NAIZ

Egunean 11 minutu nahikoa lirateke heriotza goiztiarraren arriskua murrizteko

Astean 75 minutuko intentsitate ertaineko jarduera fisikoa egitea nahikoa izango litzateke bihotzeko gaixotasun eta minbiziaren arriskua %23 murrizteko, eta hamar heriotza goiztiarretik bat saihestuko litzateke, ikerketa baten arabera. Egokiena 150 minutu kirol egitea dela dio.

Egunean 11 minutu ibiltzea onuragarria da osasunarentzat.
Egunean 11 minutu ibiltzea onuragarria da osasunarentzat. (GETTY IMAGES)

Egunean 11 minutu azkar ibiltzea nahikoa da heriotza goiztiarra izateko arriskua murrizteko, Cambridgeko unibertsitate britainiarreko ikertzaileek argitaratutako ikerketa baten arabera.

Aipatutako taldearen hitzetan, hamar heriotza goiztiarretik bat saihets liteke, baldin eta jendeak jarduera fisikorako gomendatutako kopuruaren erdia gutxienez egitea lortuko balu.

‘British Journal of Sports Medicine’-n zabaldutako ikerketaren arabera, egunean 11 minutuz –astean 75 minutu– jarduera fisiko bizia egitea, ibilaldi azkar bat adibidez, nahikoa izango litzateke bihotzeko gaixotasunak edo minbizi mota batzuk jasateko arriskua murrizteko.

Horren arabera, gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotza kausa nagusia mundu osoan, 2019an 17,9 milioi heriotza eragin baitzituzten; minbiziek, berriz, 9,6 milioi heriotza eragin zituzten 2017an.

Britainia Handiko osasun sistema publikoak gomendatzen du helduek gutxienez astean 150 minutuko intentsitate ertaineko jarduera egitea, edo 75 minutuko intentsitate biziko jarduera.

Gaixotasun kronikoetan edo heriotza goiztiarrean eragin onuragarria izan dezan behar den jarduera kopurua aztertzeko, Cambridgeko Unibertsitateko Ikerketa Medikoko Kontseiluaren (MRC) Epidemiologia Unitateko ikertzaileek ebidentzia guztien datuak aztertu zituzten.

Astean 75 minutuko intentsitate ertaineko jarduera eginez gero heriotza goiztiarra izateko arriskua %23 murrizten da

Adituen 196 artikulu ebaluatu zituzten, 94 ikerketa zabaletako 30 milioi parte-hartzaile baino gehiago kontuan izanik, jarduera mailen eta bihotzeko gaixotasun, minbizia eta heriotza goiztiarra izateko arriskuaren arteko datuak alderatzeko.

Ondorioztatu zuten astean 75 minutuko intentsitate ertaineko jarduera eginez gero heriotza goiztiarra izateko arriskua %23 murrizten zela, osasun sistema britainiarrak proposatutakoaren erdia.

«Jarduera fisiko pixka bat egitea hobe da ezer ez egitea baino. Astean 75 minutu erraz egiten baditugu, pixkanaka kantitatea areagotzea gomendatzen da», adierazi du Epidemiologia Unitateko Soren Bragek. «Egunean 10 minutu bestetik ez diren arren, onurak nabarmenak direla konprobatu da», esan du unitate epidemiologikoko kide den James Woodcockek jendea animatzeko asmoz.