Proiektu berria du eskuartean Lide Hernandok (Liher): Bele. Genero berrietara irekitzeko nahia erakusten du proposamen berriak, abeslari donostiarrak aurreratu duenez pop doinuak eta musika beltza uztartuko baititu proiektuak eta aurkezpen txartel gisa lehen kantua eta honen bideoklipa ere sareratu ditu.
‘Zerua irabazi’ du izena Bele-ren aurkezpen kantuak eta, Hernandoren hitzetan, «Michael Jacksonen erritmoetara eta Janelle Monaeren karisma»-ra hurbildu nahi izan du, pop elektroniko eta r&b retro erritmoak arakatuz. Kantuak zintzotasunaren diktadura hartu du mintzagai eta, azaldu duenez, ‘Black Mirror’ telesail ospetsuko ‘Nosedive’ (buruz behera) atalari egiten dio omenaldia.
Kantua jada entzungai dago plataforma nagusietan eta bideoklipa ere sareratu du. ‘Zerua irabazi’ abestiari Nitya Lopez zuzendari bizkaitarrak jarri dizkio irudiak eta Ka Cornea Digital eta Epic Films-ek ekoitzi dute. Bideokliparen eszenatokia aski ezaguna da Hernandorentzat, Donostiako Zurriola Ikastolan burutu baita filmaketa, kantariaren ikastola izan zenean alegia. Bertan, garbitzaile baten larruan sartu da Hernando eta ikastolako txoko ezberdinak zeharkatzen ditu, dantzan eta kantuan, bazterrak nahasten dituen bitartean.