Itzulpen automatikoko sistema neuronalen algoritmoek estereotipo sozialetatik ikasten dute eta askotan «errementari» hitza maskulino bezala itzultzen dute eta «erizain» femenino gisa. Hori konpontzeko teknika berritzaile bat sortu eta aurkeztu berri du Orai adimen artifizialeko languneak.
Itzulpen Automatikoko Zazpigarren Konferentzian aurkeztu zuen Oraik genero estereotipoak itzultzaile automatikoetatik kentzeko teknika ‘Gender Bias Mitigation for NMT Involving Genderless Languages’ lanean jasota, euskara bezalako generorik gabeko hizkuntzentzat baliagarria izango delakoan.
Halaber, itzulpen sistema hauen erabilera masiboa dela eta, halako genero alborapenak iraunarazteko eta areagotzeko arriskua dagoela ohartarazi dute.
Ander Corral Oraiko ikertzaieak ohar batean azaldu duenez, bi metodo uztartzen ditu teknikak. Batetik, alborapena duen sistema neuronalak adibide orekatuetatik ikasiz alborapen hori zuzentzeko metodo bat eta, bestetik, sistema neuronalari generorik gabeko hizkuntzan genero informazioa modu esplizituan txertatzeko metodo bat.
Egindako ikerketaren emaitza alborapena zuzentzeko «oso baliagarria» izango dela uste dute. Gainera, Xabier Saralegi ikertzailearen hitzetan, sortutako teknika «konputazionalki arina» da eta ez da zaila produkzioan dauden sistemetan txertatzea.
«Teknika honi esker, genero alborapenik gabeko itzulpen automatikotik hurbilago gaude; pauso garrantztsua da hau», dio Saralegik.