NAIZ

McCartneyk aitortu du adimen artifiziala erabili dutela The Beatles-en azken diskoa osatzeko

Paul McCartney musikariak adierazi du adimen artifiziala erabili dutela John Lennonen ahotsarekin The Beatles taldearen azken diskoa egiteko. Tresna berri honekin Lennonen ahotsa iraganeko demo batetik «ateratzea» eta erabiltzea lortu dute.

‘The Beatles’ taldea, artxiboko irudian.
‘The Beatles’ taldea, artxiboko irudian. (Universal Music | Europa Press)

Paul McCartney musikari britaniarrak The Beatles taldearen azken diskoa aurten argitaratuko dutela adierazi du elkarrizketa batean. Talde hain ospetsu honen azken lanerako adimen artifiziala erabili duela adierazi du, John Lennonen ahotsa iraganeko demo batetik eskuratu eta erabiltzeko. Azken diskoa amaitu berri dutela eta aurten aterako dela esan du.

The Beatles-eko kideak duela 53 urte banatu ziren arren, Liverpooleko taldeak zeresan handia izaten jarraitzen du. Elkarrizketan datu gehiago ez eskaini arren, BBCk eta jarraitzaileek uste dute azken abestia ‘Now and Then’ izan behar dela, bere garaian Lennonek idatzitakoa.

John Lennonek abesti hori demo batean grabatu zuen eta Yoko Onok, Lennonen emazteak, McCartneyri eman zion. 1995ko bilduman aterako zela uste zuten taldearen jarraitzaileek, baina McCartneyk aitortu du George Harrisonek ez zuela abestu nahi izan. McCartneyren gustukoa izan arren, momentu horretan Harrisonen iritzia kontuan hartzea eta ez erabiltzea erabaki zuten.

Gaurkoan, demo horren bidez lortu dute Lennonen ahotsa azken disko honetan azaltzea. Horrekin lagundu die Peter Jacksonek. Jacksonek ‘Get Back’ dokumentala grabatu zuen eta bertan ordenagailuekin aritu zen bakoitzaren ahotsak gainerako zarataz aldentzeko. Gaur egun, adimen artifizialak aukera hori hobetu du eta horren bidez modu errazean banatu daiteke Lennonen ahotsa azken abesti honen grabaketan txertatzeko.

Adimen artifizialak musikaren industriarako arrisku bat dela adierazi dute askok; jendeak jada musikari famatuen audio faltsuak argitaratu baititu. Hala ere, McCartneyk tresna «oso interesgarria» iruditzen zaiola adierazi du elkarrizketan. Bere ustez, garai honetan pil-pilean dagoen tresna izanik, «guztiok ulertzen saiatu behar gara».

Elkarrizketan ere aipatu du ekaina amaieran argazki erakusketa bat inauguratuko duela Londreseko National Portrait Gallery museoan. Bertan 1963 eta 1964 urteetan McCartneyk atera zituen erretratuak ikusi ahalko dira, hain zuzen ere The Beatles famatua bilakatzen ari zen momentuko argazkiak.