Txuma Murugarrenek bere zortzigarren diskoa kaleratu berri du, ‘Gautegia’ (Gaztelupeko Hotsak) du izenburua, eta orain artean musika zein letrak Murugarrenek berak idatzi izan baditu ere, disko hau «berezia» dela aitortu du ostegun goizean egindako aurkezpenean; Nick Caven ‘Nocturama’ (2003) diskoa euskaratu baitu.
Tonu irmo eta kutsu zinematografikoa duela kontatu du aurkezpenean, lehen aldia izan da bertsioen disko bat grabatu duena.
2014ko proiektu batetik eratorritako ideia da diskoarena; izan ere, Izan & Star zikloaren barnean euskal musikariei atzerriko musikarien diskoak euskal kantutegira ekartzeko proposamena egin zieten. Australiarraren ‘Nocturama’ko kantuekin eman zituen lauzpabost kontzertu Murugarrenek bandarekin batera.
Kontatu du orain dela gutxi, berriro ere elkartu eta diskoa «betikotzeko» grabatzea bururatu zitzaiela. Lehenagotik lagun zituen Rafa Aceves (pianoa), Miguel Ramirez (gitarra eta baxua), Oriol Flores (bateria), Angel Unzu (gitarra) eta Gaizka Insunza (koruak) izan ditu bidelagun. Egun bakarrean grabatu zuten, eta hori nabari dela azaldu du aurkezpenean, nahiz eta ondorenera nahasketekin hasierako kantuak «pixka bat ukitu» zituzten.
Abestiak oso lirikoak direla azaldu du musikariak, eta pianoak oso tonu melodikoak ematen dizkiola. Letren inguruan galdetuta, elurraren figuraren erabilera nabarmendu du Murugarrenek: «Elurraren metaforak oso ongi deskribatzen du letretan jasotzen dena, hoztasuna, bakardadea, isiltasuna, ukitu gabeko elurrak sortzen duen sentsazioa…», hori izan da tonua bere arabera. Pertsona hauskorretan oinarritzen direla kantuak adierazi du prentsaren aurrean, eta musikak giro hori indartzen laguntzen duela esan du.
Oso gutxitan erabili izan ditu beste norbaiten hitzak bere kantuetarako errenteriarrak, eta kasu honetan, beste baten hitzak euskaratu behar izan ditu, erronkarik handiena errimarena izan dela aitortu du: «Ez da itzulpen soil bat, adaptazio batean errima oso estua da, silaba konkretuak erabili behar dituzu melodiari eusteko… Interesgarria izan da lana, bide berriak topatu behar direlako berak esan nahi duena euskaraz esateko».
Lozorrotik esnatzeko deia
Mamiaren berri eman ostean, azalari begira jarri da. Bere argazki bat ageri da, buruan betaurrekoak eta musika entzuteko kaskoak dituela. Joku bezala osatu dutela kontatu du: «Estudioan geunden eta argazki hau atera nuen, betaurrekoek zuk beste sortzaile bati ikusteko ikuspegia nolakoa den sinbolizatzen dute, eta kaskoek musika. Egokia iruditu zitzaidan. Eta ondoren, beste taldekideei esan nien beraiek ere argazki bat atera zezaten, bakoitzak berea egin du, jolas moduko bat izan da».
Disko berriak «lozorrotik» ateratzeko balio izan diola aitortu du Murugarrenek, eta datorren urtean bere kantuekin osatutako disko bat kaleratzea aurreikusten du. Durangoko Azokara ez direla helduko azaldu du, penarik gabe baina: «Batzuetan arrabots handirik ez baldin badago errazagoa da zure burua aurkitzea».
Bestalde, argitaratu berri du diskoaren kontzertuak udazkenetik aurrera egingo dituztela esan du.