BABESLEDUN EDUKIA

Karmenak pil-pilean dira Bizkaian

Uztaileko hirugarren asteburua Karmen jaiei eskainita egongo da Euskal Herrian, eta kukuka ari dira jada. Bizkaian, herri zerrenda luzea izango da festetan: Zornotza, Barakaldo, Santurtzi, Markina-Xemein eta Larrabasterra, besteak beste.

Zornotzako marmitako lehiaketa hurrengo larunbatean egingo da, uztailak 22.
Zornotzako marmitako lehiaketa hurrengo larunbatean egingo da, uztailak 22. (Oskar MATXIN | FOKU)

Zornotzan uztailaren 15etik 27ra izango dira Karmengo jaiak eta santanatxuak, egitarau luzea izango dute beraz, denetariko 100 jarduera baino gehiagorekin. Udalak herriko hainbat talde eta mugimendurekin batera antolatutako jaietan ez dira faltako: jolasak, herri kirolak, pintxo pote animatua, play back lehiaketa, danborrada, zirku tailerra, duatloi txikia, baserritarren azoka...

Jaiei hasiera emateko, herriko mugimendu feminista osatzen duten lau taldeak arduratuko dira pregoia eta txupina botatzeaz, Karmengo amaren bezperan (uztailak 15, larunbata): Zornotzako Talde Feminista, Plataforma M8, Suhaziak eta Akelarre aniztasun taldea. Ondoren, Zorhontzaren kalejira egingo dute. Emakumeek, gainera, presentzia are bereziagoa izango dute, Marixelarre Saria jasoko baitute 1940 eta 1975 urteen artean lan profesional bat izan zuten herriko emakumeek. «Garrantzitsuak izan dira familiaren ekonomian, eta euskal gizartean, kulturan eta tradizioan», azaldu du Ainhoa Salterain alkateak.

Gainera, musika emanaldi eta kontzertu mordoa eta estilo askotarikoak izango dituzte, Zubiondo plazako eszenatokiaren eta Zelaieta parkearen artean: Zetak, ETS, OBK, Chimo Bayo, Kai Nakai, Delirium Tremens, Puro Relajo, Olatz Salvador, Kalakan, La furia, Zornotzako Musika Banda, Txistularien Kontzertua, batukadak, txarangak… ez da aspertzeko aukerarik izango.

Zornotzako establezimendu laguntzaileak: Iker Albizuri Carpinteria-Aluminios, La Amistad Jatetxea, Maderas Ixer Oholtzak, Carrocerias Tres Estrellas, Singing Munch, Xiberu Taberna, Laurok Aseguruak, Yela Estetika, Urtza Taberna, Uxarte Sagardotegia, Sukoi, Sortzen, Auzokoa jatetxea, Pizzeria Venezia.

Bilboko Itsasadarraren bi aldeetan ere ibiliko dira parrandan egunotan. Izan ere, ezkerraldean, Barakaldon eta Santurtzin Karmenak ospatuko dituzte, uztailaren 14tik 23ra, hamar eguneko jai egitaraua, bai horixe!

Barakaldoko txupinazoa larunbatean botako dute. Irudian, 2022 urtekoa.

Barakaldoko karmenetako jaiak uztailaren 15etik 23ra bitartean ospatuko dituzte. Udalak jakinarazi duenez, jaiek 240 jarduera baino gehiago izango dituzte aukeran, eta adin guztietakoak hartu dituzte kontuan.

Kirol kutsu handia izango dute aurtengo karmenek, hiriko hiru klub izango baitira jaien ordezkariak. Zehazki, Zuazo eskubaloiko emakume jokalariek pregoilari lana egingo dute, eta Union Sport San Vicente eta Retuerto klubek, mendeurrena dutela eta, txupina botako dute. Hori guztia larunbatean (uztailak 15), 20:00etan, Jolin eta Deabru Herriko Plazara iristean, kuadrillekin batera.

Arimaktore konpainia arduratuko da lehen jai-ekitaldiaz: «Sorpresak izango ditugu, hala nola, Barakaldoko elementu berriak jaitsieran, auzoetako jaietako maskotak, pregoilari eta txupin-jaurtitzailearentzako karroza berezia...», azaldu du konpainiako kide Nerea Canterok.

Horretaz gain, aurtengo berritasuna izango da haurren eremua lekuz aldatu dutela: San Bizente parkean egongo da, aurrekoak baino eremu freskoago delakoan. Astelehenetik ostiralera, tailerrak, puzgarriak, buruhandiak, apar festa, haurrentzako emanaldiak... izango dituzte han.

