Beñat Aizpurua

Cuba, bidearen gorazarrea

Bidaia bizikleta gainean eginda, jende asko ezagutzen duzu.
Bidaia bizikleta gainean eginda, jende asko ezagutzen duzu. (Beñat Aizpurua)

“Airea ez da debalde”. Honela du izena eskuartean dudan Sarrionandiaren Habanako gaukariak. Habana, ordea, lurreratzerako utzi behar izan dut eta Santiagora eramango nauen autobusera igo. Hemezortzi ordu izan dira, aire freskoak girotutako hemezortzi ordu. Santiagora iritsi eta ohartu naiz, airea ez d debalde, ez gutxienez eguzkiak sortzen duen berotik ihes egin nahi baduzu.

Santiago uhartearen ekialdean dago; kopeta altxatuz gero Jamaika ere ikus daiteke bertatik. Herrialdeko bigarren hiririk populatuena da, askorentzat garrantzitsuena, hemen hasi baitzen iraultza. Hirurogeita hamar urte beteko dira hilaren 26an Fidel buru zela Batistaren gobernuaren aurka Moncada kuartel nagusia hartzen saiatu zirenetik. Ez zuten helburua lortu, hamarnaka torturatu, hildako eta beste asko espetxeratu eta epaitu baitzituzten. Hala ere, mugarri izan zen eta 1959ko Urte Berri egunean iraultzaren garaipenaren berri Moncadatik metro gutxira dagoen udaletxeko balkoitik eman zuen Castro jeneralak. Ez zen  gaurko berorik izango, ziur. Horrelako beroarekin ez baitago ezer iraultzerik. Nik, badaezpada ere, guajiro kapela erosi dut bidean babes nazan, bihar jarriko bainaiz bizikletarekin Habanarako bidean.

Goizeko 6:30 dira, gosalduta eta prest nago, jada. Lehen eguzki izpiekin batera egin dut aurrera Santiagoko iraultzaren plazaraino. Camilo Cienfuegosen horma-irudi erraldoia dut parean, “Aquí no se rinde nadie”, dio.

Nik ere horretarako oraindik goiz dela pentsatu dut eta lehenbailehen ekin diot bideari. Autopistan egin dut aurrera, errepide zabal eta igoera leunean. Jende gehiena kontrako norantzan topatu dut, lanera seguraski. Motoak, autoak, sidekarrak, zaldiak, gurdiak, guaguak, oinezkoak eta, noski, bizikletak. Bizikleta da errepide eta errepide ertzean nagusi. Bekain mugimendu leunez agurtzen dute pedalei eragiten doazenek, ezpainen txistu soinu baxua brisa beroak urtzen du eta nekez entzuten da. Auto zein moto bozina hotsa, ordea, bai, aurreratzera doazela ohar nadin jotzen dute eta segurtasun tarte zabala utziz igarotzen dira aldamenetik.

Bide inguruak zuhaitz, zuhaixka eta landarez beterik daude eta goizean goiz sortaldetik irteten den eguzkiak gora egin ahala harrapatzen nau. Hamarrak ingururako hasten da benetako beroa eta tenperaturak sortzen duen izerditan blai egiten ditut ondorengo kilometroak. Eskerrak bide ertzean nonahi dudan mango zuku gozoz eta freskagarriz asetzeko aukera.

Bayamo

Santiago de Cubako probintzia igaro eta Granma probintzian sartu naiz. Granmak ematen dio Sierra Maestra eta Guacanayabo golkoaren arteko lurraldeari izena. Ez hori bakarrik; Granma, gobernuaren egunkaria ere bada eta peso baten truke eskura daiteke. Izen berbera zuen itsasontzian abiatu ziren Mexikotik Sierra Maestrara Batistak zuzendutako gobernu militarra kanporatzeko asmoz laurogei gerrillari inguru 1956an eta, hilabete luzeetako borrokaren ondorioz, lortu zuten garaipena. Honexegatik da Granma hain esanahi handiko izena kubatar askorentzat.

