NAIZ
Gasteiz

EDA Drinks & Wine Campusen egoitza Lakua auzoko lursail publiko batean kokatuko da

Basque Culinary Centerrek Gasteizen bultzaturiko edarien munduari buruzko EDA Drinks & Wine Campusa garatzen jarraitzen du. Euskaltzaindia plazan kokatuko da, autobus-geltokiaren ondoan, udal-titulartasuneko lursail batean eta 4.000 m2 inguruko eraikin berri batean. Lehen ikasleak, 2026an.

Autobus-geltokiaren ondoko lursail honetan kokatuko da campus berria.
Autobus-geltokiaren ondoko lursail honetan kokatuko da campus berria. (BCC)

EDA Drinks & Wine Campuseko egoitzan, «edarien unibertsoari buruzko prestakuntza, ikerketa, berrikunza eta ekintzailetza garatuko dira, Guardiako egoitzan landuko denaren osagarri gisa, zeina ardoaren munduan zentratuko baita», argitu du Basque Culinary Centerrek. Hauxe Basque Culinary Centerrek garatu eta gidatutako proiektua baita, Lakua eta Arabako Foru Aldundiak sustatua.

Ostiral honetan iragarri denez, Lakua auzoan kokatuko da Gasteizko egoitza, autobus-geltokiaren ondoan (Eusko Jaurlaritza parean) dagoen 8.610 metro karratuko lursail batean. Udal-titulartasuneko lursail bat da, beste lurralde batzuekin eta hiriko beste auzo batzuekin ongi konektatua eta sarbide errazekoa. «Alderdi horri dagokionez, EDAren ikuspegi lurralde-egituratzailea indartzen du. Laburbilduz, aukera-ugaritasuna eta kokapena dira lursailaren alderdi nabarmenenak», bidalitako oharraren arabera.

Laster, nazioarteko arkitektura-lehiaketa baterako deia egingo da, Gasteizko eta Guardiako egoitzen proiektuaz arduratuko den arkitektura-estudioa hautatzeko.

Proiektuaren garapena: jarduera 2024an hasiko da

Gasteizko EDA Drinks & Wine Campusaren egoitzak, 4.000 m2 inguruko eraikin batekin, «edarien unibertsoaren ikuspegia garatuko du, sektorea nazioarteko proiekzio batetik indartuz, unibertsitate-prestakuntzaren, ikerketaren, berrikuntzaren eta ekintzailetza babestearen bitartez. Bikaintasunean oinarrituta talentua eraldatzearen ikuspegitik sektorea zabaltzeko beharra asetzera dator EDA Drinks & Wine Campus», diote bultzatzaileek.

Hala, EDAren konpromisoa da «berrikuntza, ekintzailetza eta jasangarritasuna bultzatzea» ardoaren eta edarien balio-katean. Modu horretan, teknika efizienteagoak garatuko dira, eta sektorearen erronketara egokituko diren jardunbide jasangarriagoak aplikatuko dira.

Aurreikuspenen arabera, EDAk 2026ko irailean jasoko ditu lehenengo ikasleak, baina jarduera 2024an hasiko da (ikastaro espezializatuak, lantegiak eta prestakuntza espezifikoak).

«EDA Drinks & Wine Campusek edarien sektorea eraldatzen lagunduko du. Hala, nazioarteko berrikuntzaren erreferente bihurtuko da; enpresei eta erakundeei negozioak, produktuak eta zerbitzuak kalitate, jasangarritasun eta osasun printzipioen arabera eta ikuspegi lokal eta globalarekin diseinatzean osagai bereizgarri bat emango die; eta garapen ekonomiko eta soziala sortuko du», dio BCCek.

Edarien unibertsoa aukeraz beteriko mundua da, eta, beraz, oso presente egon da BCCren prestakuntzan, bai unibertsitate-graduan, maila guztietako irakasgaien bidez, bai sommeliergintzako, enomarketingeko edo koktelgintzako ezagutzak ikasleei transferitzen dizkieten era askotako jarduera eta ekimenetan, besteak beste master eta ikastaroetan.

2013az geroztik, Basque Culinary Centerrek Sommelierrean eta Enomarketingean Masterra du, eta koktelgintzan, bartenderrean edo ardoaren turismoan espezializatzeko hainbat ikastaro ditu. Horien gutzien diseinuaren xedea da, batetik, edarien sektoreko 360º-etan trebatzea eta, bestetik, enologia eta dastaketaren, sommeliergintzaren, uztarketen, koktelgintzaren, garagardogintzaren eta konbutxen arloko hizkuntza teknikoa eta ardoaren eta beste edari batzuen marketinarekin, sustapenarekin, banaketarekin eta esportazioarekin lotutako guztia ikasteko.

Gainera, BCC Innovationek hainbat proiektu eta ekimen garatzen ditu sektorearekin lotutako analisi sentsorialaren eremutik.