NAIZ

Adimen artifizialarekin egiten duen lana Europako Parlamentuan aurkeztu du Elhuyarrek

Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitzan agerraldia egin du Elhuyarrek ‘Orai’ adimen artifizialeko zentroan egiten duen lana aurkezteko, Gutxiengoen Batzordean. Besteak beste, ‘Elia’ iztultzaile automatikoaz, ‘Aditu’ hizketa-ezagutzaileaz eta TTS hizketa-sintesiko zerbitzuaz aritu dira.

Elhuyarrek hizkuntza-teknologiekin eta adimen artifizialarekin Europako Parlamentuan aurkeztu du.
Elhuyarrek hizkuntza-teknologiekin eta adimen artifizialarekin Europako Parlamentuan aurkeztu du. (Elhuyar)

Elhuyar Europako Parlamentuan izan da, Estrasburgon, Orai adimen artifizialeko langunean egiten duena azaltzeko. Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusia eta Igor Leturia Azkarate Oraiko hizketa-teknologien arduraduna izan dira Gutxiengoen Batzordean, François Alfonsi Berdeak-Europako Aliantza Librea alderdiko diputatu korsikarrarekin.

Esaterako, ‘Elia’ itzultzaile automatikoaz, ‘Aditu’ hizketa-ezagutzaileaz eta TTS hizketa-sintesiko zerbitzuaz aritu dira Europako beste hizkuntza gutxiagotu batzuen ordezkariekin bilduta.

Ohar batean gogorarazi dutenez, 20 urte baino gehiagoko ibilbidea egina du Elhuyarrek alor hauetan, eta «aspalditik ohartuta daude horrek guztiak gure hizkuntzaren garapenerako duen garrantziaz».

Digitalizazioaren alde, honakoa adierazi du Jon Abril Olaetxeak: «Gizarte digital batean bizi gara, eta eremu digitalean sendo ez den hizkuntza baten etorkizuna oso larria izango da. Hizkuntzen biziberritze-prozesuetan digitalizazioa oso aintzat hartu beharreko elementua da. Horretaz ere ohartuta daude Europako hizkuntza handienak, frantsesa, gaztelania edota alemana kasu, ingelesaren mehatxuak euren hizkuntzei funtzionalitate eta erabiltzaile ugari galtzea ekar baitezakete. Are nabarmenagoa da mehatxu hori hizkuntza gutxiagotuentzat».

Interneta, beste gizarte-eredu bat eraikitzeko

Mundu globalizatu honetan, kulturak eta hizkuntzak homogeneizatzeko joera gero eta handiagoa denean, euskararen antzeko mailan dauden hizkuntzak Interneten aktiboki agertzeak beste gizarte-eredu bat eraikitzen laguntzen duela azpimarratu du Abrilek, «askotarikoagoa eta pertsonentzat pentsatua».

Ildo horretan, Abrilek aldarrikatu duenez, «euskarak gure sakelako telefonoetan egon behar du, baliagarri izan behar zaigu telefonoarekin eta bestelako edozein gailurekin idatziz zein ahoz komunikatzeko».

Beste hau erantsi du: «Merkatuan dauden plataforma digital, telebistako eskaintza, Interneteko eduki eta lantokietako edo auto autonomoetako edozein esparrutan hizkuntza gutxituetan aritzeko eskubidea bermatu behar da. Eta teknologia horiek garatzeko laguntzak behar dituzte hizkuntza gutxiagotuek. Batetik, gure teknologia propioak garatzeko, multinazional handien logiketatik kanpo aritzeko, baina baita gure eduki eta erreferentzia kultural eta linguistiko propioen arabera aritu ahal izateko ere».

Neurri horiek lege-arlokoak eta ekonomikoak izan behar dutela gaineratu du Abrilek. Bide beretik, azken hilabeteotan Europako instituzioetan euskararen, katalanaren eta galegoaren ofizialtasuna ezbaian dagoen honetan, «ofizialtasun hori berebizikoa dela» adierazi du Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak.

Leturiak, berriz, hizkuntza- eta hizketa-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten den lanaren inguruan hitz egin du, eta azpimarratu du «euskara beste hizkuntza gutxiagotu asko baino egoera hobean dagoela, badirelako bi hamarkada baino gehiago ikerketari eta garapenari ekin zionetik, hizkuntza ardatz hartuta. Unibertsitateak, ikerketa zentroak, enpresak, teknologia zentroak... hizkuntza-teknologien eremuan ari gara lanean aspaldidanik».

Edozein estrategia digitaletan hizkuntza erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu du. Bestalde, hizkuntza gutxiagotuetako eragileen arteko lankidetza beharra nabarmendu du.