NAIZ

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 22.000 pertsona baino gehiago dabiltza ikerketa jardueretan

22.000 pertsona baino gehiago dabiltza ikerketaren alorrean lanean ‘Zientzia Euskadin 2023’ txostenaren ondorioek jakitera eman dutenez, eta goranzko joera positiboki baloratu dute Lakuako zein Ikerbasqueko ordezkariek. Genero-etena, aldiz, ez dela bereziki murrizten ari onartu dute aurkezpenean.

Geroz eta herritar gehiagok egiten du lan ikerketan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Geroz eta herritar gehiagok egiten du lan ikerketan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. (Gorka Rubio | FOKU)

‘Zientzia Euskadin 2023’ txostena aurkeztu dute asteazken goiz honetan; azken urtean izandako argitalpen kopuruen, ikertzaile kopuruen eta egindako inbertsioen berri eman dute. Jokin Bildarratz EAEko hezkuntza Sailburuak egin du aurkezpena Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearekin eta Fernando Cossio Ikerbasqueko Zuzendari Zientifikoarekin batera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 22.000 pertsona baino gehiago ari direla ikerketa jardueretan esan dute, 100 langiletik 2 baino gehiago.

Lanaldi osoko ikerketen baliokidetasunean (DOB) 14.000 langile baino gehiago egon daitezkeela nabarmendu dute, eta horrek ikertzaileen goranzko joera finkatzen duela azaldu: «Horrek esan nahi du Euskadiko biztanleria aktiboaren %2 baino gehiago I+G jarduerara dedikatzen direla, hau da, Euskadiko 100 langileetatik 2 pertsona ikertzera dedikatzen dira». Hala ere, ikertzaileen hazkundeak genero-etena murrizten ez duela bereziki lagundu aitortu dute, izan ere, DOBko emakumeen ehunekoa ozta-ozta iritsi da %35era.

Argitalpenei dagokionez, 2022. urtean 8.000 argitalpenetara hurbildu direla adierazi dute, 7.846 argitalpen egin dira hain zuzen ere. Kalitateari dagokionez, «dexente areagotu» dela esan dute, eta bi alderditan islatzen dela hori: «Ospe handienekotzat jotzen diren lehen kuartileko aldizkarietan argitaratutako ekoizpen zientifikoaren portzentajea bikoiztu egin da Euskadin azken hamarkada honetan. 2022an ekoizpen zientifikoaren %60a lehen kuartileko nazioarteko aldizkarietan argitaratu da».

Lankidetzarena izan da aipaturiko beste gai bat, eta kontatu dute nazioarteko lankidetzaz landutako euskal argitalpenak 2011 urtean %40 zirela, eta 2022an %55 izatera igo direla. «Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italiarekin, munduko eragile zientifiko nagusiekin lankidetzan dihardugu».

Gehien ikertutako arlo tematikoek berak izaten jarraitzen dute: Medikuntza, Ingeniaritza, Materialen Zientzia, Fisika eta Kimika. Gaineratu dute azken 10 urteetan Gizarte Zientzietan eta Giza Zientzietan «produktibitateak hazkunde nabarmena» izan duela.

Lurraldean egindako inbertsioa

INEk, Espainiako Estatistika Institutuak, argitaratutako azken datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa dira BPGaren portzentaje gisa I+G jardueretan gehien inbertitzen duten lurraldeak Espainia osoan. Azaldu zuten 2022. urtean 1.800 milioi euro inguruko «inbertsio historikora» heldu zela.

Sektoreko ekoizpenari dagokionez, EAEko zientzia-ekoizpen osoaren %65a euskal unibertsitateei dagokie, eta adierazi dute jarraian kokatuta daudela osasun sektorea, BERC eta IKZ zentroak eta zentro teknologikoak.