Inoizko tenperaturarik altuena izan dute ozeanoek 2023an, bosgarren urtez jarraian, nazioarteko ikerketa batek baieztatu duenez. Berotegi-efektuko gasen emisioak etengo balira ere, joera hori mende osoan zehar mantenduko dela aurreikusten dute adituek.
Aurreko urteko datuekin alderatuta, itsasoaren azaleraren munduko batez besteko tenperaturak 0,23 gradu zentigraduko igoera izan zuen 2023. urtean.
‘Advances in Atmospheric Sciences’ aldizkari zientifikoan argitaratu dutenez, ozeanoen 2.000 metro azalekoenek 2022an baino bero handiagoa xurgatu zuten. Txinako, AEBetako, Zeelanda Berriko, frantziar Estatuko eta Italiako 17 ikerketa institututako zientzialariek osatutako taldeak adierazi duenez, ozeanoek pilatutako beroa «2.300 milioi igerileku olinpiko irakitea»-ren parekoa da.
Ikerketak ozeanoetako uraren gazitasuna ere kalkulatu du, gazitasun handiko eremuetan gatz kantitate proportzionala handitu egin dela ohartuta. Aitzitik, gazitasun txikiko eremuetan kontrakoa gertatu da: «Gazia gaziago bihurtzen da, eta gozoa, berriz, gozoago».
Cheng Lijing ikerketaren zuzendari eta Txinako Zientzien Akademiako Fisika Atmosferikoaren Institutuko ikertzaileak adierazi duenez, ozeanoaren berotzea «funtsezko adierazlea» da klima-aldaketa kuantifikatzeko.
«Lurreko klima zein azkar aldatzen den kontrolatzen dute ozeanoek. Zer gertatu den edo planetari zer gertatuko zaion jakiteko, ozeanoetan aurki daitezke erantzunak», esan du adituak, Xinhua agentziak jasotako adierazpenetan.
Ikerketak ohartarazten du, halaber, ozeanoen tenperatura altuak «itsasoko uraren oxigenoa eta karbono dioxidoa xurgatzeko ahalmena murriztuko» duela, eta horrek «ondorio larriak» izango dituela itsasoan, landareetan eta animalietan.