Joseba Salbador Goikoetxea

Lumagorri, ia 30 urte lehen sektoreari bizitza ematen

Belardian aske hazitako Lumagorri oilaskoak kalitatezko lehengai bihurtu dira azken 30 urteotan Euskal Herriko sukalde askotan. Baina ez hori bakarrik, oilasko horren aldeko apustuak lehen sektorearen etorkizuna bermatzen ere laguntzen du.

Koldo Huegun Lumagorriko lehendakaria, bere oilaskoen ondoan.
Koldo Huegun Lumagorriko lehendakaria, bere oilaskoen ondoan. (NAIZ)

Lumagorri 1993an sortu zuten hamar bat baserritarrek, garai hartan desagertzen ari zen baserriko oilaskoa berreskuratu eta lehen sektoreari bultzada emateko. Ia 30 urte geroago, 25 baserritar inguru dira hasierako ilusio horrekin jarraitzen dutenak eta, pentsuaren prezioek egoera zailean jarri dituzten arren, «ekaitza» pasatu eta jauzi berri bat emateko itxaropena mantentzen dute.

Lumagorrik era tradizionalean hazten ditu oilaskoak, hau da, baserriko belardian aske eta belar fresko, arto (%60) eta zerealetan oinarritutako elikadura naturalaz. Giharrak ongi garatzeko, 2.600 m2-ko azalera duten belardietara ateratzen dira egunero. Gainera, hazkuntza moteleko arrazakoak dira eta prozesuak 90 egun irauten du, bi kilo pasatxora iritsi arte. Horrela, haragi samur eta zaporetsua bermatzen da.

Oilaskoak osorik saltzen dira, baita zatika ere: bularkiak, izterrak edo hegalak. Horretaz gain, hezurrik gabeko izterrekin egindako hanburgesak ere saltzen dituzte eta, Eguberrien aurretik, Gabiriko baserri batean hazitako pularda ere bai. Kapoiaren antzekoa da, baina emea, eta oilasko arrunta baino gehiago gizentzen da (5 hilabete inguru), bere haragiak koipe, testura eta zapore punturik bikainena lortzeko.

Koldo Huegun usurbildarra Lumagorri sortu eta gutxira hasi zen oilaskoak hazten eta azken lau urteetan enpresako lehendakari ere bada. Inork baino hobeto ezagutzen du sektorea bizitzen ari den egoera eta, «euri jasa hau nolabait ere pasa nahian» daudela dio, berriz ere jauzi bat eman ahal izateko.

Pandemiak bere alde onak eta txarrak izan dituela nabarmendu du. «Pandemia garaian asko igo ziren salmentak. Kanpotik ekartzerik ez zegoen eta kanal motzek hornitu zuten merkatua. Zenbait momentutan iritsi ezinik ibili ginen», esan du. Baina merkatua zabaltzen hasi zenean, berriro kanpoko oilaskoak iristen hasi ziren.

Bere iritz, gainera, nahasmen handia dago gaur egun, legeak ez duelako ondo bereizten oilasko mota bakoitza. «Orain produktu asko saltzen da ‘kanpero’ izenarekin, baina askok 56 egun besterik ez dute. Gureak, ordea, 90 egunez hazten ditugu, eta ondorioz haragi gehiago eta kalitate handiagokoa dute».

Hazkuntza luzeagoa eta ustiategi txikiagoak izanik, errentagarritasuna lortzea zailagoa da. Izan ere, ustiategi bakoitzak gehienez 4.500 buru izan ditzake. Baina Lumagorriko lehendakariak muga hori defenditzen du: «Lan-unitate bakoitzeko kopurua handitzea erabaki genezake, baina guretzat garrantzitsua da muga hori mantendu eta, produkzioa handitu behar izanez gero, aukera ematea beste ekoizleei, sarea zabalduz».

Pentsuaren prezioa bikoiztu

Koldo Huegunek ez du bere kezka ezkutatzen gaur egun bizi duten egoeraren aurrean. «Zenbait momentutan zaila egiten zaigu errentagarritasuna lortzea. Pentsua 300 eurotik 500 baino gehiago ordaintzera pasatu gara eta horrela zaila da. Espero dugu udaberrian gauzak bere onera etortzea», dio.

Une honetan, saiakera berezia egiten ari dira Lumagorriko oilaskoak jatetxeetan ezagutzera emateko. «Orain arte jatetxeek harategi txikietan erosten zuten, baina hauetako askok erretiroa hartu dute. Horregatik ostalaritzarekin zuzenean lan egiten hasi gara».

Era berean, hainbat saio egiten ari dira dibertsifikatze aldera. Horrela, alde batetik aurkezpen modu berriak aztertzen ari dira (“nuggets” eta antzekoak) eta, bestetik, bosgarren gamako plater prestatuak merkaturatzeko froga batzuk egin dituzte (oilasko errea edo konfitatua). Era berean, ez dute baztertzen Nafarroako iparraldeko herrietan banaketa indartzea, eskaera handia dagoela ikusi baitute.

Izan ere, Lumagorriren merkatua «zirkuitu motzekoa» da eta hala izaten jarraitu nahi dute. «Gure merkatu nagusia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako harategiak eta denda txikiak dira %70ean, eta gainontzeko %30, azalera handiko guneak».

Azkenik, Huegunek dei egin die administrazio publikoei benetako apustua egin dezaten baserrien alde, catering edo jangeletan bertako produktuak bultzatuz. «Bertako produktuek potentzial handia dute lehen sektorea bizirik mantentzeko», amaitu du.