«Diskoak erostea bada musikarion lana babesteko modu bat»

Erlea jarri diote Miren Zeberio eta Enrike Solinisek sortu duten zigiluari. Ez da ausaz aukeratutako izena, erleen eta musikaren artean antzekotasun handiak ikusten dituztelako. Biak dira ezinbestekoak munduak funtzionatu dezan, eta biak daude arriskuan, ez ditugulako behar adina zaintzen.

Enrike Solinis eta Miren Zeberio, Erlea argitaletxearen sortzaileak.
Enrike Solinis eta Miren Zeberio, Erlea argitaletxearen sortzaileak. (ERLEA ARGITALETXEA)

«Euskelelea» da Erlea argitaletxearekin argitaratu duzuen lehen lana. ‘Euskelelea’ bada musika tresna bat, bada diskoa, baita liburua ere, baina batez ere urte askotako ahaleginaren gorpuzte bat da.

Enrike SOLINIS: Mirentxu eta biok betidanik izan dugu halako zerbait egiteko gogoa.

Miren ZEBERIO: Lehen aldiz 2019ko abenduan egin genuen bertsio txiki bat, gure umeen ikastolarako, Tolosako Laskurain, beraz badira lau urte forma ematen hasi ginenetik.

Hiru gorputz desberdinetan gorpuztu duzue: musika tresna, liburua eta diskoa. Nondik dator proiektuaren hazia?

E.S.: Bragan (Portugal) kontzertu bat eman nuen eta hango musikologo batek esan zidan nola joan ziren bizkaitarrak bertako katedrala eraikitzera eta nola eraman zuten beraiekin lau sokazko instrumentu txiki bat. Han geratu zen instrumentua, Bragako jendeak bereganatu eta bertako izena jarri zioten, ‘braguinha’, han oso ezaguna dena; talde askok erabiltzen dute. Braga kostan dagoenez, marinelek Cabo Verdera, Brasila, Indonesiara… munduko hainbat lekutara eraman zuten eta, nahiz eta forma mantendu, bertako izenak hartu ditu: cavaquinho… Joan den mendean, AEBetaik Hawaiira salto egin zuen, eta ‘ukekele’ izena eman zioten, salto egiten duen arkakuso baten izena. Pentsatu genuen Euskal Herrira ekarri eta bertako izena ematea, ‘euskelelea’.

Joan etorriko historia duen instrumendua da hortaz.

M.Z.: Hala dirudi, baina garai hartan gitarra estiloko instrumentu txikiak arruntak ziren penintsula guztian, eta ziur asko beste leku askotan ere bai, instrumentuak erraz zabaltzen baitira. Beraz, ez dakit nonbaitekoak diren edo ez. Adibidez alboka, %100ean hemengoa dela uste dugun arren, arabiarrek ekarri zuten hona. Instrumentuek eta musikak ez dauzkate horrenbeste muga, jendearekin batera mugitzen dira eta batzuetan izena eta besteetan jotzen den musika aldatzen zaie. Azkenean, leku guztietakoak dira.

«Alboka %100 hemengoa dela uste dugun arren, arabiarrek ekarri zuten. Instrumentuek ez dauzkate horrenbeste muga, jendearekin mugitzen dira»

Eta instrumentua gorpuzteko eman duzue luthier batengana, eta eskuragarri daude.

M.Z.: Bai, lehen instrumentua Enrikerentzat egin zuen eta emanaldietan jotzen du. Gasteizen bizi den luthier bat ari da berriak sortzen.

Eta ze soinu du euskeleleak? Zer du berezi?

E.S.: Formak ematen dio berezitasuna eta soinu aldetik zorrotzagoa da, ukelele normal batekin alderatuz gozoagoa, akordeak nahasi egiten dira eta soinu bateratuagoa du.

Ze egur erabili duzue?

E.S.: Modelo guztiak ezberdinak dira, badaude pagoarekin eginak, platanoarekin, pinua, izeia… Batzuek pertsonalizatzeko eskatzen digute eta Irene Irureta ari da zeregin horretan. Guk propsatzen duguna da instrumendu on bat, eskuz egina eta berezia.

Hasieran aipatu duzu, haurrak izan dituzuela buruan proiektu honi heltzerakoan.

M.Z.: Guk hiru ume ditugu eta, normalean repertorio a priori serioagoak egiten baditugu ere, bageneukan gogoa familiei zuzendutako zerbait egitekoa. Guk beti antzinako instrumentuak erabiltzen ditugu, instrumentu herrikoiekin (txirula, ttunttuna, alboka…) nahasita. Jendeak askotan musika klasikoa eta antzinako musika nahasi egiten ditu, iruditzen zaie ez dutela ulertuko edo ez zaiela gustatuko, eta azkenean musika herrikoiarekin lotura handia duen musika da, entzunerraza. Baina aldi berean badu kolore ezberdin bat, akustikoagoa.

«Egun ez gaude horren ohituta instrumentuak anplifikaziorik gabe entzutera; instrumentuak bertatik bertara entzun ahal izatea eskertu egiten da»

Durangoko Azokan Sanguganbaran izan ginen, familiengandik oso gertu jotzen. Gaur egun ez gaude horren ohituta instrumentuak zuzenean, anplifikaziorik gabe entzuten, eta gertutasun hori, instrumentuak diren bezala eta bertatik bertara entzun ahal izatea, polita da familientzat, eskertu egiten dute.

