UNAI JORGE FERNANDEZ - SALTO TRAINING

Kolon eta ondesteko minbizia

Kolona eta ipurteste edo ondestea digestio-aparatuaren parte dira. Horiek digestio hodiaren azken zatian daude; zehazki, heste lodiaren parte dira, zeina hiru zatitan banatzen den, heste itsua (hasieran apendize bermiformea dago), kolona eta ondestea, eta uzkian amaitzen den. Bertan, elikagaietatik likidoa xurgatzen da, hondakin solidoak sortu (gorotza) eta gorputzetik kanporatzeko. 60-70 urte bitarteko pertsonen artean oso arruntak dira kolon eta ondeste minbiziak; izan ere, EAEn, Osakidetzaren esanetan, urtero 1.800 kasu detektatzen dira. Emakumeen artean lehen tumore mota bularreko minbizia da, eta ondoren, minbizi mota hau. Gizonezkoen artean ere bigarren lekuan dago, prostatako minbiziaren ondoren. Minbizi mota honen jatorria koloneko polipo adenomatoso batean dagoela uste da. Hazkuntza zelular hauek onberak izan ohi dira, baina batzuetan minbizi-tumore bihur daitezke.

Diagnosia kolonoskopia bidez egiten da eta tratamendu ohikoenak kirurgia eta kimioterapia izaten dira. Minbizi mota hau pairatzeko aukera handitzen duten faktoreak bi multzotan sailkatuko ditugu. Alde batetik, kontrolaezinak diren parametroak daude, adina, genetika edo zenbait patologia (polipoak kolonean, hesteko hantura gaixotasunak, diabetesa, aurretiko minbiziak…) hala nola. Bestetik, kontrola ditzakegun parametroak daude: elikadura, sedentarismo-jarduera fisiko (J.F.) maila, gehiegizko pisua, tabakoa eta alkohola, besteak beste.

Eta, segur aski, zure buruari galdetu diozu: nola liteke jarduera fisikoaren bidez koloneko minbizia pairatzeko aukera gutxitzea? Fisikoki aktiboak diren pertsonek heste-igarotze prozesu azkarragoa izaten dute; horrela, substantzia kartzinogenikoak hesteko mukosarekin denbora laburragoan egoten dira kontaktuan, eta gaixotzeko aukerak gutxitzen dira. Gainera, jarduera fisikoak hiperintsulinemiaren eta IGF-1 intsulinaren jaitsiera dakar, zeintzuek zelula kaltegarrien ugaritzea dakarten. Minbizi hau pairatzeko arriskua %24an gutxitzen da pertsona aktiboetan. Gainera, jarduera fisikoak gaixotasunetik atentzioa kentzen laguntzen du, kimioterapiaren ondorioak gutxitzen ditu…