Musikari dagokionez, urtero bezala, Barakaldok bi agertoki handi izango ditu kontzertuetarako: Herriko Plaza, Udal Jai Batzordeak lotutako taldeekin, eta Anaien Parkea, txosnen programazioarekin. Zortzi musika-gau izango dituzte, eta euskal panoramako ETS, Liher, Lehendakaris Muertos edo Korrontzi taldeez gain, Zoo talde valentziarraz gozatu eta Viccoren 'Nochentera' dantzatzeko aukera egongo da, besteren artean.

Nabarmentzekoa da, halaber, Rataplanen itzulera. Eskulturen plazan egingo dute kale-antzerkia, uztailaren 16tik 22ra, arratsaldero, 19:30ean. Programak Euskadiko, Kataluniako eta Frantziako bederatzi konpainia jasoko ditu.

Barakaldoko establezimendu laguntzaileak: Bar Mendi, El Horreo, Eguzki Taberna, Sugoi Taberna, Txintxilin, Jokin Bar.

Santurtziko abesbatza eta musika taldeak igande eguerdian irtengo dira. (Oskar MATXIN | FOKU)

Santurtziko Karmengo jaiak, bestalde, egun bat lehenago hasiko dira, ostiralean (uztailak 14), eta 23an bukatuko dira. Jardueraz beteak egongo dira jaiak: xake jaialdia, pintura eta eskulanen lehiaketa, sardinaren igerialdia, eskupilota txapelketa, dantza taldeen alardea, nekazaritza azoka, marmitako txapelketa, haur parkea....

Jaietan omenaldia egingo diete Gazteak eta Dinamo San Juan klubei, Parke Nagusian, 50. urteurrena dutela eta. Horrez gain, Akerbeltz kuadrillak ere omenaldia jasoko du, 15 urtez parte hartzeagatik jaietan. Horrela, bi klub horietako kideen esku izango da aurtengo pregoia, pantalanetan, Santurtziko Txosna guneak antolatuta. Ondoren, Sardinoren aurkezpena egin eta txosnak irekiko dituzte.

Gainera, musika estilo ezberdinak izango dituzte, gustu guztietara iristeko helburuarekin. Hala, bederatzi gauez, dozena bat kontzertu baino gehiago antolatu dituzte. Janus Lester taldea, Jokin Pinatxoren musika proiektua, soul eta funk aireak nahastuz arituko da; Luz Casal abeslari galiziarrak disko berria aurkeztuko du; urtero jaietan jende gehien biltzen duen kontzertuetako bat Santurtziko Unión Musical Vizcayarena izaten da, eta aurtengoan, Eñaut Elorrieta kantariaren laguntza izango du; Ana Mena abeslaria ere izango da Santurtzin. Serantes ACMUSIC Musika Elkarteak aukeratutako herriko bandek ere euren tartean izango dute.

Santurtziko establezimendu laguntzaileak: Lagun Etxea, Antolin Joyeros.

Markinako trikitilari eta erraldoiak, iazko jai hasierako kalejiran. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Markina-Xemeinen ere ostiralean hasiko dituzte ofizialki jaiak (uztailak 14) eta hilaren 17a arteko luzatuko dituzte, hau da, lau egun intentsu izango dituzte. Artibai Futbol Taldea izango da aurtengo pregoilaria, 40 urte betetzen dituelako eta “talde lanaren eta elkartasunaren eredu” gisa izendatu dituzte.

Pozik daude antolatzaileak, izan ere, aurtengo herri bazkarian, marka guztiak hautsiko dituzte, 2.867 herritarrek eman baitute izena. Horretaz gain, nabarmendu nahi izan dute Karmen egunean jokatuko duten Grand Slam zesta punta zirkuituaren finala. Gainontzean ere, denetik izango dute: bertsolariak, ume eta gaztetxoen parkea, kontzertuak, artisau eta sortzaileen azoka eta askoz gehiago!

Markina-Xemeingo establezimendu laguntzaileak: Ateun Harategia, Garaje Arrate, Babbel.

Bilboko itsasadarraren eskuinaldean, berriz, Sopelan, jaietan dabiltza, zehazki, Larrabasterran, han ere Karmen jaiak ospatzen baitituzte. Jaien hasiera ostegun honetan izan zen; mozorrotuta ekin zieten jaiei, itsas kalejirarekin, eta, ondoren, Munarrikolanda Mendi Taldea arduratu zen pregoia eta txupina botatzeaz. Hemen ere laburrak izango dira jaiak, lau egun iraungo baitute, igandera arte (uztailak 16).

Marmitako lehiaketa izango da aurten ere kuadrillen arteko lehia ofiziala. Horretaz gain, argazki rallya, tiragoma txapelketa, kale antzerkia, umeentzako tailerrak... ez dira faltako.

Musikaren arloan, gaueko kontzertuetan izango dira zuzenean STR, Merina Gris, Bistiwarrior, Beietz eta Trikizio.

Larrabasterrako establezimendu laguntzaileak: Sopelako Euskaltegia.