Naroa Apaolaza

Arabako etxeko eta zainketako langileen elkarteak jaso du 2023ko Gasteizko Txosnisaria

Gasteizko Txosnen kideek Arabako etxeko eta zainketako langileen elkarteari eman diote aurtengo Txosnisaria. Jaien atarian, txosnetan parte hartzen duten herri mugimenduek elkarteari aurtengo saria eskaintzea erabaki dute hauen etengabeko borroka eta lana balioan jartzeko.

Gasteizko Txosnen kideek Arabako etxeko eta zainketako langileen elkarteari eman diote aurtengo Txosnisaria.
Gasteizko Txosnen kideek Arabako etxeko eta zainketako langileen elkarteari eman diote aurtengo Txosnisaria. (NAIZ)

Gasteizko Txosnen 2023ko Txosnisaria Arabako etxeko eta zainketako langileen elkarteak jasoko duela jakinarazi dute txosnetako kideek astearte honetan. Jaien bezperan Gasteizko hainbat herri mugimenduek lanean dabiltza abuztuak 3tik 9ra izango den txosnetako egitaraurako guztia prest izateko asmoz.

«Urtetan zehar haien borroka eta zaintza erdigunean jartzeagatik emango diogu Gasteizko Txosnetak txosnisaria Arabako etxeko eta zainketako langileen elkarteari», adierazi du Uxue Villacorta kideak, elkartearen eguneroko lana azpimarratu nahian.

Horretaz gain, aurtengo «egitarau anitzean» izango diren ekimenak nabarmendu nahi izan ditu Jon Mendizabal kideak. «Zazpi festagune, zazpi txosna, hiru karpa, lau agertoki eta gustu askotariko 42 kontzertu, ikuskizun eta emanaldi izango dira Gasteizko Txosnagunean», nabarmendu du Mendizabalek.

«Herri Mugimendu ezberdinen bilgunea» dela adierazi dute kideek. Orotara, jaietan zehar 1.500 kide arituko dira txosnak muntatzen, barren atzean eta jai eremua koordinatzen. Horretaz gain, jaietan zehar parte hartzen dute mugimenduek bere lekua izateko txosnen beharra azpimarratu nahi izan dute. «Txosnak aukera bat dira, baina baita behar bat ere, Gasteizek behar duena», adierazi du Villacortak.

Erasoen aurkako protokoloa

«Argi utzi nahi dugu ez dugula inolako eraso matxista, xenofobo edo homofoborik onartuko», azpimarratu du Villacortak. Aurten ere mugimendu feministak protokolo bat garatu eta ezarri du Toxsnagunean erasoren bat emanez gero, indarrean jartzeko.

«Aurtengo protokoloa, urte hauetan zehar izandako saiakera eta akatsen ikaskuntza eta hausnarketa kolektibotik sortu da, hain zuzen ere», adierazi du Mugimendu feministak. Horretaz gain, «tresna irekia» dela azpimarratu du; hau da, egoeraren arabera, momentuko protokolo arduradunek «errealitatera moldatzea» ahalbidetzen duena.

Horretaz gain, protokoloa txosnetan izango diren kideekin, Aihotz plazako GEU txosnarekin eta erdiguneko hainbat tabernekin landu duela jakinarazi du. «Protokoloarekiko konpromisoa Mugimendu Feministatik haratago joan behar dela ulertzen dugu, izan ere, jaietan modu batean edo bestean parte hartzen duten guztien ardura baita», adierazi du.

Gainera, Gasteizko Mugimendu feministak izan ahal diren erasoei erantzun ahal izateko telefono zenbaki bat aktibo izango duela adierazi du. 747 414 834 da telefono zenbakia. Horretaz gain, hala erabakitzen bada, erasoren bat egonez gero, hurrengo egunean jendarteratze bat deituko duela adierazi du mugimendu feministak.