NAIZ

Ikerbasqueko ikertzaileek 40 milioi eurotik gorako funtsak erakarri dituzte 2022an

345 ikertzaile zituen 2022aren amaieran Ikerbasquek, hiru kategoriatan banatuta: 178 ikertzaile egonkor, 94 ikertzaile gazte eta 73 ‘research associate’. 1.593 zientzialari kontratatu zituen. Marka guztiak hautsi dituztela nabarmendu du fundazioaren bultzatzaile den Lakuako Gobernuak.

Ikerbasqueren 2022ko balantzea egin dute fundazioaren bultzatzaileek.
Ikerbasqueren 2022ko balantzea egin dute fundazioaren bultzatzaileek. (IREKIA)

2022ko emaitzekin markak hautsi ditu Ikerbasquek, bai ikertzaile kopuruaren aldetik eta bai proiektuen lidergo, publikatutako artikulu eta funtsen erakarpenari dagokionez. Fundazioa mundu osoko ikertzaileak erakartzeko polotzat indartu dela eta ikerketa zientifikoaren aldeko apustua errentagarria dela erakusten du horrek Lakuako Gobernuaren arabera.

Urte amaieran, ibilbide luzeko eta lidergo gaitasun handiko 178 ikertzaile zituen fundazioak; goi mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 94 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen ‘research associate’ kategoriari atxikitako beste 79 ikertzaile.

Haien lanak oihartzun zabala lortu zuen aldizkari zientifikoetan. Urte osoan 1.437 artikulu plazaratu zituzten indexatutako argitalpenetan, hau da, nazioarteko kualifikazio handiko argitalpenetan.

Guztira 40.361.528 euroko funtsak lortu zituzten, 2021ean baino ia 3 milioi euro gehiago. 2007az geroztik 335 milioi euro erakatzea lortu dute.

Kanpoko diru-laguntzekin landutako 1.058 proiektuetatik 20k Europako Ikerketa Kontseiluaren babesa izan zuten. 2022 amaieran 1.593 pertsonak lan egiten zuten Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan.

35 herrialdetako zientzialariak

Ikerbasqueri esker, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitate eta I+G zentroetan lanean ari dira 35 herrialdetako zientzialariak. Gizonak dira nagusi (%73). Jakintza arloei erreparatuta, erdiak zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira, %23 medikuntza zientzietakoak, %15 ingeniaritza arlokoak eta %13 giza eta gizarte zientzietako adituak.

Munduko zentrorik ospetsuenetatik etorri dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS eta Max Planck Elkartea tartean.

Adibide batzuk

2022ko argitalpenik nabarmenen artean Hubble teleskopio espazialak hartutako irudietatik abiatutako egindako aurkikuntza bat dago. Espazio urruneko supernoba bati esker, unibertsoko elementuen jatorria ulertu ahal izan dute.

Beste lan batean erakutsi dute odol-hodiak funtsezko eragileak direla obesitatearen garapenean. Hodietako zelulek gantz-zelulei eragiteko erabiltzen duten mekanismoa argitu dute.

Hirugarren ikerketa batean deskubritu dutenez, Oncostatina M (OSM) zitokina proinflamatorioak bularreko minbiziaren aurrerakada eta metastasia errazten ditu, tumorearen mikrogiroan mezulari lana eginez. Ikusi dutenez, OSM maila altua duten tumoreak pazienteen pronostiko okerragoarekin lotuta daude. Aurkikuntza honi esker, estrategia terapeutiko berriak garatu ahal izango dira.