Bayamon emango dut bizikleta gainean hasi naizenetik lehen gaua, bart Ernesto eta Daniaren etxean, gaur Esmeraldarenean. Hiri nagusietara iritsi eta lo-leku bila hasten naiz inguruan topatzen ditudanei galdetuz. Etxea identifikatu, atea jo eta segituan agertzen dira atarira. Urdin koloreko ikur bat izaten dute kanpoan eta hamabost bat euroren truke pasa daiteke gaua bertan.

Las tunas

Bayamotik Las Tunas Probintziara jarraitu dut inongo bihurgunerik gabeko zuzen gunean. Bideak eskaintzen duen monotonia hau aldameneko azukre kanabera soro zabalek eta arto zein arroz landare sailek bakarrik hausten dute, baina hala ere, paisaia ez da oso aldakorra.

Egarria ere gaurko bidea bezalakoa da, etengabekoa, eta bide bazterrean topatu dudan lehen fruta postuan geratu naiz. Badirudi ez dutela edateko urik; mangoa bai, ordea, eta bi erosi ditut. Buruan daramadan kapela kubatarra kendu aurretik ohartu dira ez naizela bertakoa eta barrura gonbidatu naute. Aitak, amak, bi alabek eta bilobak egin didate harrera.

Premiazkoa nuen urak ez, baina eskaini didaten esne beroak guztiz ase nau. Egurrez eraikitako etxetxoan bizi dira eta hiruzpalau oilo, pare bat txakur eta katu ere badituzte haien lursailean. Inguruan mango zuhaitzak, kafe landareak eta beste zenbait fruitu arbola dituzte. Biloba, ni bezala, udako oporretan dago eta atsegin handiz erakutsi dizkit denak. Zuhaitz batzuk lehenengo begi kolpean identifikatzen ditut, baina beste asko erabat arrotzak egiten zaizkit oraindik.

Camaguey

Gaua Las Tunas hirian igaro eta goizeko sei eta erdiak ematerako jarri naiz martxan. Hiriko argien laguntzaz egin ditut lehen kilometroak eguzkia gibeletik ateratzen hasi den arte. Hiri irteeran uste baino auto gehiago topatu dut, baita txirrindulariren bat edo beste ere, eta horietako baten gurpilean jarri naiz.

Katiuska zuri handi batzuk daramatza oinetan eta eskulekuan pisuzko oihal poltsa. Orain arte ikusi ditudan bizikletek bezalaxe, honek ere pinoi finkoa du. Haren atzean babestu eta tarteka erreleboka aritu gara. Goizeko lauretan irten da bere amaginarrebaren etxetik eta Guaiamora doa; emaztea beranduxeago aterako da, karroan. Berak, ordea, autoa baino erakargarriagoa du bizikleta eta pedal kolpe arinez egin ohi du etxerako bidea.

Goiz iritsi gara Guaiamora; berak etxerako bidea hartu du eta ni autobus geltokiko itzalpean pausatu naiz. Goizeko 08:30ak dira, eta dagoeneko eguzkiak gogor jotzen du. Aldamenean dudan izozki makina ordu laurden barru jarriko dute martxan. Marrubi zaporeko izozkia hartu dut; aurrena bat eta, gero, bigarrena. Izozkiari begira hurbildu zait sei urteko Gretel. Prezioa galdetu eta bat eskaini diot. Amonari, ordea, ez zaio egokia iruditu, oraindik oso goiz da eta. Eman diodan gozokia gustura ahoratu eta nire gaztelera doinuarekin harrituta honela galdetu dit:
–¿Por qué hablas así?
–Porque no soy de aquí, soy vasco y los vascos hablamos así.
–Yo me sé todos los países y ese no lo conozco.
Nik ere agian hobe nuen hautatzea munduko hiritar izatea. Irribarre txiki bat eragin eta amonaren eskutik oratuta igo da autobusera.

Ostarte, laino eta haize bolada artean egin dut aurrera, baina ohiko bero sapa lagun iritsi naiz probintziari ere izena ematen dion Camaguey hirira. Hiri handia da eta kanpoaldean topatu dudan lehen etxean geratu naiz. Gardenia da jabea eta 80 urte ditu. Nire logela ikusi eta jatekoaren bila abiatu naiz.

