Iragan uztailaren 1ean espazioratu zuten Europako Espazio Agentziaren Euclid misioa, unibertso iluna aztertzen ari dena, gai izan da unibertsoaren bere lehen irudiak koloretan erakusteko.
Orain arte, DIPC Donostia International Physics Centerretik adierazi dutenez, «teleskopio espazial batek ere ez zuen lortu hain irudi astronomiko aratzik, zeruaren hain eremu handian eta hain urrutitik (10.000 milioi argi-urteko distantziarainokoak)».
Bost irudi dira eta Euclidek duen potentzialaren adierazgarri dira, DIPCko zientzialarien arabera, erakusten baitute «teleskopioa prest dagoela unibertsoaren orain arteko 3Dko maparik zabalena sortzeko».
Datozen sei urteitan Euclidek milaka milioi galaxiaren formak, distantziak eta mugimenduak behatuko ditu.
Unibertsoa xehetasunez erakusten
«Oso atsegina eta gogobetegarria da irudi eder hauek ikustea, hainbeste urtez eraiki dugun tresna batekin hartu baitira. Harrigarria da konturatzea eraiki duzun zerbait oso urruti dagoela espazioan eta gai dela unibertsoa hainbesteko xehetasunez erakusteko. Irrikaz espero ditugu datozen aurkikuntza zientifikoak», esan du Francisco Castander zientzialariak, Euclid Partzuergoko kide denak, eta Espazioko Zientzien Institutuko (ICE-CSIC) eta Kataluniako Ezpazio Azterlanen Institutuko (IEEC) ikertzaile ere badenak.
Argitaratutako irudiek, DIPCren esanetan, «agerian uzten dute Eucliden ahalmen berezi hori: behaketek zeruko objektu guztiak erakusten dituzte, izar distiratsuak izan zein galaxia ahulak izan, betiere garbi-garbi, baita urruneko galaxien gainean zooma egiten denean ere».
«Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiet asmo handiko misio hau gauzatzen parte hartzen ari diren guztiei, Europako bikaintasunaren eta nazioarteko lankidetzaren isla baita. Euclidek hartutako lehen irudiak zirraragarriak dira, eta gogorarazten digute zergatik den funtsezkoa espaziora joatea unibertsoaren misterioei buruz gehiago ikasteko», adierazi du ESAko zuzendari nagusi Josef Aschbacherrek.
Irudiok, halaber, iturri ezin baliotsuagoa izango dira hobeto ulertzeko nola sortu diren eta nola eboluzionatu duten galaxiak gure unibertsoaren historian. «Irudi bakar batean, milaka galaxia ikus ditzakegu, xehetasun apartaz. Haiekin, proba egin ditzakegu zenbait ideia, milaka milioi urtean izarrek eta zulo beltzek izan zuten interakzioari buruzkoak», nabarmendu du DIPCko ikertzaile Silvia Bonolik.