E.S.: Burura datorkit Jonan  Ordorika, hau bere etxean grabatua baitago Araitz bailarako haurrekin, tartean gure haurrak eta bizilagunenak. Jonanen etxean egin genuen, berak egindako lana beti izan da eskuzabala, ez zigun kobratu nahi. Ahotsen aldetik ez dago perfekzio teoriko bat, baina bai perfekzio humano bat, eta orain, entzutean, niri hori gogorarazten dit.

Aparteko bidelagunak izan dituzue proiektuan: Irrimarra, Juan Kruz Igerabide…

M.Z.: Juan Kruz gertukoa dugu, bere alaba ere musikaria da eta lehen emanaldietan berak egin zuen kontalari lana. Abestiak eta letrak lotzen joan ginen, musikari forma ematen badakigulako baina hitzena ez da gure terrenoa, eta Juan Kruzek, denok dakigun bezala, oso esku ona du. Bere ikutua eman dio, ez dakit bera baino hoberik topatuko genukeen.

E.S.: Aipatu digute Madrilen ere, familia batzuk ari direla entzuten ‘Euskelelea’, bidali dizkigute bideoak haurrak euskaraz abesten eta eskatu digute erdaraz egiteko. Baita katalanez ere. Hau erdaraz egitea oso zaila da. Eta, Juan Kruz Igerabide bezalako norbait topatzea hau erderaz egingo duena, musikalitate horrekin… oso konplikatua da. Hor Juan Kruzen balioa.

Ahotsak ere aipatzeko modukoak dira.

M.Z.: Bai, hor ditugu Lore Zeberio Larraza (nire iloba), Leire Berasaluze, Maika Etxekopar, Mixel Etxekopar… Lorek oso ondo abestu izan du txikitatik baina berarekin lan egitea berria izan da, eta besteekin lanean urteak daramatzagu eta hori nabaritu egiten da.

Euskelelea izendatu duten musika instrumentua. (ERLEA ARGITALETXEA)

Erlea argitaletxea sortu duzue lan hau argitaratzeko.

E.S.: Orain arte Jordi Savallen Alia Vox zigiluan argitaratu dugu batez ere (mundu mailan leku askotara joateko aukera eman digu horrek), baina zerbait pertsonalagoa egin nahi genuen. Mirentxuri bururatu zitzaion Erlea izena: erleak desagertzen ari dira eta oso garrantzitsuak dira guretzat, eta horrela gertatzen da musikarekin ere. Horregatik jarri genion Erlea. Mirentxu eta ni gara Erlea, dena eskuz egiten dugu, guk eramaten ditugu lanak lekuz leku.

Egun disko salmentaz hitz egiteak ez du zentzurik, baina diskorik ez ateratzea…

M.Z.: Denok entzuten dugu musika plataformetan, baina badago jendea disko fisikoa nahi duena. Plataformek alde onak eta txarrak dituzte, eta musikariontzat batez eere txarrak, plataformek jasotzen duten dirutik ez dugulako ezer ikusten. Diskoa erostea bada musikarion lana babesteko modu bat.

E.S.: Lan honek behar zuen euskarri fisikoa, ilustrazioak ditu, ipuin bat da… jendeak ez du ipuinik nahi PDFn. Gauza bera gertatzen da ‘‘Subh’’ proiektuarekin. Uste dut kasu batzuetan euskarriak inportanteak direla.

‘Subh’ proiektua ere lan puska da.

E.S.: Arana Martijaren ‘Musika vasca’ liburu mitikoan mila gauza azaltzen dira, eta pasarte batean mintzo da Kalam izeneko neska bati buruz, Al Andalusen bizi zen esklabu bat, euskal jatorrikoa. Al Andalus, garai hartako inperio handienetakoa, gobernatzera iritsi zen. Bera musikaria zen, eta Granada eta Sevillako katedradun batzuekin harremanetan jarrita berari buruzko testuak bildu eta testuinguruan jarri genituen. Hori da proiektuaren muina. Euskal Herriak izan duen pertsonaia inportanteenetakoa da.

«Kalam Al Andalusen bizi zen esklabu bat izan zen, euskal jatorrikoa. Emakume hau garai hartako inperio handienetakoa gobernatzera iritsi zen»

Eta nola liteke guk haren berri ez izatea?

M.Z.: XI. mendeko kontuak dira, eta orohar Al Andalusi buruz ez dakigu gauza handirik. Gure burua eta Euskal Herria Al Andalusekin lotzea ere kosta egiten zaigu. Hiru belaunaldi izan ziren, kalifek emazteak euskaldunak zituztenak. Emakumea zen gainera, gizona izan balitz zerbait gehiago jakingo genuen agian…

E.S.: Garai hartan emakumeen izenak ez ziren aipatzen idatzietan, baina berea aipatu egiten da. Esanguratsua da.

Eta nola iritsi zen gatibu izatetik Al Andalus gobernatzera?

M.Z.: Ba kalifa berataz maitemindu zen, ederra eta azkarra izango zen, goi mailako arteak (musika, errezitatzea…) zekizkien... eta bere semeak izan ziren oinordekoak.

E.S.: Lehena hil egin zen, eta bigarrenak 11 urte zituela hil zen kalifa. Tarte horretan, Kalamek bere sarea sortu zuen eta bere lagunen artean zegoen Almanzor [andalustar militar eta politikaria, Kordobako kaliferriaren buruzagia eta Hisham II.aren hayib edo lehen ministro izan zen]. Almanzorrek zuen ejerzitoaren ardura eta, kalifa hil zenean, Kalamek lortu zuen 11 urteko semeak gobernatu beharrean berak gobernatzea; dena kontrolatzen zuen, ejerzitoa izan ezik. Guk proiekturako bildutako testuetan agertzen da hori guztia.