Inguruan estatuaren jabetzakoa den jatetxe bat aurkitu dut, baina edatekoa bakarrik eskaini didate. Azken urteetako barne aldaketek eta kanpotik ezarritako mugek jatetxe hauen gutxitzea ekarri du eta askotan zaila egiten da hauek jatekoa emateko hornidura nahikoz topatzea. Jatetxe partikular batean afaldu eta Gardeniarenera abiatu naiz. Etxe atarian bi besaulki ditu prest eta bertan eseri gara pareko espaloitik pasatzen dabiltzanak behatzen. Emeki-emeki zerua iluntzen hasi eta oherako bidea hartu dut.

Ciego de Avila

Goiz hasten dira egunak uharte heze honetan. Normalean, zenbait fruta jan eta kafe azkar batekin ematen diot hasiera oraindik ilunpean egon ohi den egunari. Lehen eguzki izpiak atera orduko jartzen naiz martxan. Gaur, ordea, bizikleta gainean jartzerako ohartu naiz aurreko gurpilean zulatua dudala. Kamera aldatu eta bideari ekin diot.

Bidea ederra da, baina honen inguruan biltzen den jendeak ematen dio zentzua nire pedalkada bakoitzari eta edozein aitzakia bilatzen dut bide bazterrean geratzeko. Gehienetan, egarria izaten dut arrazoi nagusi; bestetan, bide onetik noan galdetzen dut, zenbat kilometro falta zaizkidan edota beste edozer topatzen dut berriketari ekiteko. Oraingoan pare bat argazki ateratzera gelditu naiz eta errepidearen beste aldeko etxe ataritik emakume bat hasi zait deika.

Hurbildu eta bere alaba eta bilobarekin aritu gara berriketan; senarra pareko etxera joan da dominoan jokatzera. Alabaren jomuga, beste zenbait gazterena bezalaxe, Miamira joatea da, honek bikotea bertan baitu, eta, dioenez, uhartea egun ez da bere beharrak asetzeko gai.

Etxea kanpo zein barne erakutsi didate, txukun eta garbia. Kanpoan ur edangarri eta gardena ateratzeko putzua dute. Anana zukua eskaini eta edateari ekin diodanean, trumoi hotsa aditu da urrunean. Egonaldia eskertu eta azkar batean ekin diot bizikletari.

Hirurak alderako iritsi naiz Ciego de Avilara. Lo-lekua topatu eta bertan babestu orduko hasi da erauntsia. Euriak giroa freskatuko duen esperantzarekin hartu dut kanpotik datorren zaparrada hotsa, baina euri burrunba hau bezain iheskorra da freskura latitude hauetan eta konturatzerako hau ere uxatu du beroak.

Sancti Spiritus

Oraindik begiak bilduta ditudala kolpatu dit atea Alfredo ugazabak. Sandia, mangoa, mango zukua eta kafea prest ditu jada. Sabela bete eta aitzina egin dut azukre kanabera artean; auto eta motoak ezkerretik igarotzen zaizkit eta zaldi-gurdiek eskuin erreil ertzetik egiten dute aurrera.

Jatibonico herria erdigunetik zeharkatzen ari naizela erakusleiho handi bateko liburu pilek eman didate arreta; eleberri bat erosi eta nire bidean jarraitu dut. Eguerdirako, esku batekin izozkia helduz iritsi naiz Sancti Spiritus hirira. Casa Azul izeneko etxea topatu dut. Eskailera estu batzuetatik bizikleta igo eta goiko solairuko logelara bidali nau Olmeida Echemendia Echemendiak. Bertatik kolonia garaiko zenbait eraikin eder eta hainbat kanpandorre ditut begi-bistan. Iluntzean atariko plazatxoko eserleku batean eseri naiz joan-etorrian dabilen mugikor konexioari so.

Trinidad

Segurua, lasaia eta garbia da Kuba, bizikletaren gainean zeharkatzeko primerakoa. Errepide zabal eta apenas trafikorik gabeek igarotzen dute herrialdea ekialdetik mendebaldera. Carretera Central izenez ezagutzen den errepidea da bide nagusia eta nik ere hau hartu dut ardatz. Tarteka, bertatik aldendu eta kostaldeko bideetara egiten dut eskapo. Hauek paisaia aldakor eta gorabeheratsuagoak dituzte eta ohartu gabe egiten dut aurrera.

Bide bazterren txukuntasunak harriturik, zenbait langilerekin geratu naiz berriketan. Belarra mozten ari dira matxetearen laguntzaz. Gerria makurtu eta etengabeko eskuin-ezker mugimenduz mozten dute dena altuera berberean utziz. Ez dira soldatapeko langileak, boluntarioak baizik, eta uztailaren 26rako dena erabat garbi utzi nahi dute, Moncada kuartela hartzen saiatu zireneko 70. urteurrena ospatzen baita.

Hainbat egun bizikletatik jaitsi gabe eman ostean, Trinidaden deskantsua hartu dut; musika kubatarra, garagardoa eta ur garden eta epeleko ametsetako hondartza. Hiri erdialdean, azkar batean atzematen diren lehen turistak ikusi ditut, baita zenbait souvenir denda ere. Hondartzako kresal brisarengatik egin dut hautua; Ancón du izena hareatza honek eta birritan zeharkatu dut.

Ez dut ia nirea bezalako azal zuririk topatu, gehienak bertakoak dira edota ni baina denbora gehiago daramate eguzkipean. Hirurogeita hamar urte inguruko bikote batekin elkartu naiz ur ertzean. Habanan bizi dira eta oporretan daude Trinidaden. Pare bat garagardo elkarbanatu eta Juanajay espetxean lan egiten zuenekoa kontatu dit emakumeak: «Conocí a dos chicos de la ETA, estaban fugados pero debían tener la protección del gobierno. Fundaron una fábrica de botas para dar mano de obra a los internos. Eran gente muy noble». Hitz hauek barnean gorde eta nire hemerotekan bildu ditut.

Cienfuegos

Deskantsuak ematen duen lasaitasuna ondo datorkio gorputz eta buruari, baina bideak sortzen didan plazera bezalakorik ez dago. Kostaldeko bidetik jarraitu dut. Aita-seme bati anoncillo fruitua erosi eta errepidea gurutzatzen dabiltzan karramarroei iskin eginez iritsi naiz Jagua badia ertzera.

Cienfuegos hiri handi eta dotorea da, erdigune eder eta etorbide zabalez osatua. Bainujantzia soinean jarri eta Punta Gordaraino egin dut ibilaldia. Musika bozgorailuetatik ozen entzuten da eta gazte zein heldu topatu dut ur barne eta ertzean; batzuk rona eskuetan eta besteak anoncilloak ahoan. Ni ere goizean erositakoak bukatu eta uretara sartu naiz ilunabarraren zain.

Playa Girón

Maite dut aurrez erabakita nuenari muzin egin eta bideari erabakitzen uztea. Santa Clara oso ederra omen da, baina patuak kostaldetik jarraitzeko erabakia hartzera eraman nau. Herrialde guztia lelo eta irudi politikoz josirik dago, iraultzaren eta sozialismoaren aldekoak dira denak. Batzuetan, Martí ikus daiteke; besteetan, Che Guevara edota Cienfuegos.

Fidelen irudiak, bere hil aurreko nahiari men eginez, apenas agertzen dira, bere hitzak aldiz bai. Hauek noiznahi irakurriz eman dut orain arteko bidea eta Playa Gironera hurbildu ahala, hauek areagotu egin dira. Herrira sartu aurreko karteletako batek honela dio: «Aquí se libró un decisivo combate para la victoria».

Ondo bazkaldu eta hondartzara abiatu naiz. Ez da 1961eko girorik, ezta CIAkoen arrastorik ere, baina bainujantziren batean Amerikako Estatu Batuetako bandera topatu dut erdi ezkutuan.

