Elizondon astelehen arratsaldean botako dute santiotako txupinazoa, eta egitaraua ostirala arte (uztailak 28) luzatuko da. Lehen egun honetan, ez dira faltako ohiko baztan zopak plazan eta, ondotik, konpartsarekin itzulia. Aurten, festetako marrrazkien irabazleak botako du txupinazoa, Jone Olazarrek hain zuzen.
Asteartea (uztailak 25) izango da jai egun nagusia eta, hori ospatzeko, goizean meza nagusia, karrikadantza. mutildantzak eta erraldoien dantzak izango dira. Arratsaldean, berriz, herri kirolak, pilota jaialdia edo Baztango Dantzarien emanaldia ikusteko aukera izango da.
Beste hainbat ekitaldiren artean, aipatzekoak dira kuadrillen bazkaria asteazkenean (uztailak 26), bertso saioa ostegunean (uztailak 27) eta zikiro jatea ostiralean (uztailak 28) Iriarte pilotalekuan.
Musika arloari dagokionez, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita, besteak beste: Raimundo el Canastero (astelehena 24); Los Cazahuetes mariatxiak eta Bizpahiru Pelau (asteartea 25); Olaia Inziarte eta Trikidantz (asteazkena 26); eta The Drunken Barrels eta Kamuts (osteguna 27). Azken egunean (ostirala 28), "Gizajoa ni" eta kalejiraren ondoren, DJ Piek arituko da plazan.
Elizondoko establezimendu laguntzaileak: Malkorra gozotegia, Arkupe gozotegia, Sagardiko banaketak.
Garesen ere astelehenean hasiko dira jaiak (uztailak 24) baina Arga ondoko herri honetan sei egunez luzatuko da egitaraua. Txupinazoa eguerdiko 13.00etan izango da eta aurten herriko Taekwondo taldeko bi kidek botako dute, azken 40 urteotan herrian egin duten lana aitortzeko. Lehen egun honetan ere ez da faltako ohiko Riau-Riau ekitaldia. Bertan, Udalbatza bezperetara abiatuko da 17.30ean herriko kaleetan zehar Union Musical Puentesina taldearekin.
Hortik aurrera, eta larunbata bitartean, egitarau anitza prestatu du jai batzordeak garestar guztientzat, txikienetik hasi eta helduenera iritsi arte, baita jaietaz gozatu nahi duten kanpotar guztientzat ere. Aurtengo berritasunen artean, aipatzekoak dira Riau-Riau bukatzean egingo den kolore festa eta Burdin Taupadak-en emanaldia. Horiekin batera, aurreko urteetan arrakasta handiena izan duten jarduerak berreskuratuko dira, hala nola Santiago eguneko pilota partida, mariatxiak edo Mugitu Aventuraren aktibitateak ibai ertzean. Era berean, egunero entzierroak eta zezen ikuskizunak izango dira.
Asteazkenean (uztailak 26) haurren eta nagusien eguna ospatuko da, ostegunean (uztailak 27) gazteen eguna eta ostiralean (uztailak 28) herri bazkaria ospatuko da 14.30ean kale nagusian. Larunbatean (uztailak 29) azken eguna izango da eta goizaldeko 01.00etan "Gaixoa ni" abestu eta azken traka botako dute.
Garesko establezimendu eta erakunde laguntzaileak: Garesko Udala, Aislamientos Gares.
Tuteran ere astelehenean hasiko dira Santa Ana jaiak, baina kasu honetan igandera arte luzatuko dira (uztailak 30) eta zazpi egun hauetan, egitarau zabala prestatu dute bai Udalak baita herriko peñek ere.
Jai hasierako txupinazoa astelehenean bertan izango da (uztailak 24) eguerdiko 12etan eta bertan, «jaiak pozik hasteko» ezusteko bat izango dela iragarri du Udalak. Txupinazoa bota bezain laister, peñak kalejiran irtengo dira txaranga doinuekin lagunduta. Beste batzuk, ordea, DJ eta kontzertuak antolatu dituzte astelehen eguerdirako.
Ohikoa den bezala, aurtengo egitarauan ez dira faltako entzierroak, hamaiketako herrikoiak, erraldoi eta buruhaundien kalejirak edota gaueko larrain dantzak, Foruen plazan. Hala ere, aurten izango da berritasunik, Konstituzio plazan umeentzako parke berezia zabalduko baita, egunero, arratsaldeko 19.00etatik 21.00etara. Guztira, 200 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte.
Asteazkenean (uztailak 26) omenaldia egingo zaio Eguzki konpartsari eta jarraian gazte olinpiadak ospatuko dira, Tuteran Jai konpartsak antolatuta. Osteguna (uztailak 27) herri kirolei eta artisau elikagaiei eskainitako eguna izango da, eta iluntzean Laya dantza taldearen kalejira abiatuko da, txistulariek lagunduta.
Larunbatean (uztailak 29) Nafarroako erraldoien hainbat konpartsa elkartuko dira alde zaharrean eta igandean amaiera emango zaie aurtengo jaiei, goizaldeko ordubatean egingo den "gaixoa ni" ekitaldiarekin.
Tuterako erakunde laguntzaileak: Peña Beterri.