NAIZ
Donostia

Silvio Rodriguez euskaraz ‘Nostalgia’ kantuan, primizian NAIZen azaroaren 6an

Silvio Rodriguez kantautore kubatarra lehen aldiz euskaraz kantuan aritu da Jon Maiaren ‘Kantu berri bat gara’ diskoko ‘Nostalgia’ abestian eta primizian entzun ahal izango da azaroaren 6an NAIZ Irratiko ‘Bigarren Kafea’ saioan.

Silvio Rodriguez Donostian izan zen 2016. urtean.
Silvio Rodriguez Donostian izan zen 2016. urtean. (Juan Carlos Ruiz | FOKU)

Himno eta kantu historiko askoren egile da Silvio Rodriguez, eta bere ekarpen musikalak mundua zeharkatu du urteetan. Euskal Herriarekin ere badu harreman estu bat eta ozeanoaren bi aldeak lotu izan dituen soka horrek beste katebegi bat izango du orain, Jon Maiaren ‘Kantu berri bat gara’ diskoan lehen aldiz euskaraz egin duen kolaborazioarekin.

Izan ere, kantautore kubatarra euskaraz abesten entzuteko aukera izango dugu aurrerantzean, baina kantu horretaz gozatzeko lehen aukera NAIZ Irratiak eskainiko du. Zehazki, primizian entzun ahal izango da datorren azaroaren 6an, goizeko 10.05etik aurrera, ‘Bigarren Kafea’ saioan. Gainera, 48 orduz NAIZen ikusgai izango da bideoklipa bera ere.

‘Kantu bat gara’ egitasmoarekin euskal kontzientziak eta arimak astindu eta mugitu zituen Jon Maia bertsolari eta sortzaile zumaiarrak. Orduan, urteetan zehar taldeentzat idatzi izan dituen letrak berreskuratu eta ariketa musikal berezia osatu zuen. Zuzenekoetan ere arrakasta itzela lortu zuen Maiak eta hari beretik jarraitzea erabaki du orain. ‘Kantu berri bat gara’ orduko proiektuaren jarraipen bidea da, disko-liburu formatuan azaroaren 8an aurkeztuko dena.

‘Bereterretxeren kantoria’-tik abiatuta, gaur egunera datorren ariketa intimo eta, era berean, kolektibo bat ere bada Maiak proposatzen duena. Identitatearen inguruko hausnarketa bat, historian zehar eusko lurrak eta izateak zeharkatu dituen errekasto horren gainean egindako bidea.

Ariketa honetan, goi mailako kolaboratzaileak ditu. Besteak beste, Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Luis Pastor kantautore madrildarra, Mikel Kazalis, Maddalen Arzallus edo Ibrahima Balde (‘Miñan’) bera.

Diskoaren aurkezpen ekitaldia azaroaren 8an izango da eta, lau egun beranduago, azaroaren 12an, igandez, 7K igandekarian Jon Maiarekin egindako elkarrizketa zabala argitaratuko da, non proiektuaren inguruko xehetasunak eskainiko baitituen, modu patsadatsuago batean.

Bilboko Arriaga antzokian 2022ko urtarrilaren 6an eman zuen lehen kontzertutik hona, beste hainbat eskaini izan ditu Jon Maiak Euskal Herriko hainbat antzokitan. ‘Kantu bat gara’ emanaldiak ez direlako kontzertu soilak izaten: Jon Maiak euskal kulturaren, historiaren eta identitatearen ikuspegi partikular bat zabaltzen du bere kantutegiaren bidez, hitzaren emozioa kantu bihurtuz eta publikoaren konplizitatea bilatuz beti.