NAIZ

‘Azken heriotza’ birarekin agurtuko ditu oholtzak Anestesiak

Pandemia, osasun arazo eta uzteen artean, Anestesiak bertan behera utzi behar izan zuen ‘Fenix’ bira laburra. Taldea suspertuta, ‘Azken heriotza’ bost kontzertuko bira berriarekin agurtuko da taldea 2024. urtean.

Anestesia taldearen argazkia.
Anestesia taldearen argazkia. (ANESTESIA)

«2019. urtean garai beltz bat hasi zen Anestesiarentzat. Osasun arazoek gure ibilbidea etetera behartu gintuzten. Pandemia tartean ere, burua altxatu ezinik ibili gara azken 4-5 urteotan». Gisa horretan ekiten dio Anestesiak ostiral honetan hedabideetara bidali duen oharra.

Bertan, ‘Fenix’ kontzertu bira laburra egiten «behin eta berriz» ahalegindu diren arren, osasun arazoek eta Beloki bateria-jotzaileak taldea uzteko erabakia hartu izanak bira behin betiko etetera behartu zituela ekarri dute gogora.

«Gertaera hauek guztiek taldearen ibilbidea amaitzera behartzen gintuztela ematen zuen. Ordea, taldea horrela desegiteak oso aho zapore txarrarekin uzten gintuen, eta beste saiakera bat egitea pentsatu genuen. Behintzat azken ‘Fenix’ kontzertu bira labur hartan egin ezinik utzi genituen kontzertuak berriro egiteko», nabarmendu dute.

Ekinaren ekinez, taldea osatzeko bateria jotzaile berriaren bila tematu ziren, «jakinik Beloki ordezkatzea OSO zaila zela», eta azkenean etxean bertan topatu dute kide berria: «Zarautzen bertan topatu dugu danborrak gogor astinduko dituen piztia. Albixu handia da, Folk Core, Humilitate, eta Burux Lee taldeetan ibilitakoa», azaldu dute. «Bera gurekin dela, eta taldea entsegu lokalean behar den indarrarekin ikusita, egin gabe utzi genituen bost kontzertu horiek egitea erabaki dugu», iragarri dute.

Indarberrituta, ‘Fenix’ birari izena aldatu eta izen bereko abestiaren azken bi hitzak erabilita izendatu dute bira berria: ‘Azken heriotza’, «ez genuelako horrela amaitu nahi 35 urteko ibilbide eder hau».

Zaleek hurrengo urtera arte itxaron beharko dute Anestesia oholtza gainean agurtzeko. Lehen kontzertua Biarritzeko Atabalen eskainiko dute apirilaren 6an, eta atzetik etorriko dira Donostia (apirilak 13, Doka), Atarrabia (maiatzak 11, Totem) eta Bilboko (maiatzak 25, Kafe Antzokia) kontzertuak, bira Gasteizen (ekainak 8, Jimmy Jazz) ixteko.

«Beraz, 2024. urtean kontzertu hauek egitea erabaki dugu. Zuek hor topatzea espero dugu, milesker aldez aurretik eta laster arte!», amaitu dute oharra.