Lander Unzueta

Zer izan da Nintendoko Direct aurkezpeneko bideojoko interesgarriena?

‘Game Boy’ zein ‘Game Boy Advance’ kontsola eramangarrien katalogoa eraman dute N Handikoek Switch-era. Urteroko Direct aurkezpenean ezusteko handirik egon ez den arren, titulu interesgarriak agertu dira ekimenean: Metroid Prime Remastered’ eta ‘The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom’.

Audio_placeholder

Zer izan da Nintendoko Direct aurkezpeneko bideojoko interesgarriena?

Loading player...

Nintendokoek, urtero legez, otsaileko Direct aurkezpena iragarri eta burutu dute. Switch kontsolak 2023ko lehen seihilekokoan jasoko dituen bideojokoak ezagutzera eman nahi izan dituzte zuzenekoarekin; ezusteko handirik egon ez den arren, titulu interesgarriak agertu dira ekimenean. Horien artean Metroid Prime Remastered eta The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom nabarmendu behar dira.

Lehenengoa 2002ko Gamecubeko bideojoko maitatuaren birmasterizazioa da. Retro Studios talde estatubatuarrak Samus Aran-ekin egindako lehen abentura dugu —eta, ziurrenik, Metroid frankizia osoko atalik onena—.

Birmasterizazioak aipatzerakoan bereizmen areagotuak eta gutxi gehiago datoz burura. Ez da horrela izan Primekin: Retrokoek ikaragarrizko lana egin dute obra zaharra eraberritzeko. Modeloak, argiztapena nahiz efektuak berriztatuta, joko guztiz berriaren aurrean gaudela dirudi. Onena? Dagoeneko kaleratu dutela.

Tears of the Kingdomek maiatzerako kaleratze data edukitzen jarraitzen du, eta eskerrak, jokatzeko desiratzen gabiltza-eta. Bideo berriarekin Hyrule erresumako zeruak bisitatu ditugu berriz, baita arerio zein arma berriak ikusi ere.

Bi hauek izan dira Directeko protagonista nagusiak; hala eta guztiz ere, dozenaka titulu agertu ziren Nintendoren ekitaldian. Pikmin 4, Advance Wars 1+2: Re-Boot Camp edo Splatoon 3-ren, Fire Emblem Engage-n eta Mario Kart 8-ren eduki gehigarriak ikusi genituen.

Horrez gain, Game Boy eta Game Boy Advance kontsola eramangarri ezagunen bideojokoen katalogoa iritsi da Switchera. NSO harpidetza zerbitzuaren baitan joka ditzakegu Super Mario Land 2, Minish Cap zein Tetris bezalako klasikoetara.

Irratsaioarekin bukatzeko, otsaileko estreinaldi handiak batu ditugu Game Erauntsian. Beti bezala, hilabete indartsua da bideojokoen munduarentzat: aurten Hogwarts Legacy, Like a Dragon: Ishin zein Kerbal Space Program 2 desiratuaren sarbide goiztiarra jasoko ditugu.