Nerea Lauzirika
Bilbo

Lozorrotik esnarazteko «mutazio berritzailea» dakar Urtz taldeak ‘Esnatzean’ disko berrian

Urtz talde mitikoak lan berria kaleratu du, ‘Esnatzean’. Bederatzigarren diskoa da eta Sestaoko PoloSur estudioan grabatu dute, hain zuzen ere, Dani Vicente taldekidearen estudioan. «Lozorroan murgildutako testuinguru sozialetik» esnatzea aldarrikatu nahi du taldeak.

Urtz taldea atera berri duten lana esku artean dutela.
Urtz taldea atera berri duten lana esku artean dutela. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

35 urte dira Urtz taldea sortu zutenetik eta hasieratik bereizgarri egin dituen estiloa mantendu dute ‘Esnatzean’ disko berrian. Hala ere, bederatzigarrena izanda, «mutazio berritzailea» ere nabari da, soinu elektronikoetara gerturatzera bidean egin dutena.

Ostiral honetan aurkeztu dute Bilbon lan berria Xabi Camarero, Dani Vicente, Jorge Sánchez eta Ander Hurtado de Saratxo taldekideek. Vicentek Sestaon daukan Polo Sur estudioan grabatu dute diskoa, hots, entseguetarako darabilten espazio berean. Horrek, lana «patxadaz eta lasai» ontzeko aukera eman diela azaldu du Camarerok, baita esperimentatzekoa ere. Horrela, sintetizadorearen eragina nabaritzen da hainbat kantatan.

Camareroren arabera, ‘lifting’ moduko bat egin diote taldeari, bi belaunaldi elkartuta. Batetik, taldearen hiru hamarkadako historia dago, alde batera utzi ez dutena eta abestiak, berriak izanagatik ere, identifikatzen dituena. Bestetik, Vicenteren gaztetasunak berrikuntzak ekarri dituela baieztatu du Camarerok.

Hitzen interpretazioa irekia uzteko ohitura, esaterako, mantendu dute, baina azaldu dute «lozorroan» dagoen jendartea esnatzera bultzatu nahi dutela kantu berriek. Camarerok azaldu duenez, egun informazio ugari jasotzen dugu eta horrekin konformatzea da ohikoena. Joera horren aurrean, informazio horrek guztiak norberari barruan sentiarazten dionari jaramon egiteko gonbita egin nahi du ‘Esnatzean’ disko berriak.

Zazpi kantu dakartza lanak. Camarerok bere anaia Ikerrek sortutako ‘Hegoak’ abestiaren bertsioa nabarmendu du aurkezpenean.

Bira

Aurkezpen bira urtarrilean hasiko dute, Bilborocken, hilaren 27an. Otsailaren 3an, lehendabizikoz Euskal Herritik kanpo joko dute, Madrilgo Moby Dick aretoan. Hilaren 23an Donostiako Dokan arituko dira eta Iruñeako Sala 2 Zentralen martxoaren 15ean.

Apirilaren 13an Zuberoako Hoki herrian izango dira eta hilaren 20an Baionako Le Magnetó agertokian aurkeztuko dute disko berria. Momentuz konfirmatu duten azken emanaldia Gasteizkoa izango da, Urban Rock Concept aretoan maiatzaren 3an emango dutena. Hala ere, azaldu dute badaukatela kontzertu gehiago eskaintzeko asmoa.