Giroa bestelakoa da, baina orduan bezalaxe gaur ere badutela zer ospatu dirudi. Musika eta rona dira nagusi eta hondartzak eskaintzen duen albo bateko lasaitasunera egin dut ihes. Kolore alaiez margoturiko arrantza txalupetako batean geratu naiz itsasoaren handitasunari begira. Pauso lotsatiz hamahiru urteko Ermedias hurbildu eta urrutian datorren ontzitxoari begiratzeko esan dit. Geldo, baina hondarreratu dira eta oraindik azken hatsa emateke dagoen orratz itxurako akula arraina atera dute.

Ermediasek itsas-biologo izan nahi du eta itsasoko zenbait sekretu kontatu dizkit. Haur jator eta bizia da, jakinmin handikoa. Aldamenean dagoen hiru metro karratuko lau pareten artean emango du gaua aitarekin; hondartzako txalupak zaintzeaz arduratzen da 24 orduko txandak eginez.

Patuak Ermedias jarri du nire bidean eta bidaia hasi aurretik hartutako erabakia gauzatzera eraman nau. Gurasoen etxeko garajean amaraunez betetzen ari zen bizikleta emango diot, baina, horretarako, lehenengo, Habanara iritsi behar dut.

Varadero

Kostaldetik egin dut aurrera Playa Largaraino eta bertan hartu dut iparralderantz. Bazkal ordurako iritsi naiz Carlos Rojas herrira, baina ez dut lo leku aproposik topatu eta Varaderoraino jarraitu behar izan dut. Kostata, baina ilundu aurretik iritsi naiz hiri turistiko honetara. Kilometro askoko jardunaldia izan da uhartea kostalde batetik bestera zeharkatuz eta hurrengo eguna bertako hondartza luzeetan eman dut. Atsedena eta irakurketa.

Matanzas

Hamaikak inguruan iritsi naiz Yumurí, San Juan eta Camímar ibaien bokalera. Hemen kokatzen da Matanzas, izen bereko badiaren ertzean. Edonon ikusten diren kartelek gogorarazten duten bezalaxe, gaur da uztailaren 26a. Aurtengo ekitaldi nagusiak Santiagon izango dira eta kalean ez da ezer berezirik sumatzen. Granma egunkaria erosi eta La Vigia kafetegiko kafe gozoarekin batera irakurri dut. Kanpoan sekulako erauntsia bota eta atertu duenean biharko gauzak prestatu eta lotara joan naiz.

Habana

Egunsentiak oparitu didan zeru gorri dotorearekin batera agurtu dut Matanzas hiria. Kosta ertzeko errepide gorabeheratsu ederra dut aurretik. Eskuinean, itsasoa bare. Santa Clara herria zeharkatu eta zenbait txirrindularirekin batera egin dut Habanako badiarainoko bidea. Guagua geltokian agurtu ditut.

Kostaldetik ezin da bizikleta gainean hirira sartu eta badia ur azpiko tuneletik igaro dut autobusean. Handia bezain higatua topatu dut hiriburua; eraikin zoragarriz beterik dago. Batzuek urrez zipriztindurik dirudite, besteak hiriaren gainbeheraren isla dira, kostata mantentzen dira zutik.

Auto artean egin dut Iraultzaren plazaraino militarrek bizikletatik jaisteko agindua eman didaten arte. Che Guevararen irudia dut aurrean, “Hasta la victoria siempre” hizki xehez lagundua. Pare bat argazki atera eta hiri erdigunera egin dut gaua pasatzeko leku bila. Biharamunean, hiriko zirrikitu ezberdinak arakatu eta Ermediasi Playa Gironera doan gugua batean bizikleta bidali diot. Ordu gutxira jaso du bizikleta eta nik pozarren bere mezua.

Orain bai; bizikletak badu jabe berria eta amaitutzat eman dezaket nire bidea. Santiago eta Habana bizikletaz lotu ditudan bi puntu geografiko soil besterik ez dira izan, bi hauen artean bizitakoa daramat nirekin. Eskerrak bideari!