Iraitz Mateo

Zea Mays taldearentzat izango da hamargarren Adarra Saria

Adarra Sariaren 2023ko edizioan, Zea Mays rock taldeak jasoko du saria. Izandako ibilbide «arrakastatsu eta kalitatezkoa» baloratu du epaimahaiak eta nabarmendu du hainbeste kolaboratzaile izatea diskoetan zein zuzenekoetan. Ekainaren 21ean jasoko dute saria eta ondoren kontzertua emango dute.

Aiora Renteria Adarra Sarien berri eman duten prentsaurrekoan
Aiora Renteria Adarra Sarien berri eman duten prentsaurrekoan (Gotzon Aranburu | FOKU)

«Sariak beti irribarre handi batekin hartzen ditugu, oraingoan baita malkoekin ere, gure izena Euskal Herriko artista hain handien ondoan ikustearen emozioaz». Horiek izan dira ostiral goizean Adarra Sariaren irabazlearen berri ematerakoan Zea Mayseko Aiora Renteriaren hitzak. Euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista edo talde bat omentzen du urtero Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak sari honen bidez.

Juan Gonzalez Andres kazetariak, Sara Zozaya musikariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak osatutako Aholku Batzordeak, 2023ko Adarra Saria Zea Mays taldeari ematera erabaki du. Talde osoak ezin izan du bertaratu Victoria Eugenian egin den agerraldira, Aiora Renteria joan da taldearen ordezkari gisa, eta Jon Insausti, Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak eman du erabakiaren eta epaimahaiaren iritziaren berri.

Rock talde bizkaitarra izango da aurtengo saritua. Bilbon sortu zuten taldea 1997an Asier Basabe bateriak, Ruben Gonzalez baxuak, Iñaki Imaz gitarrak eta Aiora Renteria abeslariak. Urte hartan bertan jaso zuten Euskadi Gaztearen VII. Maketa Lehiaketako saria eta ordutik aurrera plazaz plaza eta oholtzaz oholtza ibili dira 26 urtean Euskal Herrian zein nazioartean.

Insaustik eman du Aholku Batzordearen erabakiaren zergaitien berri. 26 urteko musika-ibilbidean taldeak oso maila altuari eutsi diola azaldu du, «kalitateari eta arrakastari dagokionez». Azpimarratu du euskal rockean eragin handienetakoa izan duen taldea dela eta Euskal Herritik kanpo gehien estimatutako euskal banden artean kokatzen dela. Gaineratu du ikus-entzuleek eta musika munduko kideek aitortu egin diotela sari honen bidez «eman duten guztia eta jarri duten bihotza»: «Nabarmentzekoa da, hain zuzen ere, hainbeste lankide izatea diskoetan zein zuzenekoetan, bai Euskal Herriko artistekin eta bai nazioartekoekin ere».

Ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19.30ean, jasoko dute Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Victoria Eugenia antzokiko oholtzan. Jarraian, kontzertua eskainiko dute. Renteriak aitortu du jada ezagutzen dutela oholtza eta ahaleginduko direla «berezia» izan dadin. Zentzu horretan, adierazi du kolaboratzaile bereziak lotzen ahaleginduko direla: «Maila ona daukagula eman digute saria, eta espero dugu ekainaren 21ean ere hori erakustea». Kontzertuko sarrerak maiatzaren 15ean jarriko dira salgai, 25 euroren truke, Victoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

Hamargarren edizioa

Donostiako Udalak eta Donostua Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen artista edota talde bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak eta Joseba Tapiak jaso dute saria.