NAIZ

Belaunaldi desberdinetako hainbat emakume ikertzaile elkartu dira esperientziak partekatzeko

BRTA ikerketa aliantzak Emakume Ikerlarien I. Topaketa antolatu du astelehen honetan, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Bertan, ikertzaile seniorrak eta juniorrak elkartu dira eta belaunaldien artean esperientziak partekatu dituzte, bai eta etorkizunerako bide-orria landu ere.

Donostiako Teknologia Parkean elkartu dira hainbat emakume ikerlari.
Donostiako Teknologia Parkean elkartu dira hainbat emakume ikerlari. (BRTA)

Emakume ikertzaileen ahalduntzearen mesedetan belaunaldien arteko esperientzia trukaketak sustatu eta berdintasunaren bidean etorkizuneko bide-orria izan litekeenaren oinarria landu dituzte belaunaldi desberdinetako hainbat emakume ikerlari astelehen honetan BRTAk antolatutako Emakume Ikerlarien I. Topaketan. Donostian dagoen Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia parkeak hartu du ekitaldia.

Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, jardunaldia ikerketa, zientzia eta teknologiaren eremuan emakumeek bizi duten errealitatearen inguruko gogoetekin abiatu da saioa. BRTAko zentroetan lanean diharduten hainbat emakume ikertzaile seniorrek beren ibilbide profesionalen berri eman dute bizipen pertsonalak oinarri hartuta.

Jarraian, ikertzaile senior horiek topaketara bertaratu diren ikertzaile juniorrekin elkartu dira talde ezberdinak osatuz. Horrela, diotenez, «juniorrei emakumezko erreferenteak eskaini zaizkie inspirazio gisa».

Ibilbide profesionalean topaturiko oztopo eta aukerak partekatuz, emakumeek zientzia eta teknologiaren alorrean bizi dituzten egiturazko ezberdintasunez gogoeta egin dute. Hausnarketa horretatik, berdintasunera bidean errealitate horietan eragiteko tresnak identifikatu dituzte eta etorkizuneko bide-orria izan litekeenaren oinarria landu dute.

Garbiñe Manterola BRTAko Transferentzia arduradunak honakoa nabarmendu du topaketaren itxieran: «Emakume ikerlariek beren ibilbide profesionalean topatzen dituzten egiturazko oztopoak identifikatu eta hauetan esku-hartzeko tresnak sortzea dugu helburu, egungo ikerlari juniorrei etorkizun berdinzale eta justuago bat eskaintzeko asmoz. Hausnarketa honetatik emakumeek aukera berdintasunez jarduteko estrategia eraginkorrak garatuko ditugu».

2019an sortu zen Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantza eta berau osatzen duten zentroen helburua da ikerkuntzan eta teknologian oinarritutako ezagutza transferitzea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako industriari eta enpresei, betiere lurraldearen ekonomia indartzeko helburuarekin. 4 ikerketa-zentro kooperatibok eta 13 zentro teknologikok osatzen dute aliantza: CIC bioGUNE, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, CIC energiGUNE, Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Leartiker, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicomtech.