oraindik eta gehiago. Erroskoak aurrea hartu die turroiei». Erroskoak enkargatzeko gutxienez egun bateko epea behar da urtean zehar, 24 ordukoa, oreak bere prestaketa denbora behar izaten baitu.

Laranja eta limoiaren azala puska txikitan izaten ditu erregetako opilak; beraz, frutak zuritzen eta txikitzen lan handia izaten dute: «Ordu batzuk pasatzen ditugu lan hori egiten, eta egun horietan zukuetarako frutak azalik gabe izaten ditugu». Hori prestatu eta gero, orantza prestatu eta harrotu txiki bat behar izaten du; gero, beste harrotu bat behar du makinan sartuta, eta, labean, 22 minutu inguru.

Arduradunak buruko artxiboan atzera egin eta etxean aritzen zeneko garaiak ekarri ditu gogora, etxean proba asko egin izan baitzituen errosko bat egiteko: «Etxeko komuna lurrunez betetzen nuen erroskoa harrotzeko. Manta elektrikoarekin ere ibili izan nintzen. Zer ez ote dudan egin errosko bat ondo ateratzeko!».

Hiriburuetako erraldoien panpinak

Erroskoak betetzeko lau aukera daude Oan gaur egun: esne-gaina, krema, erdia esne-gaina eta erdia krema, eta chantilly moduko bat (krema eta esne-gaina nahastuak).

Opilaren barrualdeari begiratuz, ordea, aurten duten berrikuntza panpinetan dago. Izan ere, Euskal Herriko hegoaldeko hiriburuetako erraldoien erreplikak izango dituzte. «Orain arte, Olentzero, Errege Magoak eta bestelako apaingarrien panpinak izan ditugu. Baina aurten zerbait desberdina egin nahi genuen, eta euskal herrialde guztietako erraldoiak eta Iruñeko buruhandienak ere izango ditugu. Niretzat oso berrikuntza polita da».

Edonola ere, turroiekin ere mugimendu handia izaten dute Gabonetan: «Txokolatezkoez aparte, gorringo turroia da gehien saltzen duguna». Txokolate mota askotako turroiak dituzte: laranjazkoa, mangozkoa, pasio-frutarena, gazi puntua duena (arto frijituekin), Kurruxka deiturikoa (praline, almendra eta barkilloarekin), hurrena...

Horiez gain, beste hamar turroi mota egiten dituzte, eta kanpotik ekartzen dituzte betiko klasikoak diren turroi gogorra eta biguna, azukrearekin eta azukrerik gabe.

Aurtengo nobedadea da tamaina txikiko turroiak atera dituztela, bonboi handien modukoak, sei zentimetro inguruko luzerakoak. Horiez gain, aingira opil batzuk ere egiten dituzte, mazapan estiloko gozoak dira, fruta melatuarekin: «Oraindik ohitura dutenek erosten dute, aitona-amona batzuek bilobentzako. Kaxa bera ere oso polita da, Kataluniatik ekartzen ditugu».

Pasta kaxak salgai dituzte inguruko beste herri batzuetan, eta horien kaxetan helbidea jarria dutenez, haien bidez bezeroak etortzen zaizkiela diote. Urnieta, Astigarraga, Donostia... «Errosko eta croissant bila etortzen zaizkigu asko».

Gozoa elkartearen parte

Hernaniko Oa gozotegia Gipuzkoako Artisau Gozogileen Elkarteko kide da. 2018an sortu zuten, bertako gozogintzari «merezi duen tokia» emateko helburuarekin.

«Gauzak mantso doaz. Helburu batzuk jartzen ditugu eta horien atzetik joaten gara, laguntzak eskatuz Eusko Jaurlaritzari. Iaz gozotegien azterketa bat egin genuen, gure egoera eta zein bezero ditugun jakiteko, besteak beste. Federazioarekin ere harremana dugu, elkarlanean indartu eta gauza gehiago eska ditzakegulako». Momentu honetan duten erronketako bat lehengaietan prezio hobeak lortzea da, esnea eta gurina, adibidez, asko garestitu baitira.

Elkartea hogei gozogile inguruk osatzen dute eta haren bidez ikusarazteko egin duten lan bat izan da “Gernika” koadroaren txokolatezko bertsio erraldoia. Gipuzkoako gozogileek bultzatu zuten, baina lau herrialdeetako lagunek hartu zuten parte. Iruñea, Gasteiz, Gernika eta Oñatin izan zen artelan ikusgarria: «Gozogileak ere gastronomiaren parte gara eta hor gaudela ikustea nahi dugu».