Kostaldeko begiratokien ibilbidea: itsasoaren handitasuna, parez pare
Hamar begiratoki berezi bisitatu ditugu Euskal Kostaldeko Geoparkearen panoramika ikusgarriaz gozatzeko. Talaiak izan ditugu bidelagun. Paisaiaz disfrutatzeaz gain, parean izan ditugun ikuskizun liluragarrien sorrera, bilakaera eta historia ezagutzen eta ulertzen lagundu digute.
Historiaurreko bailara
Debatik Sasiolara doan errege-bidean dago kokatuta plataforma. Zintzilik dago Deba ibaiaren meandroaren gainean, harkaitzezko piramide handiz inguratuta. Geoparkeko karst pinakulua da, eta hortxe daude gizakiek 200.000 urtez baino gehiagoz okupatu zituzten haitzuloak. Beraz, historiaurreko Haranean sartzeko leku aproposa da.
Nola iritsi: Debatik oinez.
Algorri: dinosauroen desagerpena
Egun, bisitatuena da Algorriko begiratokia. Itsasbazterreko ikuspegi ikusgarriak eskaintzen ditu, bereziki itsasbehera denean. Izan ere, mundu mailako interes geologikoko tokirik garrantzitsuenetakoa izateaz gain, Lurraren historiako gertaera garrantzitsuenetako bat ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen du: duela 66 milioi urte gertatutako dinosauroen desagerpena.
Nola iritsi: Zumaiatik oinez, San Telmo ermitatik aurrera.
Baratzarrak
Deba-Zumaia Paisaia Natural Babestuaren bihotzean kokatuta dago. Bertatik, Geoparkearen barrualdeko panoramika zoragarriaz gozatu ahal da, baina, horretarako, Elorriagako atsedenlekutik oinez abiatu behar da. Geoparkeko itsaslabar garaienen eta marearteko zabalgunearen panoramika zoragarria eskaintzen du lur-irristatze handi batetik ehun metro baino gehiagora zintzilikatutako egurrezko plataformak.
Nola iritsi: oinez, Elorriagako atsedenlekuko aparkalekutik eta GR 121etik.
Lapari
Lapari hondartzari dagokionez, Solozabal pasealekuaren goialdean dago, eta punturik hoberena omen da Flysch beltza, Geoparkeko flyschik zaharrena, ikusteko eta ezagutzeko. Behe Kretazeora bidaiatzeko gonbita egiten du bertatik ikusten den panoramikak, baita koralen itsaso tropikalean eta itsaspeko kono handietan murgiltzeko ere.
Nola iritsi: oinez, Debako itsas pasealekuaren amaiera aldean, Itziarrerantz.
Mendatagaina
Bereziki Sakoneta hondartzako aparteko irudi zoragarriaz gozatu ahal da Aitzuriko hormatzar handiaren gainean dagoen begiratokitik. Altuera duenez, puntu horretatik ikusi eta uler daitezke kostaldearen higadura-dinamikak eta itsaslabarren eta marearteko zabalgunearen eraketa.
Nola iritsi: oinez, surflariak maiz erabiltzen duten aparkaleku txiki batetik abiatuta.
Sakoneta-Portutxiki
Inguru honetan flyscha higatu egin da, eta sarrera zaileko kala txikiak eta itsaslabar handiak sortu dira. Geoparkeko kostaldeko zatirik basatiena dela esan ohi da. Egia esan, Sakoneta beste planeta bateko tokia dela dirudi. Berez, ikusgarria da, baina are gehiago itsasbehera dagoenean. Zalantzarik gabe, bertaratzen denak euskal kostaldeko paisaiarik harrigarrienetakoa izango du pare-parean.
Nola iritsi: Errotaberriko aparkalekutik oinez joanda, piknik- eta erretegi-gunearen ondotik, edo GR 121etik.
Lastur
Lasturreko bailara nahitaez bisitatu beharko luke Geoparkearen barnealdea ezagutu nahi duenak. Hegoaldeko sarreran, begiratokian gelditu daiteke, sakonune handi eta luzearen eraketa ikusteko eta urteetan izandako bilakaera ulertzeko.
Nola iritsi: Sasiolako zubiaren bidegurutzetik ateratzen den errepidetik, N634 errepidean, Lasturrerako norabidean.
Olatz
Olatz bailarara hurbiltzen dena sakonune handi batean sartuko da, benetan berezia eta desberdina delako parajea, mendi piramidalez inguraturik eta baserriz josita. Gainera, hiru begiratokiak baliatuz, naturaz gozatzeko eta sakonune karstiko handi hau nola sortu zen ulertzeko aukera interesgarria izango du bisitariak.
Nola iritsi: oinez, ermitako aparkalekutik.
Saturraran
Ilargi-erdi forma duen Saturrarango hondartza bereziak Geoparkearen amaiera markatzen du mendebaldetik. Landetako harri-koskorrak aurki daitezke bertan. Bizkaiko golkoaren irekiera zen, baina itsas hondoa hautsi egin zen, itsaspeko arroilak sortuz eta harkaitz ugari eroriz.
Nola iritsi: Saturraran hondartzako aparkalekuan bertan.
Santa Katalina
Flyscharen ibilbideko GR 121ean bertan dago, eta Euskal Kostaldeko Geoparkea 360 graduko begirada bakar batean ezagutzeko parada ezin hobea eskaintzen du. Talaia natural nagusia da eta, gainera, artez blai dago, inguruan balio handiko ermitak daudelako.
Nola iritsi: Debatik oinez joanda, GR 121en marra gorri eta zuriei jarraituz.