Ostegun honetatik aurrera, eskuragarri dago plataformetan (Spotify, Itunes, Youtube...) ‘Irati’ filmaren soinu-banda. Aranzazu Calleja (Bilbo, 1977) eta Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ren (Eibar, 1977) arteko bigarren kolaborazio-lana da zineman, ‘Akelarre’ (2020) eta gero.
‘Akelarre’-rekin gertatu zen bezala (musika onenaren Goya saria irabazi zuen), ‘Irati’-rako egin duten konposizioa jatorrizko musika onenaren Goya sarirako izendatuta dago, eta, horrekin batera, ‘Izena duena bada’ abestia ere izendatu dute, Paul Urkijok idatzitako hitzak dituena, abesti onenaren kategoriarako.
‘Irati’ Paul Urkijo zuzendari gasteiztarraren bigarren film luzea da, ‘Errementari ’(2017) egin eta gero. Orain arte aurkeztu den zinema-jaialdietan hainbat sari jaso ditu, hala nola Sitgesen eta Malagako Fancine jaialdian. Zinema komertzialetan otsailaren 24an estreinatuko da.
Pelikula VIII. mendean girotuta dago, eta euskal mitologiako elementu magikoak eta pasarte historikoak uztartzen ditu, Orreagako bataila kasu. Soinu-bandak 35 abesti ditu, bikain nahasten dituztenak, alde batetik, Erdi Aroko abenturazko filmen epika −hari-instrumentuak, perkusioak eta koruak erabiliz− eta, bestetik, testura esperimental eta iradokitzaileagoak zati fantastikoetan.
Plaza Mayor Company-ren edizioa da eta aurki formatu fisikoan eskuratu ahal izango da.