NAIZ

Benizze proiektuak irabazi du I. Paradisu Zinema musika beka

Beñat Goitia gasteiztarraren Benizze proiektuak eskuratu du Iñigo Muguruzaren omenez sortutako Paradisu Zinema beka, bere lehen edizioan. Urte bateko epea izango du proiektua ondu eta grabatzeko, eta EHZ festibalean ikusi ahalko da estreinekoz zuzenean. 

Benizze proiektuaren promozioko argazkia.
Benizze proiektuaren promozioko argazkia. (NAIZ)

Iñigo Muguruzaren omenez sortutako beka da Paradisu Zinema eta, honen lehen edizioan, musikari irundarraren «ausardia eta freskura hizpide» dituen proiektua izango da beka eskuratu duena: Benizze.

Beñat Goitia gasteiztarraren proiektu berria da Benizze. Montauk taldearekin bi disko grabatu ondoren bakarkako ibilbidea hasi zuen Goitiak eta, Benizze izenpean, disko bat argitaratua du jada: ‘Erraia’ (2022).

Bekaren sustatzaileek –EHZ festibala, Antzeta Irratia eta Elkar argitaletxea– nabarmendu dutenez, ibilbidearen hastapenetan dagoen proiektu hau «gaur egun Euskal Herrian belaunaldi gazteen musika ohiturekin erraz uztartzen da» eta garrantzitsua irizten diote «musika estilo ezberdinek lekua ukatea euskal musikaren baitan. Euskaldunok, musika estilo orotan ukan dezagun erreferenterik», jarri dute azpimarra.

Orotara bekara 28 proposamen aurkeztu direla ere jakinarazi dute, eta horiei eskertza ere helarazi nahi izan diete sustatzaileek, jasotako lanen kalitatea nabarmentzeaz gainera. «Euskal Herrian eta euskaraz asko ekoizten dela argi gelditu zaigu, estilo ezberdinetan gainera», ospatu dute.

Behin beka jasota, irabazleak urte bateko epea izango du Benizze proiektua borobildu eta grabatzeko, eta 2024. urteko EHZ festibalean eskainiko du bere lehen kontzertua.