NAIZ

Zerealak, frutak eta barazkiak, Euskal Herriko dietaren oinarri Goi Erdi Aroan landa eremuan

‘Elikaduraren arkeologia soziala Goi Erdi Aroko landa eremuan’ nazioarteko tesiak EHUren 2023ko aparteko doktorego saria lortu du. Maite Iris Garcia Collado ikerlariak garatu du tesia, Iberiar penintsulako hiru eskualdetako elikadura ereduak aztertuta.

Maite Iris Garcia Collado ikerlariak EHUko doktorego sari berezia jaso du.
Maite Iris Garcia Collado ikerlariak EHUko doktorego sari berezia jaso du. (EHU)

Iberiar penintsulako landa eremuko elikadura Goi Erdi Aroan aztertu du Maite Iris Garcia Collado EHUko ikertzaileak. Garcia Colladok garatutako tesiak EHUren aurtengo aparteko doktorego saria irabazi du. Iberiar penintsulako Goi Erdi Aroko landa eremuko elikadura ezagutzeko, hezur kolagenoaren gaineko karbonozko eta nitrogenozko isotopo egonkorren analisian oinarrituta hiru eskualdetako elikadura ereduak konparatu ditu ikertzaileak.

Ikerketarako laginak Iberiar penintsulako hiru zonaldetatik hartu zituen Garcia Colladok; hain zuzen ere, Madril-Toledo, Euskal Herria eta Kataluniatik. V. Eta IX. Mendeetako hamar landa kokalekutan hartu ziren laginak, ikerlariaren arabera.

«Goi Erdi Arorako Iberiar penintsulan (inoiz aztertu gabeko eremu geografikoetan) elikadurari buruz orain arte egin diren berreraikuntzetatik handiena da», azaldu du ikertzaileak.

«Oso datu interesgarriak daude animaliak kudeatzeko estrategiei eta landa gizarte horietako nekazaritza jarduerei buruz», adierazi du Garcia Colladok. Ikerlariaren arabera, eskualde bereko animaliak «antzera» elikatzen ziren, eta, oro har, ez zegoen «alde nabarmenik» behien, ardien, ahuntzen, zaldien eta astoen artean.

Madril-Toledon eta Euskal Herrian txerriak leku irekietara eramaten ziren bazkatzera; Kataluniako txerriak, aitzitik, «etxeko hondakinekin elikatu ohi ziren, partzialki behintzat, eta patioetan hazten ziren seguruenik», azaldu du. Aldiz, txakurrak eta katuak gizakiekin kontaktuan bizi ziren eta «etxeko hondakinekin» elikatzen zituzten gizakiek batez ere.

Gizakien dieta

Gizakien dietari dagokionez, ikerlariak azaldu du Euskal Herrian «elikaduran landare baliabideek garrantzi handia zutela, batez ere zerealek, frutek eta barazkiek, eta, zehazkiago, artatxiki asko» kontsumitu ohi zutela. Kataluniako kokaguneetako eta Madril-Toledoko herrietako giza dieta Euskal Herrikoaren antzekoa zen, lurreko baliabideak kontsumitzen zituzten batik bat, baina Katalunian animalia jatorriko proteina gehiago jaten zuten.

«Oso zaila da Goi Erdi Aroan Iberiako landa populazioek zuten dieta tipiko bat zehaztea», azaldu du. Garai horretako elikaduran ezaugarri nagusia aniztasuna zen, «tokiko baliabideen eskuragarritasuna» eta «kondizio politiko, kultural eta sozialak» eragina izango zutela aditzera eman du.

Bestalde, tesian dietak estatus sozialaren adierazle gisa duen zeregina ere ikertu du, hilobietan zeuden hileta biltegiak aztertuta, baita hilobiek erkidegoko hilerrien barruan edo kanpoan edota elizekin lotuta zuten kokapen topografikoa ere. «Elikaduraren eta estatus sozialaren arteko harremana korapilatsua zen, eta ez zuen argi eta garbi funtzionatzen», ondorioztatu du. 

«Madril-Toledon eta Euskal Herrian ohikoagoa zen edozein tramankulurekin lurperatutako pertsonek beren dietetan artatxiki kopuru jakin batzuk izatea. Horrek adierazten du zerealen kontsumo ereduek eta, bereziki, artatxikiaren eta artatxiki iletsuaren kontsumo ereduek rol garrantzitsua izan zutela gizarte estatusa zehazteko».

Halaber, ikerketak egiaztatu du hilobien kokapen topografikoa ere ez zegoela zuzenean lotuta elikadurarekin. «Inola ere ezin izan da identifikatu elikadura eredu espezifikoak dituzten gizabanakoen multzorik eremu garrantzitsuenen inguruan, adibidez, elizen absidean. Izan ere, leku marjinaletan lurperatu zituzten arren, silo eta putzuetan aurkitutako pertsonen dietak produktu mota berean oinarrituta zeuden ziurrenik».

Garcia Colladok gaia ikertzen jarraituko duela jakinarazi du, EHU eta University of York Unibertsitatean.