NAIZ
Bilbo

Silvio Rodriguezek euskaraz kantatuko du Jon Maiaren ‘Kantu berri bat gara’ lan berrian

2021. urte bukaeran Jon Maiak ‘Kantu bat gara’ lana atera zuen eta, haren arrakastaren bulkadarekin, bi urte igaro eta gero lan berri batekin dator. ‘Kantu berri bat gara’ diskoa azaroan aurkeztuko da, baina parte hartuko duten gonbidatuen artean Silvio Rodriguez izango dela aurreratu du Elkarrek.

Silvio Rodriguez, Donostian 2016an eman zuen kontzertuan.
Silvio Rodriguez, Donostian 2016an eman zuen kontzertuan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Elkar argitaletxeak asteazkenean aurreratu duenez, ‘Kantu berri bat gara’ disko berri honek ere goi mailako kolaboratzaileak ditu: Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Luis Pastor kantautore madrildarra, Mikel Kazalis, Maddalen Arzallus, Ibrahima Balde (‘Miñan’), Ulu media, Elizondoko Abesbatza Ttikia eta, ustekabekorik handiena, bere milaka jarraitzaileentzat eta euskararentzat ere opari bat izango dena: Silvio Rodriguez.

Silvio Rodriguez kantautore kubatarrak Jon Maiaren gonbidapena onartu eta euskaraz kantatu du ‘Nostalgia’ izeneko kantuan, Gorka Hermosaren doinuekin egina. Silvio Rodriguezena mundu mailako ahots ezagunenetako bat da eta Euskal Herrian hainbat aldiz izan da emanaldi handi eta hunkigarriak eginez. ‘Te doy una canción’, ‘Ojalá’, ‘Oleo de mujer con sombrero’, ‘El necio’ eta beste hainbat eta hainbat kantu historiko egin dituen abeslari handia oraingoan euskaraz kantatzen entzungo dugu Jon Maiarekin batera ‘Kantu berri bat gara’ lanean.

Diskoaren aurkezpen prentsaurrekoa azaroaren 8an izango da Bilboko Kafe Antzokian, Elkarrek aurreratu duenez.

Bilboko Arriaga antzokian 2022ko urtarrilaren 6an eman zuen lehen kontzertutik hona, beste hainbat eskaini izan ditu Jon Maiak Euskal Herriko hainbat antzokitan. ‘Kantu bat gara’ emanaldiak ez direlako kontzertu soilak izaten: Jon Maiak euskal kulturaren, historiaren eta identitatearen ikuspegi partikular bat zabaltzen du bere kantutegiaren bidez, hitzaren emozioa kantu bihurtuz eta publikoaren konplizitatea bilatuz beti.