NAIZ

Pottokaren jatorria eta eraldaketen ikerketa proiektua, UEU eta Badalab-en deialdiaren irabazle

Miren Iraeta, Oihane Mendizabal eta Sofia Marcosek egindako Euskal Herriko poniaren jatorri eta ondareari buruzko proposamenak irabazi du UEU eta Badalab-en ikerketa proiektuen deialdia.

Pottoka bat Urruñako mendietan, Aiako Harria atzean duela.
Pottoka bat Urruñako mendietan, Aiako Harria atzean duela. (Bob EDME)

Ikergazteren kongresutik abiatuta, UEUk eta BadaLab-ek abian jarri duten ikerketa proiektuen deialdiak ikertzaile gazte euskaldunak elkarlanean jarri eta euskarazko produkzioa sustatzea du helburu. Ikerketa proiektuen I. deialdi hau Miren Iraeta (Ikaztegieta), Oihane Mendizabal (Donostia) eta Sofia Marcosek (Iurreta) irabazi dute, Euskal Herriko poniaren jatorri eta ondarea aztertzeko helburuarekin.

Prentsaurrekoan Mendizabalek eta Marcosek hartu dute parte. Beraien esanetan, «pottokak, Euskal Herriko poni arrazak, bertako lurralde eta giza populazioarekin mendeetako historia partekatua du». Hala ere, «habitat galeraren eta teknologia aurrerakuntzen ondorioz, gaur egun desagertzeko arriskuan dagoen animalia da».

Oihane Mendizabal eta Sofia Marcos, irudian, eta Miren Iraeta dira proeiktuaren irabazleak. (UEU)

Kezka horri erantzunez eta Euskadiko Pottokazaleen Federazioarekin lankidetzan, bere jatorria argitzeko eta euskal historian izan duen garrantzia zabaltzeko ikerketa proiektu bat gauzatzeko asmoa azaldu dute.

Adierazi dutenez, Aranzadi Zientzia Elkarteko lantalde batek dagoeneko Hego Euskal Herriko aztarnategietan Brontze Arotik Erdi Arorainoko 423 zaldi lagin identifikatu ditu.

Hiru ikertzaileek beka irabazi dutenaren albistea sorpresaz eta ilusioz jaso dutela aipatu dute: «Berria jaso bezain laster ikerketa martxan jartzeko bilera bat egin genuen, analizatuko diren zaldi hezurren laginketekin hasi eta laborategiko lana abiarazteko. Datozen egunetan lanari ekiteko gogotsu eta indarrez beterik gaude».

Euskal gizartean izan duen garrantzia

Proiektu honekin, «etorkizunean pottoken jatorria ulertzeko proiektu zabalago baterako oinarri metodologikoak ezarri nahi ditugu», azaltzen dute egileek. Era berean, hainbat galderari erantzun nahi diete: pottokek iraganeko beste zaldi leinuekin zernolako gertutasun genetikoa duten, historian zehar jasandako aldaketa demografikoen aztarnarik baden, nolako ezaugarri fenotipikoak zituzten eta zein testuingurutan erabili ziren, besteak beste.

Honela, pottokaren jatorria eta denboran zehar jasandako eraldaketak argitzeko ikerketa ildoa jarriko dute martxan, Euskal Herriko gizartean izan duen garrantzia azpimarratzeaz gain.

Ainhoa Latatu, Ikergazte kongresuaren eta deialdiaren koordinatzaileak eman ditu xehetasunak. «Ezagutza arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea du helburu, hau da, ikerketarako esparru berriak irekitzea bultzatu nahi du, lan alor eta bide berriak zabalduz».

Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak aurkeztu du ikertzaile gazteentzat diziplinarteko ikerketa proiektuen I. deialdia, BadaLabekin elkarlanean, «ikerketak eta euskarak hauspo gehiago izan dezan».

Goiatz Oiartzabalek, BadaLabeko zuzendariak, bere aldetik azaldu du Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategia dela, hizkuntzaren eta berrikuntzaren intersekzioan kokatzen dena: «Helburua esperimentatzea da beraz, eta berrikuntzatik ekarpena egitea euskara etorkizunean ere erabilia izan dadin; modu horretan sustatzen baitira hiztunen artean berdintasuna, errespetua, justizia soziala eta enpatia».

Hiru neska gazte euskaldun

Euskadiko Pottokazaleen Federaziotik dator ikerketa hau hasteko interesa eta Iraetarekin jarri ziren harremanetan, «antzinako DNArekin duen lan esperientzia tarteko». Mendizabalek «laginak datozen aztarnategi arkeologikoen ezagutzaz gain, haien aukeraketa egin, testuingurua osatu eta lortutako emaitzen interpretazioan ekarpenak egitea» ahalbidetuko du, eta Marcosek dituen «bioinformatikako ezagutzei esker, laginen prozesaketa bioinformatikoa eta planteatu ditugun hipotesiak analisi estatistiko desberdinekin testatzeko gai izango gara».

«Deialdi honek hiru arlo desberdinetako ikerlariak elkar ezagutzeko eta batera lan egiteko aukera eskaini digu, pottoken jatorriari buruz lan egiteko aukera emateaz gain. Are gehiago, hiruok neska gazte ikertzaileak eta euskaldunak izanik, era autonomoago batean proiektua gauzatzeko aukera edukitzea luxu bat da guretzat», azpimarratu dute.