Hamarnaka gazte bildu ditu Ernaik ostegun arratsalde honetan Iruñean, Osasunbidearen eraikinaren parean, arreta psikologikorako dauden baliabide eskasak irudikatzeko. Ilara luze baten bidez, itxaron zerrenden arazoa ere mahai gainean jarri nahi izan dute.
«Lehen aldiz suizidioan pentsatu duten gazteen portzentaia suizidioan pentsatu ez dutenena baino handiagoa da. Gainera, %50ak baino gehiagok osasuna mentalari lotutako arazoak dauzkagu. %30ak baino gehiago ez dugu arreta psikologikorik jaso ez dugulako horretarako baliabide ekonomikorik», adierazi du Ane Alavak, Ernaiko bozeramaileak, diagnostikoa eginez.
Eman dituzten datuen arabera, gazteen %48,9ak pentsatu du suizidioan, %59,3ak ditu edo izan ditu osasun mentalari lotutako arazoak eta %37,8ak ez du laguntza psikologikorik eskatu, ezin duelako ordaindu. Izan ere, sistema pribatuan kontsula baten batez besteko prezioa 60 eurokoa da.
Gaia agendara covid-19aren pandemiak ekarri zuela nabarmendu dute, baina argi utzi nahi izan dute «ez dela pandemiaren testuinguruan emandako problematika koiuntural hutsa».
Alavak argi utzi du gazte erakundearen analisia: «Gazteak arriskuan gaude». Horregatik EAE zein Nafarroako gobernuak interpelatu dituzte. «Arazoaren errora jo behar dute eta ez soilik arreta psikologikoa handitu. Hori ere beharrezkoa da, baina gazteon bizitzak orokorrean duindu behar dira: emantzipaziorako eskubidea, espektatibak irudikatzeko aukera izan behar dugu, ikasteko, lan duina...»
Hori dela-eta, gaurko ekimenarekin dinamika berri bati hasiera eman nahi diotela baieztatu dute, osasun mentala landuz. «Arazo guzti horiek jorratu eta horiek aldatzeko proposamen bat mahaigaineratzeko asmoa daukagu».